Ez da meteorito bat izan

XX. mendean baino ehun aldiz azkarrago desagertzen ari dira animalia espezieak. Adituek diote gizakiaren esku hartzearen ondorio dela «seigarren desagerpena».

K Saioa Alkaiza(h)
2015eko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Orain dela 65 milioi urte dinosauroak desagertu zirenetik, ez zen halakorik gertatzen. Orduan, espezieen %75 hil ziren; eta, orain, munduko fauna bide beretik doala diote hainbat zientzialarik. Espezieak XX. mendean baino ehun aldiz azkarrago galtzen ari dira, Science aldizkarian hainbat unibertsitatetako ikerlariek argitaratutako artikulu baten arabera. Desagertze tasa naturala azkartu egin dela diote. Eta hari berari eutsi dio International Union for Conservation of Nature erakundeak: orotara, azken mende erdian, 832 espezie desagertu direla dio. Ornodunen kasua aztertu dute egoera azaltzeko, behatzeko errazena delakoan. Txostenak jasotzen duenez, 1500. urtetik, 338 espezie ornodun desagertu izanaren zantzuak daude; beste 279 zoologikoetan baino ezin dira aurkitu. Eta hori dago dokumentatuta; inork ez daki zeintzuk diren zenbaki errealak. Horra gertatzen ari denaren lagina. Izan dira historian halako bost galera masibo —dinosauroena barne—, faktore naturalek eragindakoak denak. Oraingoa ezberdina da: gizakiarena da errua. «Seigarren desagerpena» dela ziurtatu dute makina bat zientzialarik. Beste ahots batzuek, ordea, azterketa puztua egitea leporatu diete. Gehiegizkoa. Aburuak aburu, mahai gainean jarri dituzte datuok.

Meteoritoak, sumendiak, supernobaren leherketa... horiekazken 540 milioi urteetan espezien desagertze handiak eragin dituzten faktoreak. Oso bestelakoak dira egungoak: gehiegizko ustiapena, gainpopulazioa, kutsadura, espezieen salerosketa, hilketak —propio eragindakoak zein nahi gabekoak—, baso soiltzeek eragindako habitat suntsiketa eta klima aldaketa, besteak beste. Dodging Extinction (Desagertzeari izkin egiten) liburuan arrazoiak aletu ditu Anthony Barnosky paleobiologoak: «Desagerpenaren arrazoiak askotarikoak izan dira historikoki, sumendietatik asteroideetara, baina ezaugarri komun bat dute:ingurunean eta atmosferako CO2 kopuruan eragiten dutela, bai eta ozeanoen azidotasunean ere —%30 egin du gora azidotasunak industria iraultzatik—». Borobildu egin du hausnarketa: «Desagerpen hau espezie bakarrak bultzatu du: gizakiak».

Bat egin du harekin Manuel Salesa paleontologoak ere: «Gizakia ez da jabetzen, baina aurreko desagerpenen ondoren, urte asko behar izan ziren planeta loratu eta bizitza berriz jaio zedin. Orain, dena suntsitzen ari gara, inguru guztia, eta, azkenean, gu geu desagertu egingo gara».

Espeziez espezie

Planetan 1,7 milioi espezie inguru daude —zifra horren inguruan ere badira desadostasunak adituen artean; dena dela, gehienek hartzen dute aintzat—, eta horietatik %2,7 daude arriskuan. Ez dirudi asko zenbaki absolutuetan. Haatik, ikaragarria da galeren erritmoa. Gero eta azkarragoa. Eta iragartzeko gaitza da zein eragin izan dezakeen espezie baten desagerpena beste batenean. Izan ere, osotasun bat da ekosistema guztia. Gainera, datuak are larriagoak ere izan daitezkeela ohartarazi dute, zaila da-eta neurketa.

Ingurumari horretan, International Union for Conservation of Naturek kaleratutako azterketak eman dezake argi pixka bat: urtero, 50 espezie sartzen dira desagertze arriskuan daudenen zerrendan. Iaz plazaratu zuen egoera aztertzeko azken txostena: 76.000 espezie ikertu zituen —1,7 milioietatik zati txiki bat baino ez—, eta 22.400 zeuden galbidean; horietatik 4.635, «arrisku larrian», gainera. Alegia, behatutako %30 zeuden kinka estuan. Urtez urte, geroz eta animalia gehiago hartzen ditu ikergaitzat erakundeak, eta urtero doa gora arriskuan daudenen kopurua—adibidez, 2013an, 21.000 ziren arriskuan zeudenak; 1996an, 10.000ra ere ez ziren iristen—.

Familiei begiratuta, anfibioak dira kaltetuenak. Orain bost mendetik, 34 espezieren galera zegoen jasota; 1980tik hona, berriz, 100ena. Aurrerapen teknologikoek zerikusi handia badute ere zenbaketa prozesuan, ezin ukatuzkoa da gizakiaren esku hartzeak utzitako lorratza.

Espeziez espezie ere kimatu dute gaia. Itsas behiaren kasua deigarria da, esaterako: munduko zetazeo txikienak gorriak ikusten ari dira, ehun bat baino ez baitira. Eta jaisten. Arraste-arrantzak jartzen ditu arrisku larrian. Antzeko dabil hegalik gabeko mazpa: 1.500 baino ez dira geratzen. Hori ez da, halaber, uretan dagoen traba bakarra. Izan ere, botatako zakarra dela medio, itsas dortoken espezien %58 dago arriskuan, eta itsas hegaztien %21.

Lurrean ez daude askoz hobeki gauzak. Errinozeroak dira desagerpenerantz amiltzen ari diren beste batzuk, baten bat aipatzearren. Esaterako, Sumatra espeziaren 250 animalia baino ez daude, eta Javakoaren 35. Eta horiek hautatutako adibide batzuk baino ez dira. Baina baita errealitate konplexu baten nolakotasuna azal dezaketen zenbakiak ere.

«Gizakia drastikoki eraldatzen ari da planeta», esan du Salesak, egoeraren erradiografia eginda, eta larria dela ohartarazten ahalegindu da: «Ezin dugu hau egin, izan ere, bukaeran ordaindu egin beharko dugu, azkenerako kalterako izango da».

Adituetako askok diote egoerari buelta ematea dagoela, posible dela konponbideren bat aurkitzea. Horretarako, ingurumenean egindako neurririk gabeko ustiapenak geratu beharko lirateke; haatik, bada konponbidea oso zaila dela esaten duenik ere. Ezkortasunetik egin du azterketa Salesak: «Agian, dena aldatu egingo da, eta birziklatzen hasiko gara, ingurua zaintzen... Baina, agian, ez da hori pasatuko, eta geure burua suntsituko dugu. Amets bat litzateke kontzientziatzea, baina zaila da. Katastrofearen aurreko egunean, inor ez da gertatuko denaren jakitun».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.