Herriko bozak Ipar Euskal Herrian

Gaur da bozen lehen itzulia

Herriko etxeetako kontseiluak osatzeko bozkatuko dute gaur eta heldu den astean Ipar Euskal Herriko herritarrek. Koronabirusari aurre egiteko neurri bereziak iragarri dituzte bozkalekuetan

Bozetako hautagaien afixak, Miarritzen. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2020ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Bozka eguna da gaur, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Herriko bozen lehen itzulia izanen da. Ondoko sei urteetan herriko kontseiluak eta Euskal Elkargoa gobernatuko dituzten hautetsiak hautatu beharko dituzte Ipar Euskal Herriko herritarrek.

160 HERRI ETA HIRI

158 biltzen dira Euskal Hirigune Elkargoan, horien artean Lixoze (Biarnoa). Baina elkargotik kanpo diren bi herri gehiago ditu Euskal Herriak: Jestaze eta Eskiula (Zuberoa). Biztanleriaren arabera, desberdin bozkatzen da herri bakoitzean.

Mila biztanletik gorako herrietan, hautagaitza bakoitzak herriko kontseiluak duen hautetsi kopuru bereko zerrenda itxi bat osatu behar du —biztanleriaren arabera definitzen da hautetsi kopurua—.

Mila biztanletik beherako herrietan, hautagaitzak banaka ala taldean aurkeztu daitezke. Taldean aurkeztuz gero, boto paper bakarrean agertuko da zerrenda, baina hautesleak gustuko ez dituen izenak marratzeko aukera du.

PAREKIDETASUNA

Mila biztanletik gorako herrietan parekidetasuna errespetatzera behartuak dira, zerrendetan gizon eta emazte hautagaiak txandatuz. Baina zerrendaburuak gizonak dira gehienetan. 41 herritan aurkeztuko diren ehun zerrendetatik 22tan bakarrik dira emakumezko zerrendaburuak.

119 herri dira 1.000 biztanletik beherakoak; horietan legeak ez du ezer behartzen parekidetasunari begira. Bozetara aurkeztuko diren 1.583 hautagaietarik %36 baizik ez da emakumezkoa izanen.

BI ITZULIKO BOZAK

Bi itzulitan egiten dira herrietako hauteskundeak. Mila biztanletik gorako herrietan, lehen itzulian zerrenda bakar batek ez badu bozen %50 lortzen, bigarren itzulia jokatuko da. Emandako bozen %10 lortu duten zerrenda guziek dute bigarren itzulian aurkezteko aukera. %5 baino gehiago lortu dutenak, beste zerrenda batekin fusiona daitezke, eta zerrenda berria osatu. Bigarren itzulian lehen tokia lortzen duen zerrendak herriko kontseiluko eserlekuen erdiak lortuko ditu. Gainerako eserlekuak zerrenda bakoitzak lortu duen emaitzaren arabera banatuko dira, proportzionalki.

Mila biztanletik beherako herrietan, bi baldintza bete behar dira lehen itzulitik hautetsi eserlekua eskuratzeko: erroldaren %25 eta hautesleen %50 baino gehiagoren boz eskuratzea. Lehen itzulitik herriko kontseilua osatzen ez bada, bigarren itzulia egiten da. Boz gehien lortzen dituzten hautagaiak dira hautatuak.

EUSKAL ELKARGOA

158 herritako ordezkariak batzen dira Euskal Hirigune Elkargoko batzarrean; 233 hautetsi. Biztanleriaren arabera, herriko kontseilu bakoitzak ordezkari kopuru ezberdina dauka.

Hiru urtez elkargoaren eraikuntzan aritu ondotik, ekintza politikoaren aldia izanen dira ondoko sei urteak. Orain arte kontsensuan oinarritu badira, hemendik aitzina talde politikoak osatuko direla iragarri du batek baino gehiagok.

21 politika publiko gauzatzeko eskumenak bere egin ditu Euskal Elkargoak lehen hiru urtean; politika horietako gehienentzat planak osatuak ditu. Ikusteko dago gauzatzeko orduan zer erritmotan ariko den.

EMAITZAK

18:00etan itxiko dira bozkalekuak Ipar Euskal Herrian, baina lehen emaitza ofizialak 20:00etatik aitzina baizik ez dira ezagutuko, orduan itxiko baitira Frantziako hiri nagusietako bozkalekuak.

Emaitzen berri luze eta zabal jakinaraziko du BERRIAk webgunean. Ipar Euskal Herriko euskal hedabideek irrati eta telebista saio bereziak eginen dituzte elkarlanean: emaitzak, analisiak eta protagonisten elkarrizketak.

KORONABIRUSA

Pirinio Atlantikoetako Prefeturak jakinarazi duenez, herriko etxeek bozkalekuetan segurtasun eta higiene neurri zenbait bete beharko dituzte kutsatze kasuak murrizteko. Bozkalekuen garbiketa egun hasieran eta bukaeran egin beharko dute. Gela barneko materiala, berriz —mahaiak, boz kabinak, hautetsontziak—, «erregularki» garbitu beharko dituzte asesoreek. Bozka makinak oren erdi oro desinfektatu beharko dituzte. Bozkatzaileek boz kabinetako gortinak ez hunkitzeko, pareten kontra ezarriko dituzte, legeak gortinak kentzea ez baitu ahalbidetzen. Bozkalekuko pertsonek desinfektatzeko produktuak izanen dituzte eskura. Azkenik, pertsonen artean metro bateko distantzia errespetatzeko eskatu dute, eta erran dute igurikatze lerroak mugatzeko markak ezarriko dituztela lurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.