Etxe Zuriaren iritziz, erriflearen erakundearen jarrera «lotsagarria» da

Erriflearen Erakunde Nazionala urteroko biltzarra egiten ari da. Demokratek suzko armen erabilerari buruzko itun bat bultzatu nahi dute Senatuan

Pertsona bat, herenegun, Uvalden, hildakoak omentzeko gunean. TANNEN MAURY / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Ameriketako Estatu Batuetako ikastetxe batean 21 hildako eragin zituen tiroketa bat gertatu eta hiru egunera hasi zuen NRA AEBetako Erriflearen Erakunde Nazionalak urteroko biltzarra, atzo, Houstonen (Texas); hain zuzen, estatu horretako herri batean, Uvalden, hil zituen 18 urteko gazte batek hemeretzi adingabe eta bi irakasle, joan den asteartean. Eta horren guztiaren harira, AEBetako Gobernuak erakundeari leporatu dio arma industriaren interesak ordezkatzea. «Ez ditu ordezkatzen armak eduki arren neurriak hartu behar ditugula uste dutenak», nabarmendu zuen herenegun Karine Jean-Pierre Etxe Zuriko bozeramaileak, agerraldi batean. Joe Biden AEBetako presidentea bihar da Uvaldera joatekoa.

Bozeramaileak adierazi zuen erriflearen erakundearen eta «haren aliatuen» jarrera «lotsagarria» dela, argudiatuta trabak jarri dituztela «bizitzak salbatu» eta armak komunitateetan «izua» pizten dutenengandik urrunduko dituzten neurriak sustatzeko orduan. NRAk ohar bat plazaratu du Uvaldeko gertakarien ondoren: «Houstonen gertakari horiez hausnartuko dugu, biktimen alde otoitz egingo dugu, gure abertzaleei aitortza egingo diegu, eta konpromisoa hartuko dugu ahalegin handiagoa egiteko gure eskolak toki seguruak izan daitezen».

Bihar arte iraungo du biltzarrak, eta horretara joatekoa da, esaterako, Donald Trump 2017 eta 2021 bitartean AEBetako presidentea izandakoa. Greg Abbott Texasko gobernadorea ere biltzarrean hitz egitekoa zen, baina atzo ohar baten bidez jakinarazi zuen ez duela parte hartuko. NRAren webgunearen arabera, erakundeak bost milioi kide ditu. Milaka lagunek protesta egin zuten atzo biltzarraren aurka, Houstonen.

Alderdi Demokratak suzko armen kontrolari buruzko bozketa bat egin nahi du ekainean AEBetako Senatuan. Hori jakinarazi zuen herenegun Chuck Schumer demokraten goi ganberako buruak. Horrekin lotutako bi ekinbide jada onartu dituzte Ordezkarien Ganberan, baina, Schumerren esanetan, oraindik ez dute eman horiek Senatura eramateko pausoa, aurretik akordio bat negoziatu nahi baitute errepublikanoekin. Schumerrek adierazi zuen «oso eszeptikoa» dela horren inguruan, baina baduela itxaropena bi aldeek adostasun bat lortzeko, eta, modu horretan, «egiazki murrizteko AEBetako indarkeria armatua».

Kritikak Poliziari

Eta astearteko tiroketarekin berarekin lotuta, Texas Hegoaldeko Polizia Departamentuak herenegun ziurtatu zuen erasotzaileari inork ez ziola aurre egin Robb eskolara sartu behar zuenean. «Argitaratu da segurtasuneko agente batek susmagarriari aurre egin ziola sartzen ari zen bitartean. Baina ez da egia», azaldu zuen departamentuko buru Victor Escalonek, herenegun, agerraldi batean. Poliziari kritikak egin dizkiote, leporatuta beranduegi erreakzionatu zuela.

Bada, Texasko Polizia Departamentuko zuzendari Steven McCrawk atzo aitortu zuen «erabaki okerra» izan zela eskolara lehenago ez sartzea, eta orduan ikastetxean zegoen polizia arduradun nagusiari egotzi zion errua. «Gurasoei zer esan behar diet?». Negar zotinka amaitu zuen hedabideen eta hildako senideen aurrean egindako agerraldian, Uvalden.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.