Siria-Irak. Estatu Islamikoaren aurkako gerra

Zurrunbiloaren bertze aldea

Irakek Errusiari Estatu Islamikoaren aurka bonbardaketak egitea eskatuz gero, Mosku prest legoke hori aztertzeko.Irakek Errusiari eta AEBei eskatu die «plataforma komun bat» sortzeko

Irakeko soldadu bat Ramadi hiritik hurbil, iragan ekainean, mendebaldeko Al-Anbar probintzian. ALAA AL-SHEMAREE / EFE.
mikel rodriguez
2015eko urriaren 2a
00:00
Entzun
Errusia Sirian hasi bada ere esku hartzen, Irak ez da zurrunbilo geopolitikotik kanpo gelditu, inondik ere. Kazetariek Ilia Rogatxov Errusiako Atzerri Ministerioko ordezkariari galdetu zioten atzo ea Errusia prest legokeen Iraken ere EI Estatu Islamikoaren aurkako bonbardaketak hasteko, Bagdadek laguntza eskatuz gero. «Horretarako behar adina arrazoi baleude, horren egokitasun politiko eta militarra aztertuko da», erantzun zien Rogatxovek.

Haidar al-Abadi Irakeko lehen ministroak AEBetako PBS kateari egindako adierazpen batzuengatik galdetu diote hori Rogatxovi. PBSko kazetariak Al-Abadiri galdetu zion ea prest legokeen Errusiari ere baimena emateko Iraken bonbardaketak egin ditzan. «Bai, pentsatzen dut ongi hartuko genukeela, baina denon artean koordinatzeko lan handia dago egiteko. Plataforma komun baten beharra daukagu, gatazkak eragozteko. Iraki Irak barrenean laguntzen ari zaizkion herrialdeen artean gaizki-ulerturik ez dela izanen bermatu behar dugu».

Al-Abadi lehen ministroa Vladimir Putin Errusiako presidentearekin eta Barack Obama AEBetakoarekin elkartu da aste honetan, hurrenez hurren. Errusiarekin, aliantza bat egin du; zehazki, EIren inguruko informazioa elkarrekin banatzeko aliantza batera bildu da Errusiarekin ez ezik, Iranekin eta Siriarekin ere. Baina, aldi berean, Al-Abadik nahi du AEBek laguntza areagotu diezaiotela. «Estatu Batuen eta Errusiaren artean etsaitasun bat dago. Hori argi dago. [...] Baina desadostasun politiko txiki horiek alde batera utzi beharko lirateke», erran dio Al-Abadik PBSri. Irakeko lehen ministroak ez du kontraerranik ikusten munduko bi potentzia militar nagusiekin elkartzearekin, eta adierazi du batak emandako informazioa ez dutela bertzearekin partekatuko. «Kontuz ibiliko gara».

EIren inbasioak gertatu aitzinetik, Iraken garapen geopolitikoa paradoxaz beteta zegoen dagoeneko. AEBek inbaditu zutenean (2003), Baath alderdi sozialista arabiarraren erregimena erabat desegin zuten, eta hutsetik eraiki zuten bertze estatu bat. Horrek ondoriotzat utzi zuen Iraken banaketa sektarioa areagotzea, eta aginteko postu erabakigarriak arabiar xiitek monopolizatu dituzte azken hamarkadan —Irakeko herritarren %60 inguru dira—. Horren ondorioz sortu zen lehenbiziko paradoxa handia, Irango errepublika xiitak inoiz ez bezalako eragina lortu baitzuen Iraken; hau da, AEBek sortutako estatu batean, AEBek Gaizkiaren ardatzean sartutako herrialdeetako batek. Horrez gain, Errusiaren arma salmenten bezero bilakatu zen Irak. 2012an, AEBen ondotik Errusia bihurtu zen Iraki arma gehien saldu zizkion herrialdea.

AEBak 2011n erretiratu ziren Iraketik, Siriako gerra hasi zen urtean. Iraken gatazkak segitu zuen, eta ezinikusi sektarioa berriz areagotu zen. Gutxiengo arabiar sunita gehiengo xiitaren diskriminazioaz kexu zen. Testuinguru horretan, EIk iaz inbasioak egin zituen Iraken, Siriako gerratik indarberrituta itzuli ondoren. Sirian bezala, Iraken ere arrakastarekin ezarri da arabiar sunitak gehiengoa diren eremuetan.

Irakeko Estatuaren etorkizuna kolokan zegoela ikusita, iazko abuztuan AEBek esku hartu zuten Iraken. Estrategiak bi alde zituen: batetik, aire erasoekin laguntzea Irakeko armadari eta Kurdistango Eskualde Autonomoko pexmergei; bertzetik, politikoki eta militarki estatua berregituratzea, sektarismoa eragozteko. Horregatik, AEBek Irakeko oposizioaren exijentziekin bat egin zuten Nuri al-Maliki lehen ministroa agintetik kentzeko. Haren ordez, parlamentuak Al-Abadi izendatu zuen lehen ministro, Al-Malikik bezain jarrera sektarioa ez zuelakoan. Stuart Jones AEBek Iraken duten enbaxadoreak atzo Bagdaden emandako prentsaurreko batean jakinarazi zuenez, AEBek EIren aurka zuzentzen duten koalizioko 5.000 aholkulari militar daude Iraken.

AEBen estrategiak, ordea, kontraerranak aurkitu ditu, Iran laguntza militarra ematen ari baitzaio Iraki, eta EIren aurkako borrokan talde paramilitar xiitek garrantzi handia baitute Teheranen eta Bagdaden estrategian. AEBek eta Bagdadek EIren aurkako borrokan engaiatu nahi dituzten tribu sunitak bereziki mesfidatiak dira paramilitar xiitekin.

«Uda beroegia» Ramadin

Kurduen fronteetatik kanpo, estrategia horren emaitza handiena izan da iragan martxoan Tikrit berreskuratzea, baina aspaldian Irakeko armada, AEBen laguntza jasota ere, aitzinera egin ezinik dabil. Al-Anbar probintziako Ramadi hiriburuan, adibidez. Udaberrian kontraeraso bat hasi zuten hiri hori berreskuratzeko, baina aspaldian trabatuta daude. Associated Press agentziak aste honetan argitaratu duenez, Ash Carter AEBetako Defentsa idazkariak eta arduradun militarrek Irakeko Gobernuari leporatzen diote behar bertze ez egitea. PBSri emandako elkarrizketan, Al-Abadik erran du arazoa dela «uda beroegia» izan dela. «Soldaduak gainean hamar kiloko ekipamendua eramaten ari direnean, ezin duzu espero halako beroarekin borrokatuko direla». Irakeko Giza Eskubideen Batzordearen arabera, aurten Iraken 21.000 lagun hil dira gerran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.