Georgiarren bizitza Abkhazia independentean

Ingur ibaiak Georgiaren eta Abkhaziako Errepublikaren arteko muga naturala markatzen du. Gal eta Zugdidiren arteko muga munduko lekurik kontrolatuenetako bat da, eta herrialde batetik bestera joan nahi dutenen artean Ingur ibaia muga bilakatu dute herritar askok.

Mingreliar fruta saltzaileak, Galgo mugaldeko eremuan. IBAI TREBIÑO.
Gal
2015eko irailaren 1a
00:00
Entzun
Salkhinoko mugan oraindik nabari dira Abkhazia eta Georgiaren arteko gudek utzitako aztarnak. Igarobidea jendearentzat itxita egon arren, mugan tentsioa eta mugimendu pixka bat badago oraindik, NBEko ikuskatzaileen auto blindatuek erakusten dutenez. Errusiako zerbitzu sekretuen kontrol handia dagoela ere badiote bertakoek. Eguneroko bizitzan nabariezina bada ere, bi munduren arteko puntu estrategikoa da Salkhino.

Gal, Abkhaziaren hegoaldean, mingreliar eta georgiar gehiengoa duen hiri bat da. Nukzar Salakaia Gal egunkariko zuzendariak, abkhaziar etniakoa bera, erabateko gehiengoa mingreliarra dela nabarmendu du, eta, «hori ulertuta, Abkhaziako Gobernua mingreliarren eskubideak bermatzen» saiatzen dela dio. Aitzitik, «Georgian bizi diren mingreliarren aurkako asimilatze prozesua bultzatzea» egotzi die Tbilisiko agintariei, eta «Mendebaldean gutxiengo etnikoen giza eskubideen inguruan dagoen moral bikoitza» gaitzetsi du, Abkhaziako Gobernuak sistematikoki gutxiengo etnikoen jazarpena bermatzen duela nabarmentzen dutelako.«Hemen, gobernuan eta beste erakunde publikoetan, mingreliarrak ere badira». Gal egunkaria hiru hizkuntzatan egiten dute: «Abkhazieraz, errusieraz eta georgieraz».

Galen bizi diren mingreliarren artean, Viatxeslav Tsaava da hirian itzal handiena duenetakoa. Ur partzuergoko zuzendaria da, eta georgieraz, mingreliarrez eta errusieraz mintzo da. Haren esanetan, «mingreliar eta abkhaziar etniakoen artean ez dago arazo handirik; elkarrekin bizitzen jakin dugu». Horren erakusle da mugaldeko giroa. Emakumezko fruta saltzaileek Tsaavaren baieztapenak berretsi dituzte; Bedisak, tartean, lutoz jantzitako mingreliar andreak. Senarra abkhaziarra zuela azaldu, eta ziurtatu du «sekula» ez duela inolako arazorik izan abkhaziarrekin. Bedisak daukan bezala, sentsazioa dago mugaldean biltzen diren ehunka pertsonek ez dutela inolako arazorik abkhaziar mugazainekin.

Herrira bueltan, Jamal Shamugia igeltsero lanetan ari da mingreliarrak bizi diren auzo batean. 1993an utzi zuen Abkhazia, Georgiak gerra galdu ostean, errepresalien beldur. Hamar urte geroago itzuli zen jaioterrira, eta bizitza normala egiten du han. «Pozik eta oso lasai» bizi dela dio: «Georgiarrek gerra galdu ostean joan nintzen hemendik. Hamar urte igarota bueltatu, eta ulertu nuen ez genuela inolako jazarpenik pairatuko gure jatorri mingreliarra dela eta. Gure hizkuntza askatasun osoz erabil dezakegu; ez da egia gure kontrako jazarpen sistematikoa dagoela». Shamugiaren poza, baina, ez da erabatekoa; seme-alabak mugaren bestaldean ditu, Georgian. «Muga itxita dagoenez, ezin ditut bisitatu. Hara anai-arreben arteko zentzubako guda baten ondorioak».

