Enpresagintza. Iñaki Bartolome. Ideableko presidentea

«Hiru milioi gara; ez gara sekula izango Silicon Valley»

Enpresa berritzaileak sustatzeko, AEBetatik urrun ikusten du Europa; azpimarratu du euskal erakundeek badutela estrategia behintzat.

Ivan Santamaria.
2018ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Bizkaiko Ideable enpresako presidentea da Iñaki Bartolome (Bilbo, 1973), eta adinduentzako teknologia garatzen duen Kwido saileko arduraduna da.

EBko erakundeen diagnostikoa da batasunean bagarela estatubatuarrak adina berritzaile edo gehiago, baina arazoa datorrela proiektu horiek handitzeko orduan. Hala da?

Ez nago oso ados. Zalantzagarria iruditzen zait Silicon Valley edo Bostongo MITen pareko ekosistemak egotea Europan. Lehena sektorearen meka da, eta han sortzeko dagoen gaitasuna gaindiezina da. Saia gaitezke gauzak egiten geure indarguneak landuta, baina ez gaitezen alderatu AEBekin eta Txinarekin, ziur asko beti aterako baikara galtzaile.

Finantzaketa arazo hutsa da?

Arrazoi bat baino gehiago dago. Europan hainbat herrialde gara, eta bakoitzak bere politikak ditu, bere araudiak, bere merkatuak. Oro har, Europako enpresa bati zaila zaio bere merkatutik kanpo lehiatzea, eta AEBak eurak merkatu erraldoia dira. Gero, ez gaude hezita enpresak lideratzeko, saltzeko edo kudeatzeko. AEBetako unibertsitateetan, kontrakoa da. Guk etorkizuneko langileak hezten ditugu, eta haiek, liderrak.

Ekosistema egokia dugu halako enpresa berritzaileak garatzeko Europan, edo ezinbestekoa da AEBetara joatea?

Zergatik dituzte AEBek azken garaietan Nobel saridun gehienak? Erantzuna antzekoa da. Kalifornia da munduko hiriburu teknologikoa, eta oso zaila da horrekin lehiatzea. Ekosistema indartsuak ari dira sortzen Londresen, Berlinen eta Bartzelonan, baina eskala beste bat da. Har dezagun kontuan, eta saia gaitezen apurka aurrera egiten, ezin baitugu Txapeldunen Liga irabazi aldez aurretik geure taldea ez bada lehenbizi hirugarren mailatik igotzen.

Zer behar du start-up bat sortu duenak proiektua beste maila batera eraman nahi badu?

Halako enpresa bat sortzen duenak mundua aldatu nahi du. Ez du lehia berria sortu nahi, baizik eta gauzak eraldatzeko moduaren bila dabil. Hazteko modu bakarra da enpresa arrakastatsua izatea. Publikoak edo bezeroek arrazoia ematen dizutenean, inbertsioak eta hazteko laguntza euren kabuz etorriko zaizkizu. Finantzaketarik ez zutelako porrot egin dutela diotenenean, agian esaten ari dira ideiak edo garapenak porrot egin zuela, eta horregatik ez zitzaiela iritsi dirua.

Nola egiten ari dira gauzak Euskal Herrian?

Pozteko moduan gaude, I+G+i bultzada serio bat duten bakarrak izan baikaitezke estatu osoan, diru laguntzei esker, zerga kenkariei esker, eta berrikuntzari eta 4.0 Industriari ematen zaion babesari esker. Estrategia bat badago, inguruan ikusten ez den zerbait. Hori bai, ez dezagun sekula bistatik gal zein den geure eskala: hiru milioi lagun baino ez gara; ez gara sekula izango Silicon Valley.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.