Knorr-Bremsek Iruñeko planta handituko du, eta 142 enplegu sortu

Trengintzako osagaien enpresak 50 milioi euroko inbertsioa egingo du fabrikan, egun dituen 213 beharginen lantaldea egonkortuta

Mikel Irujo Knorr-Bremseko arduradunekin, atzo, Iruñeko plantan. NAFARROAKO GOBERNUA.
xabier martin
2021eko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Knorr-Brense enpresak Iruñeko bere lantegia zabaltzeko duen proiektua foru interesekoa izendatu zuen Nafarroako Gobernuak maiatzaren 26an, eta babes horretan gobernuak beste urrats bat egin zuen atzo, Mikel Irujo Ekonomiako Garapeneko kontseilariak fabrikara egindako bisitarekin. Nafarroan 50 milioi euroko inbertsioa egin nahi du gobernuak, eta 142 enplegu berri sortuko lituzkeen proiektua egia bihurtu; bidez batez, gaur egun Iruñeko lantegian diharduten 213 beharginen lanpostuak egonkortzea du asmo.

«Enpresak hazkunde handia izan du azken hamarkadan, baita azken urtean bizi dugun egoera zailarekin ere. Enpresaren aurreikuspenen arabera, hazkunde horrek jarraitu egingo du», esan zuen Irujok, Knorr-Bremsen. Enpresa egitekoa den inbertsioa ez da lantegia handitzeko besterik gabe, Irujok berak azaldu zuenez. «Ikerketaren eta garapenaren inguruko ezagutza guztia Nafarroan kokatzeko modua emango luke inbertsioak. Horrek Nafarroa osorako eragin traktorea izango lukeela sinetsita nago», erantsi zuen.

Manchester eta Chicago

Alemaniako multinazionala merkatuko liderretako bat da trengintzaren galga sistemen azpisektorean. Hiru fabrika nagusi ditu ekoizpenari dagokionez: Manchesterren (Erresuma Batua), Chicagon (AEB) eta Iruñean. Nafarroan, galga organikoen etamarruskadurarako osagai sinterizatuen diseinua eta ekoizpena egiten du. Bere produktuak Renferen, Euskotrenen eta FEVEren trenbideetan ezarri dituzte, esaterako. Bilbo, Madril eta Sevillako metroetan ere erabiltzen dituzte Iruñean ekoitzitako piezak. Dena den, Nafarroako fabrikaren ekoizpenaren gehiengoa nazioartean saltzen du enpresak.

Trengintzan aritzen den Nafarroako beste enpresa handi bat Trenasa da, Castejongoa, baina CAF beasaindarraren adarra ixteko mehatxupean dago iazko abendutik. Trenasa batik bat autobus elektrikoaren negoziorako erabiltzen du CAFek, eta Poloniako Solaris erosi ondoren lan kargarik gabe geratu dela esplikatu du enpresa gipuzkoarrak. Castejongo plantari eusteko Renferen eskaera berriak nahi ditu CAFek, baina, oraingoz, ez dira iritsi Espainiako konpainiaren kontratuak Trenasa salbatzeko, eta lantaldeak protestak egin ditu azken asteetan. Itxiera arrisku handia dago; ez alferrik, denbora aurrera egiten ari baita soluziorik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.