Euskal hiria eta euskal lurraldea

Lurralde desorekak aztertu ditu Gaindegiak: hirigunean ari dira pilatzen biztanleak, jardun ekonomikoa eta zerbitzuak. Euskal Herrirako «iraunkortasun paradigma» eskatu du

Euskal hiria eta euskal lurraldea.
Garikoitz Goikoetxea.
2018ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Desoreka nabarmeneko lurraldea da Euskal Herria: hiriguneetan ari da metatzen jarduna eta jendea, eta landaguneak husten eta ahultzen ari dira. Landa eremuan biztanleak galtzen ari dira, zahartzea handia da, eskas dute enplegua, eta urrun zerbitzuak. «Euskal Herri polizentriko bat eraiki ordez, Euskal Herri monozentriko bat eraikitzeko bidean gaude». Julen Landa Gislaneko ingeniaria mintzo da. Udalerriei buruzko azterketa egin du, Gaindegiaren eskutik. Desoreka handiak ikusi ditu. «Azken 60 urteak aldaketa handikoak izan dira, eta udalerri asko krisi sakonean daude». Norabide hori aldatzeko premiaz ohartarazi du: «Euskal Herria ez da hirigune bat, erregio edo eskualde bat baizik». Lurralde oreka ziurtatu beharra mahai gainean jarri du egindako azterketak. «Iraunkortasun paradigma propioa» eraiki behar dela diote.

Helburu horrekin, Gaindegiak abian du Udalbizi egitasmoa, eta jardunaldi bat egingo du gaur Oñatin (Gipuzkoa), Tokiko iraunkortasunaren eredu propio baterantz izenburupean. Hautetsientzako saioa izango da, eta esperientzia batzuk azalduko dituzte.

Hain justu, hiriburuetako auzoen bizitasunari buruzko azterketa bat aurkeztu zuen Gaindegiak 2016an, Hiri-auzoak egitasmoaren bidez. Denera 111 auzoren azterketa egin zuen: aldagai batzuk zehaztu zituen, eta horien arabera neurtu zuen auzo horien iraunkortasuna. Euskal Herriko udalerri guztietan egin dute orain.

Metropolizazio joera

Datuak aztertzearekin batera, kontzeptu bati heldu diote: eredu ekosistemikoa erabili behar dela. «Adierazi nahi dugu Euskal Herriko auzoek, herriek eta bailarek dituzten arazoak ezin ditugula modu bakanean ulertu, prozesu ezberdinen emaitza direla», azaldu du Landak. Elkarrekin lotuta daude aztertutako aldagaiak, izan ere: biztanleria, enplegua eta zerbitzuak, esate baterako. Eta desoreka nabarmenak islatzen dituzte.

Metropoliziazioa da joera horietako bat: hiriguneetan pilatzen ari da jendea. Bost euskal herritarretik lau bizi dira eremu horietan (%83); Europako batez bestekotik gora, beraz (%73). Landa eremuan euskal herritarren %17 bizi dira. Metropolizazio horrek eragina du biztanleriaren banaketan: biztanleria gero eta handiagoa du Euskal Herriak, baina eremu batzuetan herritarrak galtzen ari dira. Hara: 2008tik 2017ra, 317 udalerrik biztanleria galdu dute —udalerrien %46k—, eta gehien-gehienak, %90, landa eremuan daude.

Herriz herriko mapari erreparatuta, biztanleen galera bereziki nabari da leku batzuetan: Erronkari-Zaraitzun, Zangoza inguruan, Arabako Mendialdean... Eta, aldiz, hiriburuetan eta haien inguruko eskualdeetan nabarmen hazi da biztanleria azken urteetan: Errobi Herri Elkargoan, Donostialdean, Plentzia-Mungia inguruan, Iruñerrian... Desorekak daude, hortaz, eremu batzuetatik besteetara. Eta, are, Gaindegiak ohartarazi du desorekak hiri barnean ere nabarmenagoak direla: adinarekin, jatorriarekin eta maila sozioekonomikoarekin lotutako «segregazioa» igo egin da.

Biztanle kopuruaz harago

Kontua da biztanle kopuruaren joerak bat datozela beste aldagai batzuekin ere. Norabide bat erakusten dute guztiek. Esate baterako, zahartze tasari erreparatzen bazaio, antzeko eskualdeak ageri dira: Erronkari-Zaraitzu, Zuberoa lurralde eremua, Irunberri ingurua, Arabako Mendialdea... Aldiz, zahartze tasa apalenak gorabidean dauden eskualdeek dauzkate: Plentzia-Mungia, Iruñerria, Hazparneko Herri Elkargoa, Urola Kosta... Lotuta daude biztanleen mugimendu horiek eta zahartze tasa: gazteak joan egiten dira landa eremuetatik hiriguneetara, eta horrek dakar biztanle gutxiago eta zaharragoak izatea landaguneetan. «Gero eta adineko pertsona gehiago ditugu gure herrian, eta adinekoen zaintza lanak garrantzi berezia izango du hainbat komunitatetan», ohartarazi du Landak. Alegia, nork egingo dituen zaintza lan horiek, eta nola.

