Gorka Azkune.
ARGI ALDIAN

Mahai bat laurentzat

2018ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Ez dakit zuei gertatzen zaizuen, baina ni zeharo nagia naiz kudeaketa kontuetarako. Ez al zaizue gertatzen jatetxe batera joateko plana egin eta mahai bat erreserbatzeko deitu nahi ez izatea? Ala ileapaindegira joateko ordua hartzeko? Momentu horietan pentsatzen dut nik zeinen gustura edukiko nukeen idazkari pertsonal bat. Ez da behar dudalako; ez naiz agenda estu batekin bizi diren horietako bat, ezta gutxiagorik ere; alperkeriaren lanak dira.

Badirudi Googleko jendeak nire alperkeria hori partekatzen duela, edo akaso oso jende lanpetua dela (ziurrenik bigarren hori izango da). Edozein kasutan, maiatzean, urtero ospatzen den Google IO konferentzian, niretzako moduko aplikazio bat aurkeztu zuten: Google Duplex. Zer egiten du, bada, aplikazio horrek? Demagun hurrengo larunbaterako afari bat erreserbatu nahi duzula lau pertsonentzat jatetxe batean. Zure mugikorra hartu, Googlen laguntzaile birtualari ematen diozu erreserbaren berri ahoz, eta Duplex sistema erabiliz, berak deitzen du jatetxera zure izenean erreserba egiteko. Bai, bai, deitu egiten du, jatetxekoekin hitz egiten du eta erreserba egiten du.

Ziurrenik pentsatuko duzu jatetxekoak halako ahots robotiko bat entzungo duela. Ala mahairik ez badago guk nahi dugun orduan, Duplexek ez duela jakingo zer egin/esan. Bada, ez bata ez bestea. Konferentzian bertan lehenengo, eta geroago beraien web orrian, Duplexen proba fasean grabaturiko hainbat elkarrizketa jarri zituzten erakusgarri. Aitortu behar dut harri eta zur geratu nintzela elkarrizketak entzundakoan. Duplex sistemak benetako pertsonak esaten zuena zehazki ulertzen zuen, ordu-tarte egoki bat topatzeko gai zen eta egoera deserosoetatik egoki ateratzeko malgutasuna erakusten zuen. Hori dena, ahots natural batekin gainera. Ez balidate esan adimen artifizial bat zenik hizketan zegoena, pertsona bat zela pentsatuko nukeen. Benetan.

Nola lortu dute hori egitea Googleko ikertzaileek? Tamalez, ezin izan ditut sistemaren xehetasunak topatu. Googlen blog orrian oso gainetik azaltzen dituzte sistemaren oinarrizko elementuak, nire gusturako. Baina beste behin, esan beharra dago: Duplex sistemak elkarrizketa batean moldatzeko duen gaitasuna ez duela inork programatu. Hau da, ez pentsa programatzaile bat egon denik hor elkarrizketa batek izan ditzakeen aldaera guztiak eskuz programatzen. Esaterako: «Galdetzen badizu zenbat pertsonarentzako nahi duzun erreserba, erantzun lau». Modu horretako programazio «klasikoak» ez du funtzionatzen benetako elkarrizketa batean. Milioika eta milioka aukera posible baitaude. Horrela funtzionatzen dute enpresa askoren bezero-arreta zerbitzuek. Eta ongi dakizue zeinen gogaikarriak diren guretzat.

Duplex sistemak ikasi egiten du. Ez dio inork esaten zer erantzun behar duen galdera baten aurrean. Bere kasa ikasten du. Horretarako, Googlek pertsonen artean eman diren milioika telefono elkarrizketa erabili ditu. Elkarrizketa horiek neurona-sare artifizial bati «erakutsi» dizkiete, hark ikas dezan nola izaten diren elkarrizketak. Behin ikasita, sare horiek gai dira elkarrizketa berri baten zer esan eta nola esan asmatzeko, hein handi batean. Kasu honetan, ikaragarri ongi funtzionatzen duela ematen du.

Ondorioz, ni bezalako alperrak bazarete, baduzue jada «lagun» berri bat. Bada, hala ere, arazotxo bat: Duplexek ingelesez bakarrik daki hizketan. Oraingoz. Beraz, gure gogoko jatetxe hori AEBetan ala Britainia Handian ez badago, ala gure ile-apaindegian ingelesez hitz egiten ez badute, oraindik ere geuk deitu beharko dugu, betiko moduan. Baina bada esperantza guretzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.