Lau kanpamenturen zelaigune

Baionako Polo Beyris auzoan bisita berezia antolatu zuten atzo, egun parke den horrek 1939tik 1947ra arte milaka preso —bai errepublikanoak, bai naziak— giltzapetu zituela gogoratzeko

Herritarrak auzoaren historiaz jabetzeko lanak hasi eta, orain, ez ahanzteko jarri dute mugarri hau. NORA ARBELBIDE.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2015eko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Bi mugarri ditu Baionako Polo Beyris auzoko zelaiguneak. Historiaren ulertzeko bi maneraren adierazle. Batek zelaigunearen izen ofiziala dakar, Baionako Udalak estreinatua 2011n: Etienne Balsanen (1878-1953) izena jarri diote, 1922 poloan aritzeko zelaigunea hor eraiki zuela gogorarazteko.

Sortzez paristarra zen Balsan aristokrata eta militarra. Beyris auzoko lur andana bat erosi zien tokiko laborariei, eta zatika saldu. Eta erdian, beraz, poloan jokatzeko zelaia antolatu. Miarritzen turismoa garatzen ari zela, haien artekoak Beyrisera gonbidatzeko ohitura omen zuen; tartean, Espainiako erregea izan omen zen. Balsan bera Coco Chanelen maitalea ere izateagatik ezaguna da. 1930ko hamarkadan, berriz, neskentzako lizeo bat egin nahi izan zuen hor udalak, eta lurra erosi zion Balsani.

Balsanen izena dakarren mugarri horretatik hurbil, berriz, bestea dago, auzoko herritarrek osatu Beyrisko kanpamentuko memoriaren aldeko kolektiboak ezarria, 2013an. Ikerketak egiteaz gain, transmititzeko lanetan dihardu taldeak. Atzo, hain justu, auzoaren beste irudi bat ekarri zuen bisita proposatu zuen: berak jarri mugarrian bururatu zuen.

Harrizko kubo bat da mugarria. Lau alde ditu, zelaigunean aldizkatu lau kanpamentuak irudikatzen dituztenak. 1939tik 1947ra milaka preso giltzapetu zituzten han. Lehen kanpamentua 1939koa izan zen. Bartzelona erori zela, milioi erdi lagunek ihes egin zuten Espainiako Estatutik, eta 800 bat Polo Beyris auzoko kontzentrazio kanpamentuan preso atxiki zituzten. Balsanen zalditegietan. Gaur egungo Poloko Hiriondo ikastolako lurretan.

Errepublikanoentzat lastoa

Preso haien artean, Alvaro de Orriols idazle katalanaren (Bartzelona, 1894 - Baiona, 1976) familia zen. Didier Dameztoi ilobak bere lekukotasuna ekarri zuen atzoko bisitan: «Desilusio izugarria izan zuten. Eraiki nahi zuten errepublikak Frantziakoa zuen eredu. Uste zuten Frantziara etortzerakoan harrera errepublikano eta duin bat izanen zutela».

Harrera gisa, ordea, zalditegietako zaldi kaiolak izan zituzten, lastoa lurrean. Halere, elkartasun sare bat antolatu zen, eta baiones batzuk lagundu zituzten harrera «duinagoa» izan zedin, janaria eta altzariak emanez. Kanpamendua hestean, 1939ko urrian, Espainiara, Hego Euskal Herrira eta Kataluniara kanporatu zituzten ehunka. «Ez dakigu zer gertatu zitzaien», nabarmendu zuen Dameztoik. Zenbait familiak lortu zuten Lapurdin gelditzea. Orriols, adibidez, irakasle gisa hasi zen Itsasun.

Kanpamentuak bigarren bizia hasi zuen 1940an. Nazien agindupean, 1944 arte Frontstalag 222 izendatu zuten lekua, eta 50 bat etxola eraiki. Frantziako kolonietako soldaduak giltzapetu zituzten. 1944 eta 1945 artean, «garbiketaren» garaia iritsi zen. Baionako eta inguruko 800 bat lagun sartu zituzten, naziekin kolaboratu zutelakoan. 1945tik 1947ra arte, 189 presondegia izendatu zuten lekua: milaka soldadu aleman giltzapetu zituzten.

Urteak behar izan zituen ondotik Baionako Udalak lurrak berreskuratzeko. Dena bota eta dena ahanzteko joera nagusitu zen orduan. Orain, alderantzizko bidea hartzera gomitatzen du kolektiboak. Ikertzen segitzen duela, taldeak aurkitu berri du Balsanek gerlatik landa Brasilera ihes egin zuela. Udalari transmititu dio informazioa; parkearen izena aldatzeko eta izen berria herritarrekin hautatzeko eskatu dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.