UDAKO SERIEA Hegoaldeko muga (V). Kaleko haurrak.

Inorenak ez diren kaleko semeak

Melillako kaleetan ehun bat haur bizi dira, bakarrik, babesik gabe, uharridian lotan, 'risky'-a egiteko zain: kaira salto egin eta kamioiren baten azpialdean edo olanean ezkutatuta penintsulara joateko zain.

Oinutsik. Kaleko haur bat. KRISTINA BERASAIN TRISTAN.
Kristina Berasain Tristan.
Ceuta/Melilla
2017ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Iluntzen ari da, eta kaiko karelean hogei bat mutil koskor daude eserita. Gauero errepikatzen den irudia da. Melillako gotorleku ederrak badu horren ederra ez den ifrentzua. Armas itsas enpresako ferryan daukate jarrita begirada. 07:30ean abiatzen da Motrilera. Eta ordu txikietan risky egiten saiatuko dira gaur ere. Gauero bezala.

Omarrek begirada bihurri batez azaltzen du zer den risky-a: «Hesia gainditu, eta soka batetik zintzilikatzen gara kaira sartzeko. Ondoren, kamioiak dauden eremuan ezkutatzen saiatzen gara, kamioiren baten azpialdean edo olanean, edozein zirrikitutan, edo, bestela, igerian joaten gara, eta soketatik saiatzen gara ontzira igotzen». Gauero-gauero saiatzen da ibilbide bera egiten, jolas batean ari balitz bezala, eta, inoiz helburua lortu ote duen galdetuta, irribarre zabal batekin erantzuten du: «Behin lortu nuen, baina... Motrilera iristean txakurrek usaindu egin ninduten. Kalabozoan bi gau pasatu nituen, eta Valentziara bidali ninduten gero. Handik bi astera, berriz Melillara». Egunen batean lortuko duela dio. «Inshallah!».

Fez hirikoa da sortzez Omar. Melillako kaleetan bizi diren mutiko gehienek hiri horretan dute jatorria. Gaur egun, bakarrik dauden600-630 bat haur daude hirian; La Purisima izeneko adingabeentzako zentroan daude gehienak, 530 inguru, baina beste 70-100 kalean daude, bakar-bakarrik, inorenak ez diren semeak balira bezala, Eduardo Galeanoren poemakoak bezalaxe: «Inor ez diren horiek; inoren seme-alabak ez direnak, ezeren jabe ez direnak, ez direnak, inoreztatuak, ahaztuak, gosea pasatuz, bizitza hilez, izorratuta, ondo izorratuta bizi direnak».

Infernu hutsa

Haurtzaroa paradisu galdua da askorentzat; beste batzuetan, infernu hutsa. Maite Etxarte Prodein elkarteko kidearen hitzetan, adingabe horien egoera «krimen» bat da: «Espainia behartuta dago haurrak artatzera, dokumentazioa ematera, eskolaratzera, eta, adindunak direnean, 18 urte betetzen dituztenean, bizileku baimena ematera». Melillako Udala da berez haien jagolea, baina administrazioak, ekintzaileak dioenez, ez du ezer egiten, ez bada gainetik nola kendu pentsatu. «Babesik gabe daude, dokumenturik gabe, arbuiatuta eta estigmatizatuta. Drama bat da. Legez kanpokoa da haien egoera, eta asaldagarria eta atsekabegarria da».

Marokoarrak dira jatorriz kaleko haur gehienak, mutikoak denak, etxean arazoak dituztelako ihes egin dutenak, aitak jotzen dituelako edo ama galdu dutelako. Badaude gazteagoak eta helduagoak, baina gehienak13 eta 21 urte artekoak dira. Beni-Enzarko pasabidetik sartzen dira hiri autonomora, autoen, kamioien edo zamaketarien artean ezkutatuta, eta bizimodu gordin bati ekiten diote. Uharridian egiten dute lo udaran, edo labarretako harkaitzen artean, eta eremu babestuagoetan neguan, kobazuloetan, zubien azpialdean, hodien barruan sartuta edo zaborrontzien barruan. Jatekorik gabe, eskolarik gabe, irautea da haien egunerokoa, haxisa edo kola lagun.

Etxartek hogei urte daramatza adingabe horien egoerari erreparatzen, gauero, lagun talde batekin, janaria eramaten begirada galduko haurrei. «Janaria eramatea haiekin egoteko modu bat da. Etsita daude, ez zaie ezer axola: kamioi baten azpialdean sartzea bakarrik. Ume bat kalean bizi denean, jatekorik gabe, lo egiteko lekurik gabe, kola ez da bizigarri bat, bizi dutena ahazteko modu bat baizik; kalea, gosea eta hotza ahazteko modu bat. Zein diren ere ahaztu egiten dute horrela». Ume batek horrela azaldu zion behin: kola hartzean jada ez zela bera, bera izateari uzten ziola, eta besteek jada ez zutela bera ikusten, beste bat ikusten zutela, eta, hortaz, zen horregatik lotsa sentitzeari uzten ziola.

