Dani Diez. Gipuzkoa Basketeko jokalaria

«Taldearekin zorretan sentitzen nintzen, duela bi urteko tratuarengatik»

Denboraldi handia egiten ari da, eta garrantzitsuagoa dena, taldeari asko laguntzen. Igandeko garaipenak asko lasaitu du giroa, baina hegalekoaren ustez, GBCk oraindik ez du ziurtatu mailari eutsiko diola.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2015eko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Donostian bigarren aroa du, eta taldeko izarra da, baina lasai pasea daiteke kalean. «Batek edo bestek gelditzen zaitu, beti errespetuz. Egiten ari garen lana eskertzen didate; polita da. Baina ez dut uste ospetsua naizenik». Dani Diezek (Madril, 1993) irribarrea iltzatua du; taldeak Teneriferen aurka irabazitako partidak asko lasaitu du giroa. GBCk bi garaipenen aldea du jaitsieran dauden taldeekiko, eta hiru jardunaldi falta dira ACB liga bukatzeko.

Teneriferi irabazi ondoren taldearen egoera asko hobetu da. Aldagelan ere sumatu al da?

Oso pozik gaude denok. Sei porrot generamatzan jarraian, eta kosta zaigu horri buelta ematea. Taquan Deanen falta ere asko nabaritu dugu, baina uste dut egoera horretan denok eman dugula pauso bat aurrera, eta horregatik da logikoa partida osteko euforia.

Taldeak sufritzen jakin du.

Teneriferen aurka, noski. Sei minutu falta zirenean hamahiru puntugatik galtzen ari ginen, eta Ponsarnauk, hutsartea eskatu zuenean, geure buruan sinetsi behar genuela esan zigun. Amaiera horretan oso ondo defendatu genuen. Eta tira, bolada txarrean ere bai, nire iritziz, talde moduan sendotzen lagundu digu.

Sei minutu harrigarri izan ziren, 14-1eko partziala. Une txarretan ikusteko bideo bat.

Bai, bai... Guk partida galduta ikusten genuen, oso zaila zen... Ez emaitzarengatik bakarrik, joerarengatik batez ere. Eurei dena sartzen zitzaien, guri ezer ez. Berriz ere gurpil zoroan sartu ginen: joko txarra... Baina buelta eman ahal izan genion, eta luzapena behartu. Zortea ere izan genuen, eta, azkenean, Rostek huts egiten zuen. Beste partida batzuetan falta izan zaigun zortea izan zen.

Zaleak asko ari dira sufritzen.

Egia da... Zaleengatik sentitzen dut, hainbeste sufritzea: luzapenak, amaiera estuak, amaierako eromen hori... Baina aizu, hau da kirol honek duen gauza polita. Ikusmina hor jaiotzen da, segundotan partida alda daiteke.

Zein da zure kiniela? Oraingoarekin aski da salbatzeko?

Hiruren bila joan behar dugu. Partidaz partida, topikoa da. Sevilla hartuko dugu bi aste barru, hori oso garrantzitsua izango da. Baina tira, lehenbizi, Murtziara.

Egutegiak buruz dakizkizu?

Bai. Gurea eta aurkarienak: Manresa, Sevilla, Fuenlabrada... Dena dut buruan, baina tira, gu ez gara besteen emaitzen zain egon behar. Manresarekin puntu aldea irabazi dugu, Sevillan hamabostegatik irabazi genuen eta Fuenlabrada bi partidatara dago.

Ordu erditik gora jokatzen ari zara partidako. Soldata ondo asko irabazi duzu.

Jaurtiketak lagundu nauelako. Sasoi honetan hiruko jaurtiketa hobetu nahi nuen, eta lortu dudala uste dut, eta hortik dator gehiago jokatzeko aukera. Oso eskertua nago entrenatzaileari.

Duela bi urte ere sufritu zenuten. Aurten, ezberdina da?

Zintzotasun osoz, sasoi honetan taldeago garela uste dut. Gure artean oso harreman ona dago: taldekideekin, teknikariekin, zuzendaritzarekin... Taldea salba dezala nahi dugu. Ni zorretan sentitzen nintzen taldearekin, duela bi sasoi oso ondo tratatu ninduelako. Eta mailari eusten borrokatzeko itzuli nintzen, arazo ekonomikoen erruz ezin izan delako nahi bezain talde lehiakorra osatu.

Kirol maila bikaina ematen ari zara. Eta aldagelan? Lider izaera hori...

Pauso bat eman dut aurrera. Aurkariak errespetatzen nau, eta aldagelan, denok errespetatzen dugu elkar.

Heldutasun kontua da.

Azken bi sasoietan asko ikasi dut. Duela bi, hemen, 11 minutuz jokatu nuen partidako, eta Sito Alonsok asko lagundu zidan. Gero, Real Madrileko errealitatera itzuli nintzen, izar askorekin, 11 minutu berriz ere. Baina tituluengatik lehiatzeak, selekzioan aritzeak... denak irakasten dizu. Iragan sasoian nire rola Spanulis eta halakoak defendatzea zen, eta aurten jaurtiketa garrantzitsuak egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.