IBILBIDE POLITIKOA

2017ko urriaren 12a
00:00
Entzun
1942

Friburgon (Alemania) jaio zen Wolfgang Schaeuble. Finantza aholkularia zen aita, eta haren bideari jarraitu zion: zuzenbidea eta ekonomia ikasi zituen.

1972

CDU alderdi demokristauaren bitartez, lehen aldiz lortu zuen eserlekua Mendebaldeko Alemaniako Parlamentuan. CDUko legebiltzarreko bozeramaile izan zen 1991tik 2000ra arte.

1984

Afera Berezietarako ministro izendatu zuen Helmut Kohl lehen ministroak.

1989

Barne ministro izendatu zuen Kohlek, eta karguan jarraitu zuen 1991ra arte. Alemaniako Errepublika Federalarekin negoziatzen ibili zen, Alemania elkartzeko 1990ean.

1990

Hiru tiro jaso zituen urriaren 12an, hauteskunde kanpainako ekitaldi batean. Tiro batek bizkarrezurra mindu zion, eta harrezkero gurpil aulkian ibiltzen da. Erasotzaileak buruko gaixotasun bat zeukan.

1998

Schroeder sozialdemokratak irabazi zituen bozak, eta Schaeublek Kohlen lekua hartu zuen CDUren gidaritzan; baina dimisioa aurkeztu behar izan zuen hamabost hilabetera, ustelkeria kasu batengatik: arma ekoizleen lobby batek 51.000 euro ordaindu zizkiola aitortu zuen. 2000n Angela Merkel aukeratu zuten CDUko presidente.

2005

Hauteskundeak irabazita, CDU gobernura bueltatu zen, eta Angela Merkel kantzilerrak koalizio gobernuko Barne ministro izendatu zuen Schaeuble.

2009

Urrian, Merkelek Schaeuble izendatu zuen Alemaniako Finantza ministro. Hil berean, Greziak iragarri zuen aurreikusi baino bi aldiz defizit handiagoa zeukala, BPGaren %12,7koa.

2010

Apirilean, Greziak erreskatea eskatu zien Europako Batasunari eta NDF Nazioarteko Diru Funtsari. Eurotaldeak behin-behineko erreskate funts bat sortu zuen, eta urte berean laguntza eskatu zuten Irlandak, Portugalek, Ziprek eta Espainiak.

2012

Schaeublek, eurotaldean, onartu zuen banku batasunerako pausoa ematea: banku ikuskatzaile bakarra ezartzea denentzat (EBZ), eta euroguneko bankuen krisiak ere modu zentralizatuan kudeatzea.

2015

Urtarrileko hauteskundeetan Syriza koalizio ezkertiarrak irabazi zuen Grezian, Schaeubleren eurotaldeak hezurmamitzen zuen austeritatearen guztiz kontrako promesekin. Atenasen eta Bruselaren arteko tentsioa ikaragarri handitu zen, eta uztailean Schaeublek proposatu zuen Grezia aldi baterako eurogunetik ateratzea. Greziako Gobernuak atzera egin zuen, eta Bruselaren baldintzak onartu zituen hirugarren erreskaterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.