Iggy Pop, Steve Coleman eta Louis Cole izango dira Donostiako 57. Jazzaldian

2022ko uztailaren 21etik 25era egingo dute jaialdia. Antolatzaileek Kursaaleko eta Trinitate plazako programazioak zehaztu dituzte

Iggy Pop, 2019an Madrilen antolatutako Mad Cool jaialdian. KIKO HUESCA / EFE.
mikel lizarralde
Donostia
2021eko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Iggy Pop abeslari estatubatuarrak Donostiako Jazzaldiaren 2022ko ekitaldian parte hartuko du. Hain zuzen ere, The Stooges taldeko abeslari izan zenak uztailaren 23an jardungo du Kursaaleko auditoriumean. Antolatzaileek atzo eman zuten Kursaaleko eta Trinitate plazako emanaldien berri.

XX. mendeko rock musikaren ikonorik handienetakoa da James Newell Osterberg Jr. (Michigan, AEB, 1947) 1960ko hamarkadaren amaieran Detroiteko musika eszenan nabarmentzen hasi zenetik. The Iguanas taldearekin egin zen ezagun, baina, batik bat, The Stooges taldearekin 1969 eta 1973 bitartean grabatu zituen hiru diskoek (The Stooges, 1969; Fun House, 1970; eta Raw Power, 1973) bihurtu zuten rock-and-roll indartsu, gitarrazale eta energiaz beterikoaren ordezkari nagusietakoa. MC5 taldearekin batera, The Stoogesek Detroit hiriko rock-and-rolla definitu zuen, I Wanna Be Your Dog, 1969, No Fun eta Gimme Danger kantuekin, besteak beste.

The Stoogesen lehen garai hura bukatu zenean —2007an itzuli zen The Weirdness diskoarekin—, Iggy Popek bakarkako bideari ekin zion, David Bowie lagunaren babesarekin. Hain zuzen ere, Ziggy Stardust-en egileak ekoitzi zituen haren lehenengo bi diskoak, The Idiot eta Lust for Life, biak 1977koak.

Bakarkako hemezortzi disko grabatu ditu Iggy Popek orain arte, eta kantu ezagun ugari egin ditu: The Passenger, Lust for Life, China Girl, Candy... Azkeneko urteotan, bi disko argitaratu ditu: Post pop Depression (2016), Queens of The Stone Age taldeko Josh Hommerekin grabatutakoa, eta Free (2019), rocketik aldetzen den eta jazz soinuak bere egiten dituen lan bat.

Aurretik iragarrita zegoen bezala, Kursaaleko programazioa Calexico taldeak irekiko du, uztailaren 21ean, eta, hurrengo egunetan, Gregory Porter kantaria 22an, Yann Tiersen pianista 24an eta Herbie Hancock pianista 25ean igoko dira oholtza horretara. Kontzertu guztiak 18:30ean hasiko dira.

Trinitatean,jazza

Kursaaleko programazioan jazz musika entzungo bada ere, Donostiako Jazzaldiaren gunerik enblematikoenean izango du leku nabarmena: Trinitate plazan. Aurten ere, iaz bezala, eserleku zenbakidunak izango dituzte bertaratzen direnek, eta, guztira, lau emanaldi bikoitz izango dira, guztiak 21:00etan hasita.

Uztailaren 22an, Musikene Summer Big Band, goi mailako musika ikastegiko ikasle eta ikasle ohiek osatutako taldea, zuzenduko du Miho Hazamak , eta, haren ondotik, Hiromi pianista japoniar ospetsua ariko da hari laukote batek lagunduta.

Trinitate plazako bigarren jardunaldian, jazzari lotuta egon arren arras ezberdinak diren bi artista igoko dira oholtzara. Lehendabizi, Steve Coleman saxo jotzailea, jazz garaikidearen izenik handienetako bat, eta, ondoren, Louis Cole, jatorriz bateria jolea izanda ere gaur egun teklatuak jo eta abesten duen musikari polifazetikoa.

Amina Claudine Myers pianistak 1950eko hamarkadako gospel musika omenduko du uztailaren 24an, eta, segidan, Kurt Elling kantariak Super Blue bere proiektua aurkeztuko du, Charlie Hunter gitarrista lagun duela.

Azkeneko egunean, Lakecia Benjamin saxo jotzaileak John eta Alice Coltranek idatzitako musika gogora ekarriko du, eta, jaialdiari amaiera emateko, Diana Krall pianista eta kantari kanadarra igoko da Trinitate plazako agertokira. 1997an izan zen aurreneko aldiz Donostiako Jazzaldian, eta, orduz geroztik, jaialdiko ohiko parte hartzaile bihurtu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.