Herri oso bat jaiari bultzaka

Jende andana bildu da aurtengo Ibilaldian Durangon (Bizkaia), eta eguraldiak ez du zapuztu festa. Aurreikuspenak gainditu egin dira, «parte hartzeari» eta «egindako proposamenen arrakastari» dagokionez. Izan ere, bestelako eredu baten alde egin dute: herrikoiagoa, jasangarriagoa eta parekideagoa.

1 ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Durango
2016ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Gure harridurarako, gaur apenas batu dugun zaborrik». Garbi esnatu da Durango Ibilaldia ospatu ondorengo egunean. Idurre Maortua Ibaizabal ikastetxeko zuzendariak azaldu duenez, jasangarritasunaren aldeko apustu sendoa egin dute, eta horren emaitza da txukuntasun hori. «Jendeak zaborra jaso eta birzikla dezan lan egin dugu». Urko Rodriguez Kurutziaga ikastolako zuzendariak ere argitu du aurretik egindako lanari zor zaiola jaialdiaren arrakasta: «Oso pozik gaude. Ibilaldiaren eguna ez ezik, bezpera ere aipatuko nuke. Oso giro jatorrean parte hartu du jendeak antolakuntzan. Guraso, langile eta ikasleak oso modu aktiboan ibili dira elkarlanean». Durangaldeko eragile andana aritu dira Ibilaldiaren antolakuntzan, eta «eskerrik beroenak» helarazi nahi izan dizkiete denei. «Ona izan zen abiapuntua, eta, horregatik, ona izan da jaialdiaren harrera. Hausnarketa egin genuen, eta hausnarketa horretan herriari begirako taldea egitea planteatu zen. Oso ibilaldi herrikoia izan da; helburu hori bikain bete dugu».

Horrela bada, partaidetza herritarra lortzeko asmoz, ibilbidea bera ere herrian bertan egin behar zela erabaki zuten, «urbanoa eta ibiltzeko erraza». Gainera, «musika talde izar bat» jarri ordez, herriko talde desberdinei aukera eman diete. Eta gazteenei ere ekitaldietan parte hartzea ahalbidetu diete. Hori dela eta, jendea oso sakabanatuta egon da sei kilometroko ibilbideak lotu dituen bost guneetan.

Euria egingo zuelako beldurrez ibili dira antolatzaileak, baina eguraldia ez da inolaz ere oztopo izan. «Bazkalorduan hasi da euria, eta orduantxe joan da jendea aterpeetara. Lasai -lasai zerbait edateko eta ogitarteko bat jateko aprobetxatu dute. Euria amaitu ostean, arratsaldean, berriz jai giroa izan da».

Maortuak esan duenez, inoizbaino dantza gehiago egin da aurtengo Ibilaldian: «Gune desberdinetan egon dira erromeriak, Aiko taldeak edota zumba saioak, eta bertaratutako guztiek oinak airean jarri dituzte». Era berean, herri bazkariaren arrakasta azpimarratu du. «Bertako produktu ekologikoekin egin da. Hori ere aldarrikatu nahi izan dugu, nolabait, bertako ekonomia sustatzeko bertako produktuak kontsumitu behar direla. 300 menutik gora eman dira, eta jandakoa oso gozo egon dela esan dute denek».

Eragile Moreen presentzia izan da eguneko berrikuntzarik nabarmenena. 300 kide aritu dira, peto moreak jantzita, gune guztietan zehar. Adin guztietako eragileek, neskek zein mutilek, kolore morez jantzi dituzte Durangoko kaleak. «Oso deigarria izan da haien presentzia, eta argi dago oso ekinaldi arrakastatsua izan dela. Arazo gutxi egon dira, eta egon diren apurretan garaiz esku hartu da». Maortuaren aburuz, jaialdi guztian harreman osasuntsuen eta jai giro on baten alde egin dute, eta jendeak ondo ulertu du mezu hori.

Horiek horrela, Ibaizabal eta Kurutziaga ikastetxeei beraien arteko «harremana estutzeko» eta «proiektu bakarra indartzeko» balio izan die Ibilaldiak. Rodriguezek hala adierazi du: «Erronka asko ditugu, arlo askotan, eta horiei guztiei erantzuteko eskutik joan behar dugu nahitaez. Elkarrekin gabiltza, eta elkarrekin jarraituko dugu». Maortuak gogorarazi nahi izan du aurtengo Ibilaldiaren mezu nagusia: «Hezkuntza lege propio baten aldeko aldarria egiten dugu. Hainbat aldiz esan dugu daukagun lege honek Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoak arautzen dituela baina itunpeko sarea eta gainerako ikastetxeak esparru eta babes legalik gabe gelditzen direla. Ikasle guztien ikasteko eskubidea bermatu behar da, ikastetxeen titulartasunaz harago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.