Gasteiz eta Polonia ez daude horren urrun

Dorota Krajewskak eta Adam Zawiszewskik «kasualitatez» izan zuten euskararen berri: ikasi egin zuten, eta euren bizitzetan txertatu; egun, irakasle eta ikertzaileak dira EHUn. Gero eta euskara gehiago entzuten dutela diote.

Kerman Garralda Zubimendi.
Gasteiz
2018ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Euskal Herriko Unibertsitatea munduari zabalik dago. Hango eta hemengo ikasleak prestatzen ditu, eta Euskal Herriko zein atzerriko irakasleak daude. Gasteizko campusean, esaterako, hiru irakasle poloniar daude. Horietako bik, gainera, euskararekin egiten dute lan. Dorota Krajewska eta Adam Zawiszewski dira, eta Irakasle Eskolan eta Letren Fakultatean dira irakasle: horrez gain, Monumenta Linguae Vasconum eta Gogo Elebiduna ikerketa taldeetan jarduten dute.

«Kasualitate multzo baten ondorioz iritsi naiz hona. Unibertsitatean izan nuen lehendabizikoz euskararen berri, eta gero barnetegi batera etorri nintzen, Erasmus programarekin ere bai, masterra bertan egin nuen...», azaldu du Krajewskak. 2010. urtetik bizi da Gasteizen. Lehenago heldu zen Euskal Herrira Zawiszewski, 2001. urtean, baina bere bidea ere antzekoa izan da: «Unibertsitatean euskara irakasle bat ezagutu nuen, eta hark animatu ninduen ikastera».

Esan du bizitzak buelta asko ematen dituenez bertan amaitu duela. Halere, ikasle garaitik argi zuen hizkuntzalaria izan nahi zuela, frantses filologian graduatu nahi baitzuen. Nahi eta egin. Krajewska, aldiz, geroago jabetu zen hizkuntzak ikasi eta aztertzeko trebetasuna zuela. «Eskolan derrigorrezkoa zen alemana ikastea, eta ez nuen gustuko. Uste nuen ez nuela balio. Are gehiago, unibertsitatean nire hirugarren aukera zen hizkuntzalaritza. Aurretik filosofia eta zientzia kognitiboak ikasi nituen», azaldu du. Ibilianibilian, bost hizkuntza ikasi ditu; Zawiszewskik, zortzi.

«Gogotsu hartuz gero, euskara ez da hizkuntza zaila ikasteko, baina egia da besteetatik desberdina dela», azpimarratu du Krajewskak. Bat dator Zawiszewski:uste du jatorriaren arabera hizkuntzek antzekotasunak izateak erraztu egiten duela ikasteprozesua: «Edozein hizkuntza ikasterakoan oso garrantzitsua da praktikatzea: hizkuntza bat erabiliz ikasten da». «Ingelesa erabiltzeko ohitura handirik ez dudanez, laneko hiztegi teknikoa besterik ez dut kontrolatzen. Euskararekin ere gertatzen zait: askotan nahasten ditut aditz laguntzaileak», gaineratu du Krajewskak. Akatsak egiteko beldurra eta hitz egiteko lotsa kendu behar direla uste du. «Ikasle batzuek esan ohi didate gaztelaniaz erraztasun handiagoa dutela adierazteko. Praktikatuz gainditzen dira muga horiek».

«Ia-ia ama hizkuntza»

Krajewskak ingurura begiratzeko esango lieke Euskal Herrian bizi eta euskaraz ez dakiten horiei, baina ulertzen du lan zaila dela jendearen hizkuntza ohiturak aldatzea. «Jendea behartzea ez da produktiboa. Norberak egin beharreko bidea da. Hizkuntza baten egoerak hobera egiten du bakoitzak hizkuntza hori erabiltzea erabakitzen duenean. Gainerakook erabaki hori erraztu egin dezakegu, adibidez, ikasteko tresna gehiago jarrita eskura. Ikerketak ere balio du horretarako». Hau erantsi du Zawiszewskik: «Bertan bizi nahi baduzu, argi dago hizkuntza biak jakitea komeni dela: gaztelania hutsean bizi daiteke, noski, baina, ondo bizi nahi baduzu, euskaraz jakin behar da derrigor».

