Magic eta Bird bezain maitekor

Historiako norgehiagoka gogoangarrienen zerrendan dute askok jadanik Golden State eta Clevelanden artekoa. Bihar goizaldean abiatzera doana hirugarren finala dute jarraian

Stephen Curry, Draymond Green eta LeBron Jamesen arteko liskarra, iazko finalean. Giro beroa espero da aurten ere finalean. JOHN G. MABANGLO / EFE.
Danel Agirre.
2017ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
1980ko hamarkadako saskibaloiaren nostalgikoak entzunda besterik irudi badezake ere, Magic Johnsonek eta Larry Birdek hirutan baino ez zioten elkarri aurre egin NBAko finalean, 1984 eta 1987 artean. Los Angeles Lakers eta Boston Celticsen arteko dueluak ez ziren segidan izan gainera. 1986an Akeem Olajuwon —Hakeem moduan izena arabiartu gabea zen oraindik— eta Ralph Sampsonen Houston Rocketsek Los Angeles Lakers finaletik kanpo utzi zuen. Halere, Magicen eta Birden norgehiagoka historiansonarik handiena izan dutenen artean dago, NBA mundu osoko telebistek eskuratu nahi zuten ikuskizun global bilakatu zuelako.

Golden State Warriors eta Cleveland Cavaliersek ostiral goizaldean (03:00) abiatuko duten finalak mugarri bat ezarriko du. Threematch bat biziko da estreinakoz ligan, hiru bider jarraian errepikatutako finala. 1980ko hamarkadako Los Angelesek eta Bostonek, Magicek eta Birdek, edo begirada atzerago botata, Bill Russell eta Wilt Chamberlainek ezarri ez zuten bi talderen nagusitasuna da.

Aipatu mitoekin gertatu moduan, Golden Staten eta Clevelanden arteko lehia LeBron James eta Stephen Curryrengan pertsonifikatuko da. Baina Magicek eta Birdek Kevin McHale, Robert Parish, James Worthy edo Kareem Abdul-Jabbar alboan izan bazituzten, James eta Curryk ere ez dute falta izar estatusa duten soroslerik. Kyrie Irving, Kevin Love, Kevin Durant, Klay Thompson edo Draymond Green taldeburu eztabaidaezin lirateke ligako gainontzeko frankizia gehienetan. Duela hamarkada batzuk batere ohikoa ez zen fenomenoa ere ematen ari da egun NBAn. All Star izandako beterano batzuk soldata apaleko espezialista rolak —jaurtiketa eta zaintza— onartu dituzte Golden Staterekin edo Clevelandekin eraztuna janzten saiatzeko. Deron Williams, Kyle Korver, Andre Iguodala edo David Westen kasua da.

Ikuskizun apur bat, arren

Baliabide zenbatezinak dituen aurkariari aurre egitea nahikoa ez, eta 2017ko kanporaketen maila eskasa eta zirrararik eza garbitzea ere eskatuko zaie Golden Stateri eta Clevelandi. Bi konferentzietan azaldu duten nagusitasuna hain izan da erabatekoa, finalera bien artean lehia bakarra galduta iritsi dira, Cavaliersen Bostonen aurkako hirugarrena. 24 garaipen eta porrot bakarreko balantzea da. Warriorsen kanporaketako 12-0koa lehena da historian.

Asperraldi horren erantzule nagusietakoa James izan da. Sasoi erregularreko bere maila bikainaren gainetik bi koska gordeta zituela erakutsi du: 32,5 puntu, zortzi errebote eta zazpi asistentziako batez bestekoekin ari da. Apur bat makalduz gero, Golden State txapeldun izango denaz jakitun da: «Nire ibilbideko erronka handienetakoa da, handiena ez bada. Sekulako taldea da, eta badakit zertaz ari naizen, talde bikainen aurka finalak jokatu ditudalako. Fisikoki eta psikologikoki asko exijituko digute. Duela urtebete baino hobeak dira, baina gu ere bai».

2015eko eta 2016ko finaletatik bana irabazi zituzten Golden State eta Clevelandek. Bietan jazo ziren emaitza baldintzatu zuten gertakari exogenoak. 2015ean, min hartutako Lovek ezin izan zuen jokatu, eta Irvingek, bakarra. Urtebete geroago, Jamesi kolpe itsusia emateagatik bosgarrenen parte hartu gabe utzi zuen NBAk Green. 3-1 gainetik, finala ixtekotan zen Warriors. Hegal-pibotaren hutsunea baliatu, eta fedea berreskuratzeko balio izan zuen garaipena erdietsi zuen Cavaliersek. Seigarrena eta zazpigarrena Oaklanden jokatu ziren, baina James eta Irving hazita zeuden ordurako eta biak irabazita txapeldun izan zen Cleveland.

Historiako sasoi erregular onenaren marka (73 garaipen eta bederatzi porrot) apurtzetik zetorren Golden State lanak biribildu gabe geratu zen horrela. Greenen jenio txarraz gain, Curryren kanporaketetako txakalaldia jo zuten adituek erantzuletzat. Maiatza arte onena izan, ligako jokalari onenaren Maurice Podoloff garaikurra jaso, eta ekarpena jaitsi zuen Jamesek eta Irvingek mugaraino estutu zutenean. Aurten askoz trankilago igaro du denboraldia, Durant egokitzeko lanetan laguntzeko saiakera kopurua apalduta. Bihartik aurrera, zortzi eta bederatzi metrotik aise saskiratu ohi dituen hiruko horiek beharko ditu Warriorsek, eta jakitun da bera ere: «Pasa den urteko finalean ez nintzen txukun aritu. Baina ni naiz nire kritikorik handiena, eta nire mailarik onenean nago, konfiantzaz gainezkaeta oldarkor».

Curry eta Thompson erasoko erakustaldiekin liga txunditzen hasi zirenean, zale neutralen talde kutun bilakatu zen Golden State. Greenen azpikeriek eta Duranten fitxaketak idilioa zapuztea eragin zuten. Oilategian oilar bat gehiago dutela (Oklahomako hegaleko ohia), azken minutuetan balioa modu armoniatsuan kudeatzen jarraitzen duten ikusi beharko da. Areago Steve Kerrek, Warriorseko entrenatzaileak, finalean huts egingo duela jakinda. Ez da osatu bizkarrean egin zioten ebakuntzatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.