Errusiak laugarrenez segidan eraso die Ukrainako nekazaritza erreserbei

Astearteaz geroztik hainbat bonbardaketa egin dituzte Odesan. Putin Lukaxenkorekin bilduko da bihar, altxamenduaren ondoren lehen aldiz

Odesa eskualdeko nekazaritza enpresa bat, Errusiaren erasoaren ondoren. EFE.
Urko Iridoy Alzelai
2023ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Zerealen ituna bertan behera utzi zuenetik, Errusiak Ukrainako nekazaritza erreserbak bonbardatzen dihardu. Lau egunez jarraian misilak eta droneak jaurti ditu Errusiako armadak Odesako portuan. Ostegun gaueko erasoa izan zen handiena; horretan, 70 misil baino gehiago eta ia 100 drone bota zituzten, eta gutxienez bi lagun hil ziren. 60.000 tona zereal baino gehiago suntsitu zituen, gainera, Errusiak eraso horretan, Odesako portuan gordeak zeudenak. Erasoak gauean egin dira, atzokoa izan ezik, egunean zehar izan baita.

Moskuk esan du Odesa eta beste portuetan egindako bonbardaketak astelehenean Krimeako zubian egindako atentatuaren aurkako erantzunak izan direla. Portuez gain, nekazaritza azpiegiturak ere Errusiako armadaren helburu bihurtu dira. Herenegun gaueko eraso batean 100 tona ilar eta beste hogei tona garagar suntsitu zituzten, Odesa hegoaldeko nekazaritza enpresa bati egindako erasoan.

Errusiak asteazkenean adierazi zuen helburu militartzat joko duela Ukrainako portuetara hurbiltzen den edozein itsasontzi. Ukrainak, berriz, erabaki bera hartu zuen herenegun. Itsasontzi horiek arma kargamentuak eduki ditzaketela izan da bi herrialdeek emandako justifikazioa.

Errusiako Defentsa Ministerioak argi utzi du Itsaso Beltzeko ipar-mendebaldea eta hego-ekialdea eremu «arriskutsuak» direla Ukrainara hurbiltzen diren itsasontzientzat: «Itu moduan antzemandako itsasontzien jatorrizko herrialdeak, hau da, bertan duten bandera ordezkatzen dutenak, gatazkako parte bihurtuko dira».

Ukrainaren nekazaritza lehengaiak suntsitzeaz gain, Errusiak2025. urtera arte luzatu du hainbat lehengai esportatu eta inportatzeko debekua. Ukrainako gerra hasi eta bi astera ezarri zuen debeku hori Errusiako Gobernuak. Aurtengo abenduan amaituko zen epea, baina Moskuk debekua 2025eko abenduaren 31ra luzatu du. Neurri horrekin Kremlinen asmoa da herrialdean geratzea medikuntza, nekazaritza, telekomunikazioetako ekipamenduak eta halako beharrezko materialak.

Harremanak eguneratzen

Igandean bilduko dira Aleksandr Lukaxenko Bielorrusiako presidentea eta haren Errusiako homologoa, Vladimir Putin. Wagner talde paramilitarraren altxamendutik lehenengo bilkura izango da hura. «Bi herrialdeen arteko harremanak eguneratzeko» bilkura dela adierazi du Errusiako Gobernuak. Wagner taldea Bielorrusian dago gaur egun, eta, hori dela eta, Poloniak eta Ukrainak herrialde horrekiko mugetako defentsak areagotu egin dituzte.

Horrez gainera, Gautengeko Auzitegi Nagusiak Hegoafrikako Fiskaltzaren eskaria onartu du, eta Putin atxilotzeko agindua eman du, baldin eta herrialdean sartzen bada. Errusiako presidenteak esana du ez dela Hegoafrikara joango BRICS taldearen bilerara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.