Afganistanen gutxienez 40 pertsona hil dituzte bi atentatutan

Polizia baten hiletan eta ospitale batean izan dira leherketak. Ghani herrialdeko presidenteak militarrei agindu die erasoaldiei berriz ekiteko

Hainbat pertsona zaurituak ibilgailuetan sartzen, atzo, Nangarharren. GHULAMULLAH HABIBI / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Afganistanen gutxienez 40 lagun hil zituzten atzo, bi erasotan. Lehena Jewa barrutian izan zen, eta atentatu odoltsua egin zuten. Nangarhar eskualdeko gobernadorearen esanetan, lehergailu bat zartarazi zuten Xeij Akram poliziaburuaren hiletan, eta gutxienez 24 pertsona hil eta 70 inguru zauritu zituzten. Erietxeko iturriek ohartarazi zuten hildakoen kopuruak gora egin zezakeela datozen orduetan, zaurituetako asko oso larri zeudelako; hildakoen artean dago Lala Jan eskualdeko kontseiluko kideetako bat.

Lerro hauek idazteko unean, talde bakar batek ere ez zuen atentatua bere gain hartu; bai, aldiz, ukatu. Twitterren zabaldutako mezu batean, talibanek ukatu egin zuten erasoa egin izana, eta nabarmendu zuten eurek ez dituztela onartzen halako ekintzak.

Aurrekoaz gain, Kabul hiriburuan Mugarik Gabeko Medikuek kudeatutako erietxe bati ere egin zioten eraso. Daxt-e-Bartxi hirian dago, eta erasoan gutxienez hamasei lagun hil zituzten, eta beste hainbeste zauritu; bi haur daude hildakoen artean. Afganistango komunikabideek zabaldu zutenez, erasotzaile suizida batek gainean zeramatzan lehergailuak zartarazi zituen goizean goiz, eta hark eragindako nahasmena baliatu zuten gainontzekoek armekin erietxean sartzeko; halere, Poliziak jakinarazi zuenez, 72 pertsona eraikinetik onik ateratzea lortu zuten, eta hiru erasotzaileak hil zituzten. Kasu horretan ere, talibanek ukatu egin zuten erasoaldiarekin zerikusirik izatea.

Bi erasoen berri izan ostean, herrialdeko presidente Axraf Ghanik militarrei agindu zien «defentsa aktiboa» utzi eta erasoaldiei berriz ekiteko; AEBek eta talibanek ituna sinatu zutenetik aritu dira soilik defentsa lanetan.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.