Ekonomisten ustez, egoerak hobera egingo du urtea amaitzerako

Ekonometroa argitaratu dute, bigarrenez.Parte hartzaileen iritziz, ez dira nahikoa neurri hartu higiezinen beste burbuila bat saihesteko

Iñaki Ruiz, Mercedes Vallejo eta Joseba Barandiaran, emaitzen aurkezpenean, atzo, Bilbon. EKONOMISTEN EUSKAL ELKARGOA.
Arnaitz Lasarte.
2015eko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Ekonomistak «baikor» daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako suspertze ekonomikoaren bilakaeraren inguruan. Ekonomisten Euskal Elkargoak Ekonometroa inkestaren emaitzak argitaratu ditu bigarren aldiz, eta, bertan parte hartu dutenen ustez, urtea hasi zenetik egoera ekonomikoa ez da okertu. Ia erdiek, %48,7k, uste dute egoera ez dela aldatu, eta %43,4k hobetu egin dela. Gutxi batzuek diote egoera okertu dela: %8k. Datozen hilabeteei begira, are baikorrago agertu dira, gainera: %62k uste dute egoera hobetu egingo dela urtea amaitzerako, eta%2,6k bakarrik diote okertu egingo dela.

Ekonomisten Euskal Elkargoak 5.000 profesional baino gehiago biltzen ditu, eta aurten jarri dute martxan Ekonometroa izeneko inkesta, kolektibo horren iritziak bildu eta gizarteratzeko. EHUrekin elkarlanean egiten da. Lehen inkestaren emaitzak otsailean argitaratu zituzten, eta atzo bigarrenarenak. 533 ekonomistak erantzun dituzte galderak oraingoan. Hainbat gairi buruzko iritzia eskatu diete. Besteak beste, honako gai hauek jorratu dituzte: euskal ekonomiaren lehiakortasunean eragina duten faktoreak, BGAE bidez aurrezkia sustatzeko egungo politikak, AHTa, beste higiezinen burbuila bat eragozteko hartutako neurriak...

Galdeturiko pertsonen ustez, euskal ekonomiaren lehiakortasunean gehien eragiten duten lau faktoreak honako hauek dira: I+G+B (Ikerketa, Garapena eta Berrikuntza), finantzaketa eskuratzea, prestakuntza eta soldata kostuak. Aurreko inkestarekin alderatuta, «I+G+B»aukera hirugarren postutik lehenengora pasatu da; orain, lehiakortasunari gehien eragiten dion faktorea da, ekonomisten ustez. Lehen inkestan, «Finantzaketa eskuratzea» zen. Beste aldean jarri dituzte «Iruzurra» eta «Zerga presioa»; lehiakortasunari gutxien eragiten dieten faktoreak dira, ekonomisten arabera.

AHTa amaitzearen alde

Ale horretan, AHTari buruzko iritzia ere eskatu diete ekonomistei. %79,4k uste dute egindako inbertsioa eginda obrak amaitu egin behar direla. %10,3 daude obrak gelditzearen alde. Egoera profesionalaren arabera, sektore publiko zein pribatuan besterentzat lan egiten duten ekonomistak dira obrak jarraitzearen aldeko jarrera argiena dutenak (%82). Lanik gabe dauden ekonomisten %20,8k, berriz, uste dute obrak gelditu egin behar direla.

Gai horri buruzko iritziak adinaren arabera aztertuz gero, badirudi lotura zuzena dagoela adinaren eta iritziaren artean. Izan ere, ekonomista nagusienak dira obrak gelditzearekiko errezelo handiena agertu dutenak. Obrak amaitu egin behar direla uste dute 45 eta 60 urte bitarteko ekonomisten %85ek eta 60 urtetik gorakoen %80k. Obrak bertan behera uztearen alde, berriz, gutxi daude: 45 eta 60 urte bitartekoen %8,7 eta 60 urtetik gorakoen %11,6. Aldiz, gazteenen artean dago hedatuen obrak gelditzearen aldeko jarrera. 30 urtetik beherakoen artean, %25 dago horren alde.

Higiezinen krisiaren inguruan galdetuta, ekonomista gehienek (%83k) uste dute ez dela nahikoa neurri hartu berriro burbuilarik ez egoteko. %58ren iritziz, behin-behineko neurriak soilik hartu dira, eta %25en arabera, ezta hori ere. Beharrezko neurriak hartu direla gutxiengoak uste du: %1ek.

Txostenean diotenez, biztanleria zahartzea fenomeno «saihetsezina» dela diote adituek; ondorioz, pentsio sistema publikoaren etorkizuna zalantzan jartzen hasi da. Hori dela eta, inkestan galdetu dute ea BGAE Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeak sortzeak aurrezteko kultura indartu ote duen. Ekonomista gehienek —%70ek— diote ez dituztela nahikoa garatu aurreztea sustatzeko politikak.

Gehienen iritziz, neurri osagarriak hartu behar dira horretarako. Ondoren, pizgarri fiskalekin lotura duten neurriak jo dituzte garrantzitsutzat. %22,5ek uste dute komenigarria litzatekeela zerga kenkarien gaineko mugak handitzea; %21,2k uste dute ez litzatekeela batere egokia zerga kenkariak kentzea; %18,8k, berriz, ez lukete egokitzat joko haren gaineko mugak murriztea.

Galdeturiko hirutik bik uste dute «nahiko egokia» edo «oso egokia» dela BGAEen kudeaketa kostuen, arriskuen tipologiaren eta abarren gardentasuna handitzea. Aldiz, ia %38k ez dute uste aukera hori ona denik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.