Turkia, elkarrizketa eske

Saudi Arabia eta Qatarko agintariekin batzartu da Erdogan. Persiar golkoko krisi diplomatikoak inori ez diola onik egiten nabarmendu du

Igor Susaeta.
2017ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Iranekin harremana izatea eta «talde terroristei» laguntza ematea argudiatuta, Qatar ekonomikoki zein politikoki boikotatzea erabaki zuten Saudi Arabiak, Arabiar Emirerri Batuek, Egiptok eta Bahrainek, joan den ekainaren 5ean. Orduz geroztik, Erresuma Batuko, Alemaniako, Frantziako eta AEBetako gobernuetako ordezkariak bildu dira alde bateko eta besteko agintariekin —Errusia ere bitartekari lanak egiteko prest dago—, eta, Persiar golkoko krisi diplomatikoa konpontze aldera, denek errepikatu diete elkarrekin hitz egin dezatela. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea azken bi egunetan batzartu da bi aldeekin, eta hark ere, oraingoan publikoki ez esan arren, bere herrialdean baztertzen duena bultza dezatela eskatu die: elkarrizketa, alegia. «Krisiari eustea ez da inorentzat baliagarria», nabarmendu zuen, herenegun, Saudi Arabia, Kuwait eta Qatarrera jo aurretik.

Duela bi aste iragarri zuen bazuela Persiar golkoko herrialdeetako agintariekin biltzeko asmoa, eta orduan adierazi zuen elkarrizketa dela «soluzioa». Doha boikotatzen ari den blokearentzat, Qatarrek hamahiru puntuko eskaera bat onartzea da irtenbidea. Eskakizun horien artean daude, besteak beste, Al-Jazeera hedabidea ixtea eta Anaia Musulmanak bezalako «talde terroristekin» harremanak moztea.

Tamin bin Hamad al-Thani Qatarko emirra joan den ostiralean mintzatu zen, aurrenekoz, krisi diplomatikoaz, eta, bere herrialdeko beste agintarien gisara, hitz egitea proposatu zion blokeari: «Bi dira horretarako baldintzak: batetik, gure barne politika ez oztopatzea; eta, bestetik, agindurik ez inposatzea».

Erdogan ez da posizionatu, ordea. «Batzuk krisiaz aprobetxatzen dira anaien arteko borrokak hauspotzeko», salatu zuen herenegun. Bildu zen, igandean, Salman bin Abdelaziz Saudi Arabiako erregearekin, baina ez zuten adierazpenik egin; ezta ordu batzuk geroago Sabah al-Ahmed al-Sabah Kuwaiteko emirrarekin mintzatu ondoren ere. Kuwaitek, hain zuzen, krisian bitartekari lanak egitea proposatu du.

Base militarra Qatarren

Saudi Arabia, Erdoganen esanetan, golkoko «anaia nagusia» da. «Harremanak puntu estrategiko batera heldu dira. Siriaz hitz egiten dugu, batez ere». Ez oso aspaldi, Saudi Arabian base militar bat eraikitzea proposatu zion Turkiak Riadi. Hain zuzen, Turkiak base militar bat dauka Qatarren iaztik, eta blokeak Dohari egindako hamahiru puntuko eskakizunetan hori ixtea exijitzen dio. Erdoganek esan izan du «errespetu falta bat» iruditzen zaiola Riaden eta haren aliatuen eskakizuna.

Presidenteak elkarrizketarako eskakizunak egiten dituen bitartean, Ankarak jarraitzen du base hori militarrez hornitzen, Qatarrera janaria bidaltzen, baita bere herritarren askatasuna murrizten ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.