Bertol Arrieta.
Brasilgo Munduko Kopa. 'O TEMPLO DO FUTEBOL'

Omenaldia

2014ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Maracanatik egurrezko ateak kendu eta FIFAren aginduz burdinazkoak jarri zituztenean, futbol-zelaiko arduradunak —asmo onarekin ala txarrarekin, ez dakigu— Moacir Barbosari oparitu zizkion, maracanaço-aren erantzule egin zuten atezain handiari. Langa eta zutoin haiek etxera eraman eta sutan erre zituen Barbosak,egur zati haien azpian bizitako oroitzapen beltzak ere gar horietan betirako kiskaliko zituelakoan.

—Atezainak ezin dik inoiz kikildu! —esan zidan Aldok. Beste gau ero baten ostean, egunaren lehen printzen zain geunden Ipaneman—. Galduta zagok, bestela! Ikusi al duk Krul delako hori Costa Ricaren aurkako penaltietan? Hori duk jarrera! Kontu egin atezaina txiki geratzen dela, dena hutsune!, 7,32x 2,44 metroko atetzarraren azpian. Aukera bakarra atezainaren irudia biderkatzea duk, kaskoa jan aurkariari, zirikatu, bere onetik atera! Sinetsarazi berez dena baino txikiagoa dela hutsunea, kontra dituela zortea eta patua eta diren eta ez diren jainko guztiak, ez daukala zereginik, munduko atezainik onena duela aurrean, eta zoko-zulora botata ere esku magiko bat atera eta baloia uxatuko diola.

—Orain duk unea —eten nion. Egunsentiaren pisua sentitzen hasiak ginen. Pasaportea atera nuen poltsikotik. Trago luze bat ostu nion enegarren garagardoari—. Ekarri txiskeroa.

—Seguru al hago? Belinhak bere bidea egiten segituko dik...

Ez nintzen kikildu. Nork esango zidan niri Espainiako pasaportea errez esango niola agur Euskal Herriari? Hondartza eder hartan, eguna erditzen ari zela, dotore egin zuten zeru ilunerantz sugarrek, eta erritu bitxi hura Barbosaren omenaldi xume bihurtu genuen, munduko atezain guztien aldeko aldarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.