Alde horretatik, Euskal Herrian bizi direnetik euskarak aurrerapen handia izan duela sumatu dute. «Euskara gehiago entzuten da orain kalean», baieztatu du Zawiszewskik. «Egunero komunikatzeko erabiltzen dudan tresna da. Kalean, lanean, etxean, lagunekin... Iaia nire ama hizkuntza dela esan dezaket». Unibertsitatea ere euskaldundu dela diote, korridoreetan gero eta gehiago entzuten delako; lantaldeetan ere, atzerriko ikasleekin izan ezik, euskaraz jarduten dute. «Irakasle Eskolan gaztelaniazko talde bat dut, baina arratsaldeetan jator joaten dira euskaltegira, euskara ikasi eta trebatzera», nabarmendu du Krajewskak.

Ez soilik euskara; Euskal Herria ere asko aldatu dela diote. «Mundua etengabeko aldaketan dago, eta Euskal Herria ez da salbuespena», azaldu du Zawiszewskik. «Erraza da bertan bizitzea, baina Poloniarekin alderatuta ez dago desberdintasun handirik», gaineratu du. Harremana badute oraindik ere Poloniarekin, eta tarteka bisitatzen dute, nahiz eta, txantxetan, Krajewskak esan ahaztua duela hango bizimodua: «Klimaren eraginagatik edo, gizarte ohitura desberdinak ditugu, baina desberdintasunak oso txikiak dira. Urtero joaten naiz Poloniara, eta, urtetik urtera, aldaketa txikiagoa dela iruditzen zait».

Euskara hobeto ikusten dute, baina ez, aldiz, ikerketa. «Aldatu ez dena ikerlartzaileen egoera da. Garai txarrak dira, eta, nik behintzat, ez dut besterik ezagutu», esan du, zorrotz, Krajewskak. Zawiszewski ere bat dator ikerltzaileen lan baldintza kaskarrez esan duenarekin. «Oso garai txarrak dira: diru gutxi dago, eta, dagoena banatzeko, interesatu asko. Tarta txikia denean eta aho asko daudenean, denak gosez». Ikertzaile izateko jendea egon badago, haien esanetan, baina lan baldintzak «kaskarrak» dira. «Murrizketengatik aurrekontu txikiak ditugunez, ez dugu zer eskaini ikertzaile izan nahi duenari». Ikertzaile izateko beken eskaera hazten ari da urtez urte. «Horrek lehiakortasuna areagotu du. Hein batean, ona da, baina deialdiak atzeratzen ari dira, diru gutxiago iristen da ikerketa sailetara, eta, ondorioz, ikasle gutxiago kontrata ditzakegu... Azkenean, hori zailtasuna da», ohartarazi du Zawiszewskik.

Ikertzaileen lana aitortzea nahiko lukete. «Herrialde batek ikerketari esker egiten du aurrera. Lan asko egin behar da, eta bizitzako gastuak hor daude», gaineratu du Zawiszewskik. Psikohizkuntza aztertzen du berak; hau da, garunak hizkuntza nola prozesatzen duen. Horretarako, nagusiki, esperimentuak egiten dituzte, eta frogetatik lortutako emaitzekin ondorioak atera. Krajewskak, bestalde, hizkuntzalaritza historikoa jorratzen du. «Ikertzaile guztion nahia da gure ikerketak argitaratzea, baina denbora eskatzen du, eta ez da lan erraza», gaitzetsi du Zawiszewskik. Krajewskak, esaterako, mendeko perpausek izan duten bilakaera aztertu du. Apirilean argitaratu zuen txostena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.