Datua: 214 udalerritan, 65 urte baino gehiagokoak dira biztanleen laurdenak baino gehiago. Euskal Herriko hiru udalerritik batean, horrenbestez. Are, 163 herritan, 80 urtetik gorakoak dira hamar biztanletik bat baino gehiago.

Enpleguarekin lotuta ere ageri da egoera hori. Biztanleria zahartua duten herrietan zaildu egiten da jardun ekonomikoa sortzea, eta enpleguaren joera ere norabide horretan ari da bultzaka: hiriguneetan pilatzen. Batetik, industriaren gainbehera aipatu du Landak: «Krisiak agerian utzi du industriak gero eta indar gutxiago duela lurraldean barna enpleguaren bitartez aberastasuna banatzeko: hainbat bailaratan sektore horri lotuta zegoen enplegua galdu zen, eta ez da berreskuratu». Bestetik, hirugarren sektorearen gorakadari erreparatu dio: «Prekarizazioari bidea irekitzeaz gain, joera du giza kapitala eta kapital soziala hiri handietan eta haien inguruan kontzentratzeko. Gainerako lurralde eremuek beharrezko kapital hori galtzen dute».

Enplegu nahikotasunaren indizea kalkulatuta —16-64 urte bitarteko biztanleriarekin alderatuta, zenbat lanpostu dauden—, badira aldeak. Hiriguneetan eta industriari eutsi dioten eremuetan dute indizerik onena: Debagoienean, Durangaldean, Bortzirietan, Gorbeialdean, Donostialdean, Iruñerrian, Aturri Kostaldea Hirigunean... Enplegu falta nabari da, ordea, industria galdu duten leku askotan: Ezkerraldean, Enkarterrin, Sakanan, Beterri-Buruntzan, Oiartzualdean... Eta landa eremuan ere bai: Zangoza aldean eta Irunberri inguruan, esaterako. Euskal Herriko bost udalerritik bitan, 289 udalerritan, lanpostu kopurua ez da iristen 16-64 urteko biztanleriaren erdira ere; eta 148 udalerritan, ezta %25era ere.

Udalerrien bizitasunaren adierazle dira hirigintza eta azpiegiturak ere. Etxebizitzari dagokionez, aztertu dute udalerri bakoitzean zenbatekoa den etxebizitzen erabilera tasa: zenbat etxe diren ohiko erabilerakoak. Joera berbera: dinamismo handiko eremuetan, erabilera tasa handia dute. Landa eremuan dute apalena: Arabako Ibarrean, Arabako Mendialdean, Erronkari-Zaraitzun, Hego Lapurdin... Kostaldeko udalerri batzuetan ere txikia da etxeen ohiko erabilera; kasu horretan, bigarren etxebizitzekin lotuta dago egoera.

Zerbitzuen eskuragarritasun mailari erreparatuta ere nabari da desoreka: landa eremuko udalerri askotan eskuragarritasuna txikia da, urrun baitaukate errepide sare nagusia. Hirigune nagusien ardatzean daude azpiegitura horiek. «Ibilgailu pribatuarekiko ezinbesteko dependentzia» daukate eremu horietako herritarrek.

Pilaketa ageri da, beraz: hiriguneetan eta haien bueltan ari da biltzen biztanleria eta jardun ekonomikoa. Horren ondorioez ohartarazi du Landak: «Udalerriek osatzen duten sarean gero eta gutxiago dira nodo eraginkorrak, eta gutxi horiek gero eta jendetsuagoak dira. Baliabide gehienak bereganatzen dituzte: inbertsioak, zerbitzuak eta azpiegiturak».

Irtenbideaz galdetuta, Landak ohartarazi du ez dagoela eredu bat: «Tokian-tokian, dauden baliabideak eta gaitasunak jarri behar dira lanean». Ezinbesteko jo du adostasuna. «Problema horiek maila lokalean jorratzeko, adostasun zabalak eta lankidetza eraginkorra lortu beharko dugu. Urteetan eta hamarkadetan eutsi behar zaien proiektuak dira, eta, denonak izan ezean, jai dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.