Durangoko 50. Azoka. Eguneko kronika

Bideoak irratia hil ez zuen bezala

Behea jo ondoren, azken urteetan binilozko diskoak berriro ere presentzia izaten hasi dira Durangoko Azokan.Bere irudi enblematikoa erakutsi zuen atzo Landako eraikinak: jendea kaleak betetzen, aurrera egin ezinda

Juan Luis Zabala
Durango
2015eko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Eguerdi artean ez ziren bete atzo Landako eraikineko kaleak, baina arratsaldean Durango Azokak bere irudi enblematikoa erakutsi zuen aurreneko aldiz aurtengo ekitaldian: liburu eta disko arteko barne kaleak jendez mukuru eta jendea aurrera egin ezinda, buxadura betean. Idazle eta musikari ezagunen zerrenda ere oparoa eta aberatsa izan zen: Bernardo Atxaga, Ramon Saizarbitoria, Fermin Etxegoien, Mikel Urdangarin, Fermin Muguruza, Kalakaneko kideak... Toti Martinez de Lezearen sinadura biltzeko ilarak, berriz, ikusgarriak.

Irudi indartsua da gaurko gizartean liburuek eta diskoek erakarritako jendetza batena. Dendetan ez ezik, etxetik bertatik eros daitezke gaur egun, eroso asko, liburuak eta diskoak. Baina teknologiak emandako erraztasunek badute ifrentzurik, eta, horri esker, ez dira beti iragarpen apokaliptikoak betetzen. Ez zen bete, adibidez, The Buggles taldearen Video Killed The Radio Star kantuko profezia; irratigintzak ondo bizirik jarraitzen du, bideogintzaren garapenaren despit. Liburu digitalak paperezko liburua desagerraraziko zuela zioen profeziak ere sinesgarritasuna galdu du urteek aurrera egin ahala. CDak eta musikaren euskarri teknologiko berriek biniloari eragindako kaltea, aldiz, ezin ukatuzkoa da, ia guztiz ezkutatuta egon baita biniloa, zeharo behea jota. Pittaka-pittaka berriro bere burua agertzen hasi da, ordea, eta hori igartzen ari da aurten, apal bada ere, Durangoko Azokan, garai bateko disko batzuen binilozko berrargitalpenez gain disko berri batzuenak ere baitaude.

«Bere garaian biniloan argitaratu eta erreferentzia garrantzitsuak izan ziren diskoak berrargitaratu ditugu binilo formatuan», azaldu du Anjel Valdes Elkar diskoetxeko ordezkariak. Besteak beste, Kortaturen Kolpez kolpe eta Azken guda dantza, M-ak taldearen Barkatu, ama, Mikel Laboaren Lau Bost disko bikoitza... «Biniloa ari da leku bat berreskuratzen», Valdesen ustez. «Biniloak entzuketa modu bat eskatzen du. Ezin duzu entzun biniloa autoan, edo kalean zabiltzanean, eta eskatzen dizu zeure buruarekin egotea, musika kontzentrazio handiagoz entzutea. Lehen, musika entzuterakoan biniloari eta diskoaren azalari begira egoten ginen: hitzak irakurtzen banaka-banaka —ingelesa ere biniloari begira ikasi dugu—, azaleko irudiak begiratzen... Artearen aldetik askoz ere osoagoa da biniloa CDa baino. Ni, etxean, biniloaren oso zalea naiz».

Disko zaharrei begira

Disko berrietan, ordea, «ez dago potentzialik biniloetarako», Valdesen ustez. «Guk gehiago sinesten dugu behiala biniloan argitaratutako diskoen berrargitalpenean disko berrien binilozko argitalpenean baino. Talde gazteek ez dute bizi izan biniloaren garaia, eta haientzat ez da erakargarria, nahiz eta seguru asko gazte batzuek baduten biniloaren inguruko interesa. Ikusi egin beharko da merkatuak nora jotzen duen, baina talde berriek ez dute biniloan argitaratzeko joerarik, ez bada sustapenerako euskarri moduan».

