Donostiako Nazioarteko 64. Zinemaldia. KRITIKA. Zuzendari Berriak

Besteak eta Maria

Nely Regueiraren María (y los demás) filmaren fotograma bat.
Beñat Eizagirre Indo.
2016ko irailaren 22a
00:00
Entzun

María (y los demás)

Zuzendaria: Nely Reguera. Herrialdea: Herrialde Katalanak.Iraupena: 96 minutu.

Nely Reguera kataluniarraren María (y los demás)opera prima Zuzendari Berriak sailean estreinatu da. Zuzendari laguntzaile gisa El árbol magnético (2013) film samur eta politaren egilea eduki du, Isabel Ayguavives galiziarra alegia, eta datu horretatik ondorioztatu zitekeen moduan, María (y los demás) ere halakoxea da, oso atsegina eta xaloa baita. Bizitzari aurre egiteko alaitasuna ezinbestekoa dela gogorarazten diguten lan horietakoa, hain zuzen. Benetan eskertzekoa da sail honetan gisa honetako proposamenak aurkitzea, indarkeria dosifikatzea beharrezkoa baita. Izan ere, zenbait ikerketen arabera norbanakoaren gogo aldartea erabat baldintzatzen du zinemak, beraz, komenigarria litzateke oreka bat bilatzea, amets egitea eta bizia bere horretan islatzea ez baitira kontzeptu kontrajarriak.

Familiaren inguruko erretratu sinplea eta xumea da Regueraren lana, baina zintzotasun eta sentiberatasun handiarekin egina denez, protagonistaren eta bere ingurukoen gorabeherak primeran islatzen ditu. Hirokazu Kore-edaren Umimachy Diary maisulanean bezala, familiako kontuen ardura bere gain hartu duen emakume baten istorioa du hizpide. Justiziarekin batera, zainketaren etikaren garrantzia aldarrikatzen dute feminista askok, baina ez da erraza gertatzen gizonek etxeko lanen eta zainketen ardura bere gain hartzea.

Maria bere aita zaintzeaz arduratzen da, baina filmak aurrera egin ahala bere arazoei aurre ez egitearren jokatzen duela horrela jabetuko da ikuslea. Zainketa norberarengandik hasten da, ordea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.