Irizarrek hilabete gutxi barru merkaturatuko du bere kamioi elektrikoa

Homologazioaren zain du bere lehen prototipoa, FCCrekin garatutakoa. Hiriko lanetarako ez ezik, industriarako ere erabilgarria izango da

Irizar Ie Truck kamioi elektrikoaren lehen prototipoa, Adunako lantegian. IRIZAR.
Iker Aranburu.
2019ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Autobus elektrikoen eskaria osatzeko asmoz, Irizarrek jada badu beste ibilgailu bat prest: Irizar Ie Truck du izena, eta kamioi elektriko bat da. Zaborrak biltzeko, garbiketarako edo hiriko beste zerbitzuetarako ez ezik, industriarako ere erabil daitekeela ziurtatu du Irizarrek, «moldakortasun eta malgutasun» handia duelako.

Irizar Ie Truck joan den astean aurkeztu zuten, Bilbon, hirigintza jasangarriari buruzko SUM kongresuan. Enpresako iturriek BERRIAri baieztatu diotenez, lanean hasi aurretik azken homologazioak jaso behar ditu prototipo bat aurkeztutakoa. Gaur egun beste prototipo bat ere ari dira prestatzen. Espero dute «hilabete gutxi barru» hasi ahal izango direla seriean ekoizten. Enpresa askoren interesa jaso dute dagoeneko, baina ez dute eskaririk baieztatu.

Irizar Ie Truck Adunako lantegian (Gipuzkoa) egiten dute, autobus elektrikoekin batera. Iazko maiatzean inauguratu zuten fabrika hori, eta orduan jada iragarri zuten 2019 hasierarako aurkeztu nahi zutela kamioi elektrikoa.

FCC Espainiako eraikuntza eta zerbitzu enpresa handiarekin batera garatu du ibilgailua Irizarrek. Izan ere, FCCk ematen duen zerbitzuetarako erabil daitekeen kamioia da, hala nola garbiketarako, zaborra biltzeko edo ureztatzeko. «Ez du inolako kutsadura atmosferikorik eta akustikorik sortzen. Ateratzen duen zarata txikia dela eta, gauez lanean aritzeko egokia da, eta zirkulazio handieneko orduetan trafikoa murriztea ahalbidetzen du», nabarmendu du Irizarrek. Baina kooperatibak ez du horretara mugatzea nahi. «Gaur egun existitzen diren karrozeria guztiak instalatzea baimentzen du, ia-ia egokitzapenik egin gabe».

Irizar Ie Truck-ek kooperatiba gipuzkoarrak autobus elektrikoetarako garatutako teknologia propioa erabiltzen du. Harenak dira trakzioa, energia biltzeko sistemak, kontrol elektronikoa, ibilgailua kargatzeko azpiegiturak... «Zerbitzu osoa emateko onena da guk geuk dena egitea, hornitzaileen menpe egon gabe», azaldu zuen Jose Manuel Orcasitas Irizarreko zuzendariak, iazko maiatzean Adunako lantegia aurkeztu zutenean. Fabrikak dituen 18.000 metro koadroetatik 3.000 gorde dituzte kamioiak egiteko.

Kabina hirian ibiltzeko diseinatu dute, eta igotzeko eskailera maila bakarra du gidariari eta laguntzaileei segurtasuna emateko. «Igotzeko altuera txikiena duen merkatuko ibilgailua da», azaldu du Irizarrek. Lau lagunentzako lekua du.

Bilbon aurkeztu zuen modeloa zortzi metro luze zen, eta hemezortzi tona garraiatzeko gaitasuna zuen. Badu beste berezitasun bat: hirian modu elektrikoan ibiliko da, baina autonomia handitzeko aukera ematen duen erreketa motor bat ere badauka, gas naturalarekin funtzionatzen duena. Bertsio guztiz elektrikoak ere prestatzen ari da Irizar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.