Emakumeen aurkako indarkeria. Nafarroako legea

Dirurik gabe papera delako

Nafarroako Gobernua genero indarkeriaren aurkako lege berri bat prestatzen ari da; 2002ko hutsak zuzentzea eta baliabideak jartzea eskatu dute emakume elkarteek.

Gizonen protesta bat, Iruñean, Gazteluko plazan, emakumeen aurkako indarkeriaren kontra. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2014ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Hamabi urte pasatu dira Nafarroak indarkeria sexistari aurre egiteko legea onartu zuenetik. 2002koa da testua. 2003. urtean moldatu zuten legea. Eta handik urtebetera, 2004an, Espainiako Kongresuak genero indarkeriaren kontrako bere testuari oniritzia eman zion. Nafarroako legea onartu zenetik, emakumeen aurkako indarkeriagatik hamar mila salaketa baino gehiago jarri dituzte herrialdean; 886 erasotzaile zigortu dituzte; eta 11 emakume hil.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) genero ikerketako taldeak aurten egindako txostenak jaso ditu datu horiek. Diagnostikoa egin dute, Nafarroako Gobernua lege berria prestatzen ari delako emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko. «Espero dugu otsailean edo martxoan aurkeztea Nafarroako Parlamentuan», azaldu du Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuko zuzendari Teresa Nagorek. Gobernuak bezala, berdintasunaren esparruan ari diren eragileek eta elkarteek ere beharrezkotzat jo dute testu berri bat onartzea, egungo legea hobetzeko. Oraingoz aurreproiektua baino ez dago mahai gainean. Baina haren inguruko zalantzak agertu ditu jada Nafarroako Indarkeria Sexistaren Aurkako Emakumeen Plataformak: «Hainbat esparrutan hobera egin du testu berriak. Zehazten du, adibidez, oraingoak ez bezala, emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko legea dela; funtsezko gabezia bat badu, ordea, ez baititu behar diren baliabideak jasotzen», ohartarazi du plataformako kide Teresa Zabalegik. «Eta baliabiderik gabe, legea papera baino ez da».

«Legeak ezin ditu baliabideak zehaztu; horretarako eginen dugu legeak berak agintzen duen plan estrategikoa», azaldu du Nagorek. Urtebeteko epea izanen du gobernuak plan hori osatzeko, lege berria onartu eta gero. Zabalegik 2002. urtekoak ekarri ditu gogora. Izan ere, orduan sei hilabeteko epea zehaztu zuen oraindik indarrean dagoen legeak testua garatuko zuen araudia egiteko. Araudi hori 2005. urtean hasi ziren egiten, eta 2007. urtera arte ez zuten onartu.

Dirurik gabe zaila da lan egitea. NUPeko ikerketa taldeak berak aitortu du bere diagnostikoan: «Giza baliabiderik eta baliabide ekonomiko eta materialik gabeko legea lege hila da». Finantzaketa konpromiso sendoa eskatu dute txostenaren egileek. Eta bertze hainbat arlo nabarmendu dituzte: trebakuntza, hezkuntza, koordinazioa eta ebaluazioa, bertzeak bertze.

Inboluzioa gazteen artean

Hezkuntza da emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko funtsezko tresnetako bat. Horixe nabarmendu du Zabalegik, bai eta NUPeko berdintasun teknikari Idoia Aranazek ere. Tuterako Udaleko berdintasun teknikari Marian Garciak ere haiekin bat egin du. Eta, ildo horretan, kezka agertu dute gazteen artean gertatzen ari denarekin.

Hezkuntzaren esparruan huts egin dela erran du Zabalegik, argi eta garbi. Eta horrek badu isla gazteen jarreretan. «Inboluzioa gertatu da. Gazteak ontzat jotzen ari dira genero indarkeria agerian uzten duten jarrerak», erran du Zabalegik. Hedabideetan eta publizitatean erakusten diren ereduek duten eragina aipatu du.

