Albistea entzun

Lehen azterketen arabera, Donostian ospitaleraturiko andreak ez du ebolarik

Eria ondo dagoela eta herritarrentzako arriskurik ez dela esan du Xabier Zubeldia medikuak. Gaitz tropikaletarako protokoloa martxan dute
Donostia ospitalea, artxiboko irudi batean.
Donostia ospitalea, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Edurne Begiristain - Arantxa Iraola -

2023ko ekainak 2 - Donostia

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak atzo jakinarazi duenez, ustez sukar hemorragiko batekin kutsatutako emakume bat artatzen ari dira Donostia ospitalean. Egonkor dago, baina erietxeak abian jarri ditu «segurtasun eta bakartze handiko baliabide bereziak». Donostia ospitaleko Segurtasun Biologiko Handiko Unitatean dago; hara eramaten dituzte eritasun infekzioso larriak dituzten pazienteak. Erietxeko atarian, Xabier Zubeldia medikuak azaldu zuen oraindik ez dutela diagnostikorik: «Zera esan dezakegu: infekzio tropikal bat da. Pazienteari hartutako laginen emaitzen zain gaude». Alarma handia piztu zuen kasuak, baina osagileak esan zuen ez duela «ematen» ebola kasu bat denik.

«Infekzioarengatik, daraman denborarengatik eta egin dizkiogun probengatik, ematen du ez dela ebola kasu bat; Marburg birusaren gaixotasuna ere ez du ematen, edota malaria kasu larri bat. Horiek horrela, lasai gaude, eta gaixoa ere ondo dago». Eritasun larriak dira zerrendatutako horiek, baina zerbait «arinagoa» ere izan daitekeela zehaztu zuen. Emaitzei begiratu beharko zaie, eta pazienteak datozen orduotan duen eboluzioari.

Halakoetarako protokoloa oso sendoa dela nabarmendu zuen Zubeldiak. «Hilero elkartzen gara; anestesista, intentsibista, infektologo eta pediatra taldeak trebatzen gara. Ondo prestatuta gaude». Erietxean, halaber, propio halakoetarako zirkuitu bat prest dutela nabarmendu du. «Esaterako, unitaterako sarbidea zuzenagoa izaten da: larrialdietatik». Hartara, gaitza hedatzeko arriskua txikitzen saiatzen ari dira: «Dena prestatuta dago».

Atzo goizaldean eraman zuten pazientea ospitalera: Urdulizko erietxetik heldu zen Donostiara. Osasun Sailak jakinarazi duenez, Afrika erdialdeko errepublikatik etorri zen duela hilabete, eta, sukar hemorragiko batekin kutsatuta egon daitekeen susmoa dutenez, haren eta hura artatu duten profesionalen bakartzea eta segurtasuna bermatzen ari dira. Osakidetzak 24 orduan baino gutxiagoan abiatu du protokoloa.

Pazienteak gertu izan dituen pertsonen kontrola egite aldera ere, Osakidetzako Osasun Publikoko taldea arduratuko da haiekin harremanetan jartzeaz eta, behar izatekotan, bakartze neurriak ezartzeaz. «Eta gu lasai gaude; ez dago arriskurik herritarrentzat», zehaztu du Zubeldiak.

Garbitzaileak, bueltan

Era berean, Segurtasun Biologiko Handiko Unitatean jarduteko trebakuntza berezia duten garbitzaileek greba etengo dute, eta lanera itzuliko dira, ELAk jakinarazi duenez. Izan ere, sindikatuak atzo ohartarazi zuen Donostia ospitalean ez zegoela halako egoera bati aurre egiteko behar adina garbitzaile prestaturik, eta salatu zuen «hainbat irregulartasun eskaini» zizkietela. ELAko garbitzaileek 95 egun daramatzate greban; LAB, CCOO, UGT eta ESK ere greban daude, beste alde batetik.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Azaroko manifestazioa deitzeko egin duten agerrialdia gaur, Bilbon. / ©Aritz Loiola / FOKU

Azaroaren 4an Bilboko kaleak betetzera deitu du euskalgintzak

Arantxa Iraola - Olatz Silva Rodrigo

Euskararen aurrerabideen kontra egon diren epaien gaineko kezka azaltzeko egingo den manifestazioaren leloa jakinarazi dute gaur, Kontseiluak deitutako agerraldi jendetsu batean: 'Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskaraz bat'

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskola publikoetan grebarako deia egin dute, urriaren 24rako

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskola publikoetan grebarako deia egin dute, urriaren 24rako

Arantxa Iraola

Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek egin dute deia; sektore publikorako urriaren 25erako eta abenduaren 19rako eginda dauden deialdiez gain, beste bat gehitu nahi izan dute propio hezkuntzarako

Gaur goizean egin dute lehenbiziko protesta erizainek, Txagorritxun. ©Maixa Utrera Puelles

Txagorritxuko erizainek protesta egin dute, Osakidetzak larrialdietako ebakuntzetan egingo duen murrizketagatik

Maixa Utrera Puelles

ESK sindikatuak salatu du Osakidetzak «bere kasa» hartu duela erabakia, eta elkarretaratzea egin dute gaur goizean, Txagorritxuko ate nagusian.

Larunbatean Araian bildu ziren osasun publikoaren aldeko plataformetako kideak. ©BERRIA

Azaroaren 11n osasun sistema publikoaren alde egitera deitu dute

Edurne Begiristain

Herri plataformek manifestazioak egingo dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.