Bat dator Valdesen iritzi horrekin Ritxi Aizpuru Baga Biga diskoetxeko ordezkaria. «Ondo dago, eta pozgarria da, disko zaharrak berrargitaratzea, baina nik uste dut hori garai batean biniloan argitaratutakoekin egin daitekeela soilik, erakarpen komunikatibo bat duten disko zaharrekin». Gaur egungo talde batek bere disko berria biniloan argitaratzea planteatuz gero, oso zaila da hari baiezkoa ematea, Aizpuruk dioenez. «Gutxienez 500 ale atera behar dira, eta 500 horietatik zenbat salduko dituzu? Egitekotan, egin daiteke, baina ez fabrikan, baizik eta bana-banako kopia egitea eskatzen duten beste artisautza metodo batzuen bitartez, eta ez salmenta komertzialerako. 15-16 urteko jendea ez dago ohituta biniloarekin. Batzuek ez dakite biniloa zer den ere; eta CDa zer den ia-ia ez dakienik ere badago... CDak ere ez du gaur egun oso ibilbide luzea izaten, eta biniloak are laburragoa. Nik etxean Kortatu, La Polla eta horien diskoak biniloan ditut, baina disko berriak CDan edukitzea nahiago dut, erosoagoa delako».

Bidehuts zigilua, ordea, apustu sendoa egiten ari da biniloaren alde, argitaratzen dituen disko guztiak bi formatuetan argitaratu ohi baititu, CDan eta biniloan. «Gu biniloaren oso aldekoak gara», azaldu du Jupiter Jon taldeko Aida Torresek. «Bai tamainarengatik, handiagoa baita, baita diskoaren arteak garrantzi handia duelako ere. Diskoa platoan jartzeko erritua ere maite dugu... Biniloak eskatzen dizu denbora dedikatzea musika entzuteari, letrak irakurtzeari, azalean dagoen artea begiratzeari». Jupiter Jonen bigarren diskoa, Eta metaforak greba egin zeben..., soilik biniloan argitaratzearen aldekoa zen Torres, baina azkenean bi formatuetan kaleratu dute.

Badaki Torresek zailtasun komertzialak dituela biniloak, CDa baino askoz gutxiago saltzen dela, baina uste du biniloaren erabilera gorakada izaten ari dela. «Jendeari gero eta gehiago gustatzen zaio ordenagailua eta eskuko telefonoa gero eta gutxiago erabiltzea, Internetetik ateratzea, eta musikari bere garrantzia ematea».

Beste hainbat mahaitan ere bada binilo berririk: JP Lohian, Orreaga 778 eta Apurturenak, adibidez, Musikazuzenean-en standean; Kashbad, Glaukoma, Han eta Ladislaorenak, besteak beste, Bonberenearenean...

Papera, arriskutik kanpo

Liburuen kasuan, formatu aldaketa ez da izan diskoena bezain drastikoa. Liburu digitala ari da bidea egiten, baina paperezko liburuari mehatxurik egin gabe. Mehatxu hori «liburu irakurgailuen fabrikanteek haiek promoziorako asmatua izan zen», Gorka Arrese Susa argitaletxeko ordezkariaren ustez. Kasu askotan oso erabilgarria izan badaiteke ere, Arresek uste du ez dela ahaztu behar irakurgailua «oraindik ere nahiko traste berria» dela, eta oraingoz behintzat liburua imitatzea duela helburu, beste ezaugarri batzuekin bada ere. «Etorkizuna iragartzea ezinezkoa da, baina teknologiak liburu digitala paperezko liburuaren imitazio izatetik askatzen ez duen arte, hura imitaziorako eredutzat duen bitartean, paperezko liburuak bere lekua izango du oraindik ere».

Argitaletxeek ez dituzte hala ere alde batera utzi edizio digitalak. Susak liburu berri bakoitzaren edizio digitala jartzen du salgai webgunean, e-pub eta PDFformatuetan. «Lehendabiziko hilabeteetan, ale mordoxka bat saltzen da, 50 inguru-edo. Ondorengo hilabeteetan, oso gutxi».

«Orain dela zortzi edo hamar urte, ematen zuen paperezko liburuarena denbora gutxiko kontua zela», ekarri du gogora Olatz Osa Elkar argitaletxeko ordezkariak, «baina orain ikusi dugu ez dela hala, oraingoz behintzat, eta ematen du hemendik aurrera ere biak biziko direla elkarrekin».

Elkarrek helduen literaturako liburu guztiak kaleratzen ditu paperean eta digitalean, baina salmentak paperezkoan baino askoz txikiagoak izaten ari dira digitalean. «Amazonen bidez saltzeko aukera dugunetik, gora egin du, hala ere, liburu digitalen salmentak. Gure estrategia da digitala, paperezkoak bezala, ahalik eta saltoki gehienetan izatea. Azken urteetan Amazonen eragina nabari dugu. Dena den, %10 baino askoz gutxiago da digitalaren salmenta paperekoa baino».

«Gerora begira, ez dirudi salmenta igoko denik, euskarazko liburuetan behintzat», dio Osak. «Orain arte salmenta kopuruak oso txikiak izan dira, eta, gainera, gorabehera handiak dituzte; ez da nabari joera jakin bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.