Albistea entzun

Erretreten kapitulua ixten saiatu, eta batasunerako deia egin du Macronek

Herritarren «haserrea» entzuten duela erran badu ere, berretsi du beharrezkoa zela erreforma. Ehun eguneko epea finkatu du
Emmanuel Macron Frantziako presidentea.
Emmanuel Macron Frantziako presidentea. LEWIS JOLY / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2023ko apirilak 18

Erretreten erreforma gainditu eta ondoko fasera pasatu nahi du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak. Helburu horrekin egin zuen, atzo arratsean, telebistako mintzaldia, azken hilabeteetako mugimendu soziala baretu eta ondoko hilabeteetarako Frantziako Gobernuaren norabidea azaltzeko asmoz. Herritarren «haserrea» entzun duela erran bazuen ere, ez zuen zalantzan eman erretreten erreforma, eta aitzina begirako mezua zabaldu nahi izan zuen. Ordu hartan bertan, ehunka protesta antolatu zituzten Frantziako Estatu guzian zehar, kazolak eskuan presidentearen ahotsari gaina hartzeko.

Parlamentuko bozka saihestu eta indarrez onartua izan ondotik, ostegunean eman zuen erreforma ontzat Frantziako Konstituzio Kontseiluak, eta biharamunerako promulgatu zuen Macronek. Atzoko telebista agerraldian, ezinbesteko neurria zela berretsi zuen: «Pentsioak bermatzeko eta aberastasun handiagoa sortzeko». Presidentearen hitzetan, ez zegoen «beste aukerarik», baina erreformak herritarrei «indar» bat eskatzen badie ere, bere baitan neurri aringarriak ere badirela erran zuen.

Halaber, Macronek aitortu zuen erreforma ez dela «onartua» izan, eta aintzat hartu zuen adierazi den «haserrea»; baina «zatiketen gainetik» aitzina egitea eta «batasunari» eustea aldarrikatu zuen.

Hiru lan sail

Ondoko hilabeteetarako hiru lan sail finkatu ditu Frantziako presidenteak. Lanarena lehenik: langabeziaren aitzinean emaitza onak lortu dituztela erran zuen: «1,7 milioi enplegu sortu ditugu azken sei urteetan». Lizeo profesionalaren erreforma, eta gutxieneko errentan direnak lanera eramateko neurriak ere aipatu zituen.

Patronalarekin bilkura eginen du gaur, gai horiek aipatzeko; sindikatuak ere gomitatu zituen, baina erreforma bertan behera uztea jarri dute baldintza gisa edozein elkarrizketa abiatzeko. Maiatzaren 1ean eginen du ondoko mobilizazioa intersindikalak. Sindikatu batzuek lehenago ere eginen dituzte protestak. «Atea beti irekia izanen da», adierazi zien Macronek sindikatuei atzo arratsean.

Justizia eta ordena demokratikoa ere jarri zituen helburu Frantziako presidenteak: 10.000 agente eta magistratu kontratatuko dituzte, eta berrehun jendarmeria unitate irekitzen ari dira landa eremuetan. Legez kanpoko immigrazioaren kontra segitzeko asmoa ere erakutsi zuen.

Hezkuntza eta osasuna ere aipatu zituen azkenik. «Batasuna» lehenetsi zuen estatuburuak: «Elkarrekin, epidemiari eta krisi bati baino gehiagori aurre egin diegu. Aldi bakoitzean, elkarlana helburu, nazioaren interesak lehenetsita». Bide beretik jo behar dutela erran zuen. «Lege eta burokrazia gutxiago, eta askatasun eta ekintza gehiago», aldarrikatu zuen. Hemendik ehun egunera eginen du, uztailaren 14an, norabide berriaren lehen balorazioa.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

AURPEGIRIK GABEKO UGAZABA

Imanol Magro Eizmendi

Langileen datuekin elikaturiko algoritmoak eta adimen artifiziala bete-betean sartu dira lan harremanetan. Zein langile hartu, zein kaleratu eta halako erabakiak programa informatiko baten ondorioen menpe egon daitezke. Ikerlariek diote haien ustezko objektibotasuna ez dela erreala.
Langile bat eskuak aurpegian dituela, atsekabe keinua egiten, ordenagailuaren aurrean. ©CCO

Ostikada digitalaz kaleratuak

Iñaut Matauko Rada

Mezularitza tresna berrien bidezko kaleratzeak ugaritzen ari dira azkenaldian, eta sindikatuetako zerbitzu juridikoek nabarmendu dute modu hori ez dela legezkoa.
 ©CCO

Deskonexio digitala, langileen eskubidea

Iñaut Matauko Rada

Mundu hiperkonektatu honetan, gero eta zailagoa da etengabeko interakziotik ihes egitea. Hegoaldean, 2018ko eskubide digitalen lege organikoak dio langileek eskubidea dutela lanetik kanpoko deiei eta mezuei ez erantzuteko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.