Tuterako hainbat datu aipatu ditu Garciak, errealitate horren adierazgarri: «208 emakume artatu ditugu urriaren 31 bitarte; horietako lau 18 urtetik beheitikoak ziren; 18 eta 30 urte bitartekoak ziren 55; eta 31 eta 40 urtebitartekoak, berriz, 80». Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuaren bertze datu bat jarri du Garciak mahai gainean: «Urtean 36 prozedura ari dira martxan jartzen, 14 eta 17 urte arteko nesken salaketen harira».

NUPen 9.000 ikasle daude. Zabalegik eta Garciak aipatu dutena aurrean ikusten du Aranazek, egunero: «Berdintasun faltsuaren ideia barneratu dute gazteek. Ikerketa baten arabera, unibertsitateko kideen %80k uste dute berdintasuna badagoela». Astero, ordea, emakumea sexu objektu soil gisa aurkezten duten kartelak zintzilikatzen dituzte NUPeko paretetan. Ez hori bakarrik. «Ikerketek diote unibertsitatean sexu jazarpena badela; ez da salatzen, ordea. Genero indarkeriako kasu larriak erraz identifikatzen dituzte; bertzelako indarkeria mota sotilagoak, ordea, ez; ez dituzte indarkeriatzat hartzen».

2009tik badu NUPek berdintasun teknikaria. 2007koa da erakunde horren berdintasun plana. «Urratsak egiten ari gara», nabarmendu du Aranazek. Berdintasunean espezializatzeko titulu propioa du NUPek, adibidez, bai eta generoari buruzko graduondokoa ere. «Finantzaketa arazoak izan ditu azken urteotan; murrizketak izan ditugu NUPen, eta gobernuak ere murrizketak egin ditu berdintasun politiketan», nabarmendu du teknikariak.

Hezkuntzarekin batera, ikerketak duen garrantzia agerian utzi du Aranazek, eta NUPek arlo horretan lan handia egin dezakeela erantsi du. Marian Garciak ere funtsezkotzat jo du ikerketa lana. «Jakin behar dugu zer dagoen gazteen jarrera horien atzean; edo zergatik Nafarroan hainbertze emakumek egiten duten atzera salaketa jarri eta gero». Arrazoiak zehaztu, eraginkor izateko. Horixe behar dela argi du Tuterako berdintasun teknikariak. Eta hori lortzeko balio beharko lukeela lege berriak ere.

Sareak osatzea ere hagitz garrantzitsua dela uste du Garciak. Tuteran mahai bat osatu dute, adibidez, emakumeen aurkako indarkeriari elkarlanean aurre egiteko. Administrazioak eta eragileak batera ari dira. Udala herritarrengandik gertu dagoela nabarmendu du teknikariak, eta horrek lana errazten duela.

Tuteran, emakumeak artatzeko zentro bat dago. Bertze bat bada Lizarran. Biak dira gobernuarenak. Oraindik indarrean dagoen legeak jasotzen du emakumeei laguntza integrala emateko zentroak jarri behar direla martxan 20.000 biztanle baino gehiagoko herrietan, bai eta merindadeetako hiriburuetan ere. «Legeak jasotako zentroen gisakorik ez da zabaldu», azaldu du Zabalegik. «Kontua da emakumeak behar duen arreta guztia jasotzea toki berean». Testu berriak ere halakorik ez duela jasotzen erantsi du. Bertzelako iritzia du Nagorek. Ontzat jo ditu egungo zentroak. Iruñean ere udalak bat baduela gaineratu du. «Lege berriarekin asmoa da Iruñekoak eskualde osoa artatzea». Zuhur da Zabalegi. Bai eta Garcia eta Aranaz ere. Egin dena onartu dute, baina argi dute anitz badela, oraindik ere, egiteko. Indarkeriari aurrea hartzea da lehentasun haientzat. Argi dute giltza zein den: berdintasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.