Filosofia ikasgaia babesteko eskatu diete Hego Euskal Herriko gobernuei

Agora filosofia elkartekoek, hainbat pertsona ezagunekin batera, nabarmendu dute filosofia irakasleen eskaria ez ezik gizartearena ere badela

Agora filosofia elkarteak antolatutako elkarretaratzea. AGORA FILOSOFIA ELKARTEA.
Javi West Larrañaga.
2021eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Espainiako LOMLOE hezkuntza legearen harira, Filosofia ikasgaiaren garrantzia «defendatu» zuten atzo goizean hainbat filosofia irakaslek, pentsalarik eta artistak. Horien artean egon ziren, besteak beste, Juan Ignacio Perez Iglesias EHUko errektore ohia eta Lourdes Perez, Xabier Lapitz, Iñaki Soto eta Goizalde Landabaso kazetariak. Salatu zutenez, lege berriarekin asko txikituko da ikasgaiak hezkuntza prozesuan izango duen pisua.

Pentsatu jaialdiaren harira egin zuten agerraldia, Donostiako Filosofia, Antropologia eta Hezkuntza Fakultatean. Lege berriaren «erasoa» salatzeaz gain, erakundeei filosofiaren alde egiteko eskatu die Maitane Nerekan Agora filosofia elkarteko kideak: «Euskal Herriko gobernuei dei egin diegu dituzten eskumenak baliatuz filosofiaren presentzia defenda dezaten». Filosofia ez ezik, «autonomia kritikoa» bultzatzen duten ikasgaien presentzia bermatzeko eskatu dute.

Azaldu dutenez, azken hiru hezkuntza legeek Filosofia irakasgaiaren orduak gutxitzea eragin dute; hala, gaur egun, hautazkoa da Batxilergoko 2. mailan. Nerekanek gogorarazi du Agora filosofia elkartea 2013ko LOMCE legearen harira sortu zela: «LOMCE eraso handia izan zen, baina LOMLOEk askoz espazio handiagoa kendu dio ikasgaiari».

Izan ere, lege berriak Balio Etikoak izeneko irakasgaia kendu nahi du DBHko lau mailetatik hirutan, eta DBHko 4. mailan Filosofia ikasgaia ere desagertuko litzateke hautazkoa da. Espainiako Gobernuaren erabakia salatu arren, elkartekoek azpimarratu dute Euskal Herritik ere aurre egin dakiokeela. «Hemen bildu gara esateko oraindik aukerak dauzkagula, hemen eskumen handiak dauzkagulako curriculumari dagokionez», azaldu du Nerekanek: «Pentsatzen dugu eskumen horiek erabili behar direla filosofiaren presentzia bermatzeko».

Pentsatu jaialdiaren aurreko aldietan, bigarren hezkuntzako ikasleekin elkartzen ziren, filosofia era ludiko batean lantzeko. COVID-19aren eraginez, baina, parte hartzaile kopurua murriztu behar izan dute, eta aurten irakasleak bakarrik elkartu dituzte. Agorak bigarren hezkuntzako irakasleak biltzen dituen arren, hobekuntzak Lehen Hezkuntzako curriculumean ere txertatzea aldarrikatu dute: «Beharrezkoa iruditzen zaigu Lehen Hezkuntza sendotzea pentsamendu konplexura eta hausnarketa etikora bideratutako curriculum batekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.