Gotorleku militar batean

La Purisiman dauden adingabeen egoera ere latza da. Berez 180 lagunentzako tokia dauka, baina ia hori halako bi daude han. Urtean bitan ematen diete arropa, matematika eta gaztelera eskolak hartzen dituzte, eta gauerdira arte kalean ibiltzea daukate, baina, baldintza horietan ere, askok nahiago dute kalean bizi. Eraikina ikustean ulertzen da zergatik. Zakartegi baten alboan dago zentroa, hiritik 3,5 kilometrora, eremu antzu batean, garai bateko gotorleku militarraren itxura berarekin, dorretzar eta guzti. «Espazio militar ilun eta beldurgarri batean egiten dute lo haurrek; zigor ziegak ere badituzte».

Sara Olcina Harraga elkarteko kidearen hitzak dira. Kaleko haurrekin egiten du lan elkarteak, eta txosten bat egin berri dute haien egoera salatzeko: «Hamar haurretik bederatzik salatu dituzte tratu txarrak, batzuetan helduagoak diren haurren partetik, baina baita hezitzaileen partetik ere. Bortxaketak ere izan dira La Purisiman».

Olcinaren galdera da zer gertatzen den zentro horretan umeek nahiago izateko kalean bizi. Berak eman du erantzuna: «Etengabe urratzen dira haien oinarrizko eskubideak. Adingabeen Defendatzailearengana jo izan dugu, baita pederastia kasuetan ere, baina alferrekoa izan da».

Alik hiru urte pasatu zituen La Purisiman. Adindun bihurtzean, horrenbestetan amestutako eguna heltzean zer gertatu zitzaion azaldu du: «18 urte bete nituen egunean, kalera bota ninduten, paperik gabe. Bakarrik utzi ninduten. Linbo batean nago orain».

Kalean bizi da, eta pederastez ere mintzo da. «Haur bat arropa berriarekin eta garbiarekin datorrenean, badakigu non egon den». Ez du zehaztu nahi zergatik alde egin zuen etxetik; bai, ordea, zergatik utzi zuen herrialdea: «Marokoko erregea ero bat da; herria zapalduta dauka, ez du eskubiderik ematen, ez hezkuntzarik, ez osasunik... Eta berak jauregi pila bat dauzka».

Espainiako polizien eta guardia zibilen sarekadez ere aritu da gaztea. «Borra asko, borra asko», dio. Ezkabia arrastoak ditu azalean eta ilean, eta haren gorputzeko zaurietan, urratuetan eta orbainetan irakur daiteke haren bizitza, liburu baten hizkiak balira bezala.

Abdalaren liburua

Abdalaren liburuan ere beste zauri bat idatzi da. Hernandez parkean lo kuluxka egiten ari zela, zerbeza botila txiki batekin eraso diote lapurtzera zihoazen gazte batzuek. Odoletan dago, eta anbulatoriora eraman dute Maite Etxartek eta Jose Palazonek. Senar-emazteek diotenez, askotan ez dituzte osasun zerbitzuetan artatu nahi izaten, baina oraingoan segituan eman diote arreta; sei puntu eman dizkiote 13 urteko mutikoari. Tetanosaren aurkako txertoa ere jarri diote, eta handik hilabetera berriz joateko esan diote, paper bat luzatuz. Abdalaren etengabeko irribarreak tristura sakon bat ezkutatzen du. Irakurtzen ez dakiela dio.

Gauero kaian elkartzen den taldean izaten da bera ere. Yassin bezala. «Ez daukat pasaporterik, ez daukat paperik, ez daukat dirurik; risky egitea da nire aukera bakarra», dio, etsita, baina itxaropen izpi batekin. Kasinoaren eta McDonald's-en atarira doa, risky-a egin aurretik, dirua eskatzera. Gauean itzuliko da kaira. Badaki portuko hesiaren garaiera bikoiztu egingo dutela aurki: bi metrotik laura luzatuko dute, eta badaki zailagoa izango zaiola aurrerantzean hesiaren gainetik salto egitea gero zortzi edo bederatzi metroko murrutik zintzilikatzeko eta ontzi batean sartu ahal izateko.

Bihar: Mugaldeko desorekak: emakume zamarien zama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.