Madril hegazkin txartelei eta plastikoei zergak igotzeko plan bat egiten ari da

Espainiako Ogasun Ministerioak kontsulta publiko bat egingo du zergen igoerari buruz. Europak ezarritakoari segitzen ari zaizkio

Maria Jesus Montero ogasun ministroa, artxiboko irudi batean. FERNANDO ALVARADO / EFE.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko otsailaren 29a
00:00
Entzun
Espainiako Ogasun Ministerioa zergak igotzea pentsatzen ari da. Jomugan jarri ditu plastikoa, hegazkin txartelak, hondakinak eta CO2 igorpenak. Plastikoari dagokionez, biodegradagarritasunaren araberakoa izango da, eta erabilera bakarreko plastikoak murriztea izango du helburuEuropako Batasunak horiek debekatuko ditu 2021etik aurrera. Hegazkin txartelen zergaren igoera, berriz, «garraiobide jasangarriagoak bultzatzeko» egin nahi du, hegazkinek berotegi gas ugari igortzen dituztelako. Hondakinen zergari dagokionez, estatu mailako egitura hartu dezake, edo herri mailan ezartzeko marko bat sortu. Azkenik, hidrokarburoei, elektrizitateari eta energiari ere eragingo dio proposamenak, gutxien kutsatzen dutenak lehenetsiz. Erregai fosilei, berriz, diru laguntzak kendu nahi dizkie pixkanaka.

Oraingoz, plan bat baino ez da, eta herritarrei aukera zabaldu nahi die hamabost egunez iruzkinak egiteko. Dokumentuetan, gainera, ez da ageri lege proposamen zehatzik, baizik konpondu nahi diren arazoen informazioa, zergak onartzeko beharra, horien helburuak eta alternatibak.

Maria Jesus Montero buru duen ministerioa pentsatzen ari dena Europako Batzordeak ingurumen zerga sistemaz zehazten duenaren barruan dago. Ziurtatu duenez, beste herrialde batzuetako ereduak ere aztertzen ari da, eta gaiari buruzko ikerketei ere jaramon egin die. Ingurumen zergei pisu handiagoa ematea baliagarria izan daiteke klima larrialdiari aurre egiteko, energia trantsizioa eta ingurumena errespetatzen duten teknologiak bultzatuz.

Hainbat ministeriok trantsizio ekologikokoak, sustapenekoak eta ogasunak parte hartu dute zergak igotzeko proposamen horretan. Ogasun Ministerioaren esanetan, plastiko gutxiago erabiltzea lortuko balitz, hondakinen kudeaketaren gastuak jaitsiko lirateke, eta horrek negozio jasangarriagoak bultzatuko lituzke, eta berrerabil daitezkeen produktuei lehentasuna eman. Proiektuan ez da ageri zenbat diru jasoko duen Espainiako Estatuak, baina ezaguna da ingurumen zergen %82 izaten dela harentzat eta gainerakoa udalentzat eta autonomia erkidegoentzat.

Monterok iragan astean iragarri zuen gisa horretako kontsulta publikoak irekiko zirela ingurugiro zergen inguruan herritarrek dauzkaten iritziak jasotzeko. «Ekiteko garaia iritsi da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.