KRITIKA. Musika

Surik ez den lekuan, kerik ez

Arkaitz Mendoza.
2018ko ekainaren 16a
00:00
Entzun

EOS

Zuzendaria: Robert Treviño.Lekua: Donostiako Kursaal ekoauditoriuma. Eguna: Ekainak 14.

Baten bat oporretan sentitu da, beste batzuek nekea nabari dute; biek batera, denboraldi luze baten ondorioak mahai gainean azaltzen dituzte. Euskadiko orkestrari Giuseppe Verdiren Requiem honek gainezka egin dio, opera baten osagaiak dituen obratzar honen malgutasuna gainditu ezinik. Robert Treviño zuzendaria erne aritu zen, nahiz eta beste batzuetan baino astunago nabaritu ahots laukotea, abesbatza eta orkestra kontrolpean mantentzeko ahaleginean. Maila ezberdinak plazaratu ziren auditorioumean, eta Europa mailan aritu zen abesbatza: interpretazio biribilak ematen ditu Verdi honekin; buruz daki, eta zuzendariaren astinduak jaso nahi ditu, mila gauza eska ditzan, prest baitaude erantzunik egokiena emateko. Treviño abesbatzaz ahaztu egin zen, ordea; lan gehiegi zuen aurrean, eta atzekoei sarreraren bat eta bizpahiru artikulazio adieraztearekin konformatu zen, emanaldi osoan partiturari lotuta arituz, magia punturik gabe.

Ahots laukotea entzungaitza izan zen tarte batzuetan. Amanda Pabyan sopranoaren eta Susanne Resmark mezzosopranoaren artean, AgnusDei tenk eta gogor entzun genuen, eta ahots tinbreen bateratasunean borroka latza izan zuten; benetan tamalgarri. Orkestra, motel Rafal Siwek baxuaren Confutatis atalean; biolak pisutsu, abiaduran atzetik une oro, eta biolinak giro horretan kutsatuak. Lacrimosa atalean Aquiles Machado tenorra bere kabuz zebilen, beste hiru ahotsak irensteko irrikan, elkar entzun gabe. Resmarken ahots emankorra kontuan hartu gabe beste hirurak kontratatzeko erabakia zalantzagarria izan da kasu honetan.

Orkestran, tronboiak Verdiren mezua ulertu gabe: abesbatza pianissimo batean, eta haiek beren festa giroan. Tronpak itxuroso, tronpetak bezala, taulatik kanpo kokatutako lau jotzaileen oihartzunak zuzentasun politean jorratuz. Hiru flauten afinazioa adostu gabe, eta fagot laukotea talde lanean aritzeko asmotan. Esan bezala, obra handi honen abiadura aldaketak, eta elkar ezagutza eta entzuteak ez ziren guztiz lotu, eta, Donostiako Orfeoia salbu, eskainitako interpretazioa ez zen egokitasunetik atera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.