510 parte hartzailerekin egingo dute aurten Euskal Encounter topaketa

Edukieraren %10 bakarrik beteko dute. Ostegunetik igandera egingo da Barakaldoko BECen. Aurten ez da Opengune presentzialik izango

Euskal Encounterraren 29. aldiaren aurkezpena, atzo Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Nerea Lauzirika.
Bilbo
2021eko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Aurtengo Euskal Encounter ezohikoa izango da, normalean egoten diren postuen %10 baino ez baitira egongo, segurtasun neurriak errespetatzeko. Iaz topaketa etxetik egin bazuten ere, aurten presentzialki egingo da: ostegunetik igandera izango da 29. Euskal Encounter, Barakaldoko BECeko 5. pabiloian (Bizkaia). Euskaltel fundazioak antolatzen du topaketa, eta Eusko Jaurlaritzak ere parte hartzen du sustatzaile moduan, SPRI taldearen bitartez. Atzo aurkeztu zuten ekitaldia Sabino San Vicente Euskaltel fundazioko zuzendari eta topaketaren koordinatzaileak, Leyre Madariaga Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren zuzendariak, eta Iruri Knorr Euskalteleko Marketin Digitaleko zuzendariak.

Egoera berezia bada ere, badaude zenbait gauza berdin jarraituko dutenak. Beti bezala, bost gune egongo dira eta lehiaketek ere alde txikia izango dute aurreko urteetakoekin konparatuta. Gamegunen, esaterako, hiru final handi jokatuko dira. Beste jarduera batzuk, ordea, egokitu behar izan dituzte, jesarrita egin ahal izateko. Izan ere, Sabino San Vicente Euskaltel fundazioko zuzendari eta topaketaren koordinatzaileak adierazi duenez, debekatuta egongo da alde batetik bestera ibiltzea, ez bada nonbaitera joateko.

Gainera, aurten ez da Opengunerik egongo presentzialki. Lehen, Opengune doakoa zen, eta bertara sartzeko ez zen erregistrorik behar. 15.000 pertsona inguru joaten ziren gune horretara. Egungo egoera kontuan hartuta, sartu eta ateratzen denaren erregistrorik ez izatea arriskutsua izan daitekeelakoan, antolatzaileek erabaki dute seguruagoa dela Internet bidez egitea.

Osasuna ardatz

Sabino San Vicentek azalduduenez, hiru ardatzetan oinarritzen dira segurtasun neurriak: distantzia, maskara eta batetik bestera paseoan ibiltzeko debekua. Distantziari eusteko, mahai bakoitzean parte hartzaile bakarra egongo da —normalean bi egoten dira— eta bi metroko distantzia egongo da une oro postuen artean. Maskara jantzita izatea derrigorrezkoa izango da, distantzia egon zein ez. Alde batetik bestera paseoan ibiltzea ere debekatu dute, jendea pilatu ez dadin.

Iazko Euskal Encounterren, parte hartzaile bakoitzak bere etxetik parte hartu behar izan zuen, Discord aplikazioaren bitartez. Tresna hori erabiliko dute aurten ere, baina BECen bertan egongo dira parte hartzaileak. Gero eta ezagunagoa den Twitch plataforma ere erabiliko dute, han ez daudenek Euskal Encounterren zer gertatzen ari den jakin dezaten.

Gainera, Iruri Knorr Euskalteleko Marketin Digitaleko zuzendariak adierazi du lanean ari direla topaketak ingurumenean duen eragina txikitzeko: «Ur eta energia gutxiago kontsumituko dugu, gaikako hondakin bilketa bultzatuko dugu, eta lehenetsiko ditugu jasangarriak diren produktu eta zerbitzuak». Horretarako, sentsibilizazio programa bat jarriko dute abian.

Aurtengoa berezia izango da, Euskaltel fundazioko zuzendari eta topaketaren koordinatzaileak azaldu duenez: «Ekitaldi deserosoa izango da, baina jarduerek merezi dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.