Katalunia. Elkarrizketa. Gemma Ubasart. Politologoa

«Aldaketak gehiengo handien testuinguruan lortu daitezke bakarrik»

Abenduaren 21eko bozak «salbuespenezkoak» izango badira ere, «erradiografia» ez dela aldatuko dio Ubasartek: «Errepresioak berriz piztu du DUIarekin pozik ez zegoen boto independentista».

DANI CODINA.
Saioa Baleztena Rudi.
Bartzelona
2017ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Zientzia Politikoetako doktorea da Gemma Ubasart (Castellar del Valles, Herrialde Katalanak, 1978). Gironako Unibertsitateko irakaslea da gaur egun, eta zigor sistema eta giza eskubideetan aditua. 2015era bitarte Podemeko idazkaria izan zen Katalunian, baina dimisioa eman zuen, desadostasunak tarteko. Egun, independentetzat du bere burua.

Hasteko, nola aurreikusten dituzu abenduaren 21eko bozak?

Gauza asko gerta daitezke. Gaur-gaurkoz neurtezinak diren aldagaiak daude mahai gainean. Nire ustez, hiru dira zalantzak. Hasteko, alderdi independentistek aldebakarreko erabakiaren aldeko apustua egin ondoren galdua zuten botoa berreskuratzen duten edo ez argitzea. Bestetik, ikustea ea ezezkoaren aldeko alderdiak, PP eta Ciutadans, gai izango diren 2015eko irailaren 27an mobilizatu zuten botoa baino gehiago mugitzeko. Eta, azkenik, ikusi beharko da ea hirugarren bideen aldeko alderdiak, Catalunya en Comu eta PSC, gai diren azken hauteskundeetan bezainbeste zigortzen dituen testuinguru polarizatua gainditzeko.

Zein dira gakoak boz hauetan?

Independentistak zerrenda desberdinetan aurkeztuta, kontakizuna konplexuagoa da. Irailaren 27ko plebiszituaren kontakizuna iraungita dago, eta alderdi bakoitzak eratu behar du bere proposamena. Hein batean ikusi dugu alderdi independentistek hasi dutela prozesuaren azken tartearen katarsia.

Junts Pel Siko zerrendari erreparatuta, hautagaiak kartzelan edo erbesteratuta daude. Nola eragingo du salbuespen egoera honek hauteskundeetan?

Agerian dago bozak ere salbuespenezkoak izango direla. 155. artikuluaren aplikazioaren bitartez deitu du bozetara Madrilek. Hala ere, esango nuke errealitate honek ez duela eraginik izango emaitzetan. Errepresioak berriz piztu du DUIarekin pozik ez zegoen boto independentista, baina ez dut uste erradiografia askorik aldatuko denik. Tira, halako testuingururik ez da izan inoiz, eta zaila da iragarpenak egitea.

Inkesten arabera, argazkia mantenduko da, baina, antza, 155. artikulua babestu duten alderdiek tokia irabaziko dute.

2015eko irailaren 27ko hauteskundeetan, baiezkoaren aldeko botoa kasik osorik mobilizatu zen, eta ezezkoaren aldekoa izugarri mobilizatu zen. Gogoratu behar dugu parte hartzea %76 izan zela, ohiz kanpokoa. Baina, seguruenik, ezezkoaren aldeko boto horri oraindik gelditzen zaio mobilizatzeko tartea, eta, seguruenik, abenduko bozetan hori mugitzen ari delako ikusten dugu aldaketa. Hain polarizatuta dauden hauteskunde hauetan, Ciutadansen irrika da are gehiago polarizatzea. Aldaketak gehiengo handien testuinguruan bakarrik lortu daitezke. Alde horretatik, uste dut independentismoa ez dela desagertuko errepresioaren indarrarengatik. Independentismoa 2012az geroztik indarra hartu duen errealitate bat da, eta Espainiak judizializatuta ez da desagertuko. Bada garaia Rajoyk analisi hori egiteko.

Zer gertatuko da abenduaren 22an, orduan?

Batetik, ikusi beharko, ardatz nazionalak duen pisua berretsita, nola jokatzen duen Rajoyren gobernuak. PPk autokritika egin behar du, bestela arazoa enkistatu egingo baita, are gehiago. Eta, noski, alderdi independentistek ere beren lana egin beharko dute. Irailaren 27an abiatu zuten bide orria zalantzazkoa zen, katalanen erdiek ez zutelako babesten.

Autokritika hori agertu da egunotan.

Noski. Agerikoa zen Puigdemonten bide orriak ez duela ondorio onik izan, errepublikaren aldarrikapena sortzez baliogabea zelako. Gehiengo handien testuinguruan bakarrik lortu daitezke aldaketak. Irtenbidea agertuko da bakarrik PPren gobernuak eta Kataluniakoak autokritika hori egiten badute.

Zer rol edukiko du En Comu Podemek honetan guztian?

Esango nuke espazio politiko honetan mediatikoki zein politikoki zail duela bere diskurtsoa mahai gainean jartzea. Gertakariek, edozein modutan, egiaztatu dute Comukoek defendatzen zuten horrek zentzua zuela, gutxienez. Seguruenik ez zen alderdi independentisten kontakizuna bezain liluratsua, baina bai errealista.

Zer bideri jarraitu beharko lioke Catalunya En Comuk?

Zail izango du. Alegia, alderdi independentistetako ordezkari nagusiek arrazoia eman dieten arren, denbora gutxiegi pasatu da oraindik ere Domenechen alderdiak testuinguru samurragoa izateko. PSCk eta Catalunya En Comuk indarra edukiko dute 155a eta DUIa baztertzen duten bitartean.

Albano Dante-Fachinek zer errana eman du azken hilabeteotan. Zer iritzi duzu gertatutakoaz?

Arazoetako bat izan da Catalunya Si Que Es Potek berezkoa duen antolaketa hauskortasuna. Beraz, ikusi dugu nola barne arazo bat hedabideen bitartez handitu den. Eta ildo berean, Albano Dante-Fachin eta Pablo Iglesiasen tirabirei dagokienez, esango nuke ardatz nazionalaren interpretazioa egin dela, eta arazoa egiturazkoa zen. Ezin dugu ahaztu ikuskizun gizarte batean bizi garela eta hainbat komunikabideren interesa hori dela, zauriak handitzea. Erraza zaie helburu hori betetzea, egitura organiko sendorik ez duen alderdi politiko honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.