Galeko hirigunean, errealitatea oso bestelakoa da: abkhaziar eta mingreliarren arteko desberdintasunik ezin hauteman daiteke, baina georgierazko alfabetoan idatzitako kartel eta seinaleei gaina hartu diete errusieraz eta abkhazieraz idatzitakoek. Mingreliarrek bere hizkuntza erabiltzeko eskubidea badute, baina Abkhaziako Errepublikan georgierak ez du onarpen ofizialik, gobernuak zabaldutako georgiar eskoletan ez bada.

Georgiarren kanporatzeak

Abkhaziak 1993an irabazi zion guda Georgiako armadari, eta ordutik georgiar eta mingreliarren «kanporatze masiboak» izan direla salatu dute nazioarteko eta giza eskubideen aldeko hainbat erakundeek. Gobernuaren bozeramaileen arabera, baina, «georgiarren aurkako garbiketa etnikorik ez da egon», soilik «georgiarren alde borrokatu zutenen kanporatzea». Horixe da, esate baterako, Abziuzhbaren kasua: herrixka horretan, gerra amaitzean, georgiarrak kanporatu eta haien etxeak erre egin zituzten. «Georgiar armadarekin kolaboratu zutenen etxeak» erre zirela aitortzen du herriko alkateak, Dmitri Abukhbak: «Sarraski larriak egin zituztenekin kolaboratu zutenak ezin dira hemen erabat normal bizi, eta ulergarria da batzuk kanporatzea. Fusilamendu masiboak, gerra krimenak, zibilen aurkako erasoak egin zituzten. Krimen horiek guztiak ordaindu egin beharko lituzkete».

Iraultze demografikoa

Abkhazian bizi diren kartveliarrak, mingreliarrak eta georgiarrak populazio osoaren %17 dira egun, gobernuaren datuen arabera. Gerra baino bi urte lehenago, %50 ziren. Hori dela eta, Abkhazia independenteak georgiarren eskubideak ez dituela bermatzen salatu dute giza eskubideen aldeko hainbat erakundeek. Gobernuaren datu demografikoen arabera, berriz, abkhaziarrak %50 ziren 1900. urtean, eta georgiarrak, %20. «Stalin eta Beriaren politika etnikoak abkhaziarren kalterako» izan zirela eta Abkhaziak «asimilatze prozesu bat» pairatu zuela dio Teimurazek, Gagrako administrazio buruzagiorde eta Abkhazia sobietarreko azken presidentearen semeak. Stalinek Abkhaziari Sobietar Errepublika Sozialista estatusa kendu zion 1931n, eta Georgia barnean errepublika autonomo bilakatu zen: «Milaka georgiar Abkhazia kolonizatzera bidali zituzten».

Gutxiengo etnikoak

Abkhazian, mendez mende hainbat gutxiengo etniko bizi izan dira: abkhaziarrak, greziarrak, armeniarrak, errusiarrak... Abkhazia independentean gutxiengoek ez dute ia aldaketa demografikorik pairatu, greziarrek izan ezik, guda hasi eta Atenasek gutxiengo horretako kide asko aberriratu baitzituen. «Gutxiengo etnikoak errepublikaren aniztasunaren ikur» bilakatu direla azaldu du Galust Trapizonian armeniar jatorriko parlamentariak. Armeniarrak Abkhaziako bigarren talde etnikoa dira, populazioaren %18. «Abkhaziako Errepublikak gure eskubide guztiak bermatzen ditu. Armenierazko eskolak ditugu, eta Abkhazia independentearen parte sentitzen gara». Georgiarren bazterkeriaz galdetuta, Galustek dio «hein handi batean propaganda» dela, eta «erabat justifikatuta» dagoela georgiarren alde borrokatu zirenak kanporatzea. «Armeniarrok ez dugu inolako arazorik eduki hemengo gobernuarekin; bai, ordea, inbasoreen alde lan egin zutenek. Etniak, jatorriak edo erlijio sinesmenak ez dio axola abkhazia independente berrian—. Armeniarrek, errusiarrek, greziarrek eta beste gutxiengo gehienek bezala, Abkhaziaren independentziaren alde borrokatu zirela nabari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.