Katalunia. Egoera politikoa

Presazko bilera batera deitu du Torrentek, «eskubide politikoak bermatzeko»

Puigdemontek, Turullek eta Sanchezek presidente izateko eskubidea dutela diote JxCk, ERCk eta CUPek; aukera horri atea ireki dio ANCko idazkari nagusi ohiak. Torrenten dimisioa eskatu du Ciutadansek

Milaka lagun atera ziren kalera igandean, Carles Puigdemonten atxiloketa salatzeko kontzentrazioetan parte hartzeko. Istiluak izan ziren Kataluniako hainbat lekutan. ENRIC FONTCUBERTA / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2018ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Carles Puigdemonten atxiloketaren ondotik, areagotu egin dira mugimenduak Kataluniako panorama politikoan. Hala, presazko osoko bilkura egingo dute bihar parlamentuan, JxCren, ERCren eta CUPen ekimenez. Roger Torrent parlamentuko presidenteak atzo bildu zituen parlamentuko mahaia eta bozeramaileen batzordea, alderdi independentziazaleek eginiko eskaria aztertzeko. Besteak beste, kartzelan daudenak askatzea galdegingo dute 10:00etan hasiko den saioan.

Bi zati izango ditu bilkurak. Lehendabizi, alderdiek aurkeztutako bost ebazpen proposamenak eztabaidatuko dituzte. Horien artean daude JxCk, ERCk eta CUPek batera aurkeztutako bi proposamenak. Lehenak Puigdemonten, Jordi Turullen eta gainontzeko espetxeratuen «eskubide politikoak bermatzeko» neurriak hartzeko eskatu du. Eskubide horien artean kokatu dute Puigdemontek eta Turullek «Generalitateko presidentetzarako beren hautagaitzak eztabaidatuak eta bozkatuak izateko duten eskubidea» .

Bigarren proposamenak Jordi Sanchezi egiten dio erreferentzia, eta NBEk ostiralean ateratako ebazpena du abiapuntu. Auzitegi Gorenak askatasuna ukatu ondoren errekurtsoa jarri zuen Sanchezek NBEko Giza Eskubideen batzordean, eta hark Espainiarieskatu zion Sanchezen eskubide politikoak bermatzeko «beharrezko neurriak har ditzan». Jordi Pina Sanchezen abokatuak adierazi duenez, ANCko idazkari nagusi ohiak atzera egin dezake parlamentuko eserlekua uzteko erabakian, eta berriz Generalitateko presidentetzarako hautagai izateari atea zabal diezaioke.

Catalunya en Comuren proposamenak ere «presoen eskubideak bermatzeko» eskatuko du. Horrez gain, egungo egoerari «aurre egiteko» akordio zabalak galdegin ditu Elisenda Alamany bozeramaileak: «Indartsuago gara gehiengo zabal eta pluralekin». Halaber, Alamanyk berretsi du ez dutela JxCko hautagairik babestuko.

Bestalde, eztabaida politikoa berreskuratzeko beharra azpimarratu du PSCk. Bide horretan, «berradiskidetze nazionalerako» proposamena aurkeztu du parlamentuan. PSCk dio «kontsentsu zabalen garaia» dela, eta prest agertu da alderdi guztiak bilduko lituzkeen «kontzentrazio gobernua» eratzeko. Halaber, dei egin dio parlamentuari aldebakartasuna alboratu dezan.

Ciutadansek ere aurkeztu du bere ebazpen proposamena. Ines Arrimadasek atzo goizean jakinarazi zuen Torrenti dimititzeko eskatu ziola telefonoz, eta gauza bera egin zuen bere alderdiak ordu batzuk geroago, proposamen bidez. Parlamentua «modu arbitrarioan» erabiltzea leporatu dio Ciutadansek Torrenti, eta «bere lanak egoki egingo dituen» presidente batek ordezkatzea galdegin du. PP da biharko bilkurarako proposamenik aurkeztu ez duen talde bakarra.

Alderdien proposamenez gain, Kataluniako Arartekoak urriaren 1eko erreferendumari buruz idatzitako txostena ere eztabaidatuko dute biharko bilkuran; galdeketaren egunean poliziek «indarraren gehiegizko erabilera» egin zutela adierazi zuen Rafael Ribo arartekoak. Halaber, Puigdemonten atxiloketa salatzeko igandean Katalunian egindako manifestazioetan Poliziak izandako jarrera aztertzeko konpromisoa hartu zuen atzo Ribok.

Lasaitasunerako deia

Igandeko gertakariak aztertzeko bilera egin zuten atzo Torrentek eta Ferran Lopez Mossos d'Esquadrako buruak. Lopezek eskatuta bildu ziren Kataluniako Parlamentuan, eta «lasaitasun mezuak eta indarkeriarik eza» bultzatzeko beharra azpimarratu zuen mossoen buruak. Tentsio uneak bizi izan ziren igandean Kataluniako hainbat lekutan, Puigdemonten atxiloketa salatzeko kalera irten ziren herritarren eta Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak zaintzen ari ziren mossoen artean; ehundik gora lagun zauritu ziren istiluetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.