Elikadura industria eta merkataritzako ituna egin dute Gipuzkoan

ELAk ere sinatu du LAB, CCOO eta UGT sindikatuek egindako akordiorako oinarria, eta 5.000 langile babestuko ditu 2021. urtera arte

xabier martin
2019ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Negoziazio kolektiboak urrats handia egin du sektore handietan itunak egiteko zailtasun gehien duen lurraldean: Gipuzkoan. Izan ere, lurralde horretako elikadura industria eta merkataritzako langileek badute hitzarmen baten babesa atzodanik. 5.000 inguru dira, eta 2021. urte arteko indarraldia duen itunak finkatuko ditu aurrerantzean haien lan baldintzak, betiere enpresa itun batek ez baditu hobetzen dagoeneko, edo etorkizunean halako akordioren bat egiten ez badute.

«Industrian geroz eta emakume gehiago egon arren, bereziki merkataritzan daude emakume langile gehienak. Eta azken urteetan bereziki lanaldiaren antolaketaren alorretik iritsi da prekarizazio prozesua», esan zutenLABeko sektoreko arduradunek, ituna azaltzeko atzoko agerraldian. Adierazi zuten batez ere soldata baxuei eta kontratu partzialak dituzten langileei erreparatu dietela, eta uste dute hitzarmen egin berriak balioko duela «prekarizazio prozesuei galga jartzeko».

Soldatari dagokionez, sektoreko langileek 2017ko eta 2018ko KPIa jasoko dute atzerapenetan, eta kontsolidatu egingo dute igoera hori. 2019, 2020 eta 2021erako, kategoria handienaren KPIa ordainduko zaie kategoria guztiei. «Modu horretan, behargin guztiei erosteko ahalmena bermatzeaz gain, kategoria apalenek izango dute igoerarik handiena, dauden aldeak areagotu ez daitezen», azaldu zuten LABeko kideek.

Lanaldiari dagokionez ere hobekuntzak jasotzen ditu akordioak, esanguratsuak batik bat lanaldi partziala duten langileentzat: «Hemendik aurrera, lanaldi partzialarekin ordu osagarriak egiten dituzten langileek aukera izango dute ordu horien %30 kontsolidatzeko urte amaieran. Modu horretan, merkataritzan kezka handia eragiten duen egoera bati galga jartzen hasiko gara, eta langileei lanaldi osora iristeko aukerak ematen».

Kategoria apalenari begira

Horrez gain, hitzarmen berriak bide bat ireki die langileei laguntzaile kategoria apalenetik ateratzeko, asko baitira urte askoan laguntzaile gisa daudenak, maila igotzeko aukerarik gabe. «Hiru urteko esperientzia egiaztatzen badu, laguntzaile espezialistaren maila hartuko du langileak modu automatikoan», azaldu zuten; «orain arte, laguntzaile kategorian ez dago inolako promozio automatikorik izan, eta, zoritxarrez, badira langileak kategoria horretan iltzatuta geratu direnak. Neurri horrek bide bat zabalduko die».

Horiek horrela, lan erreformaren aldagai kaltegarrienetako bat sektoreko hitzarmenetik kanpo utzi dute sindikatuek eta patronalak: enpresek ez dute izango gaitasunik lan ituna ez betetzeko nahi duten aldiro; hau da, erreformak jasotzen duen enpreseninaplikazio eskubidea baztertu egin du itunak. «Testu berri bat adostu dugu, orain artekoak bezala, zeinak lan erreformaren aurrean hitzarmena babestuko duen, eta, beraz, langileen lan baldintzak ere bai», jakinarazi zuten LABeko sindikalistek. Berdintasun planak garatu eta praktikan jartzeko konpromisoak jaso ditu hitzarmenak, halaber. «Bereziki beharrezkoa ikusten dugun aldarria da, merkataritza oso feminizatua dagoelako».

LABek uste du sektoreko hitzarmenari eustea «garaipen bat» dela. Bi urteko negoziazioetan «langileak antolatu eta kalera atera» direla esplikatu zuten. «Auto karabanak egin ditugu, elkarretaratzeak enpresa nagusien eta patronalaren aurrean; aurpegia zuritzeko erabiltzen dituzten lasterketetan izan gara, eta dendak itsasgarriz eta kartelez josi ditugu. Langileen jarrera aktiboak ekarri gaitu gaurko egunera, eta lan baldintzak hobetu ditzakegula erakutsi dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.