Inork ez du atzera egiten

Bederatzigarren larunbatez jarraian, milaka herritarrek protesta egin dute Hong Kongen, erreforma demokratikoak eskatzeko. Greba orokorrera deitu dute biharko; aurrenekoa da 60ko hamarkadatik

Hong Kongeko Poliziako kideak, atzo, mobilizazioa sakabanatzeko ahaleginean. Negar gasa jaurti zuten. JEROME FAVRE / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Erreforma demokratikoak eskatzen dituzte Hong Kongen kalera ateratzen ari diren milaka herritarrek. Atzo ere, bederatzigarren larunbatez jarraian, protesta egin zuten. Baina administrazioak ez du adierazi eskari horiei kasurik egiteko asmorik. Ekain hasieran lehen manifestazioak eragin zituen Txinarako estradizio legeak, eta behin-behinean eten zuen Carrie Lam gobernadoreak pare bat aste geroago, baina esana dauka ez duela bertan behera utziko lege proiektua. Txina presioa egiten ari da, eta biharko greba orokorrera deitu dute 1997ra arte kolonia britainiarra izandakoan.

Antolatzaileek emandako zenbakien arabera, atzoko mobilizazioak 120.000 lagun inguru bildu zituen. Amaitzear zela, Poliziaren komisaria bat inguratzen ahalegindu ziren manifestariak, baina agenteek negar gasa jaurtiz sakabanatu zituzten. Hain zuzen, Poliziaren jarrera dago debatearen erdian. Joan den igandeko mobilizazioan istiluak izan ziren polizien eta manifestarien artean, eta 44 pertsona atxilotu zituzten. Poliziak matxinada delitua leporatzen die, eta asteazkenean epailearen aurretik igaro ziren atxilotuak. Berme bat ordainarazi eta gero, aske utzi zituen epaileak, baina berriro deklaratu beharko dute irailaren 25ean. Bost eta hamar urte arteko kartzela zigorra ezar diezaiekete.

Txinako Gobernuarentzat, ordea —Hong Kong Txinaren parte da, baina estatus politiko berezia dauka—, Poliziak baditu modu are oldarkorragoan jokatzeko motiboak. Krisi politikoa dela eta, tarteka mehatxu egin du Pekinek. Defentsa Ministerioak argi utzi zuen, joan den uztailaren 23an, Hong Kongeko administrazioak eskatuz gero armada aterako dutela kalera. Sei egun geroago, Hong Kongeko eta Macaoko Auzien Bulegoko eledunek babesa helarazi zioten Lam gobernadoreari, baina aitortu zuten «gabeziak» erakusten ari dela krisiari aurre egiteko orduan. Horrenbestez, «ordena» berriz ezartzeko eskatu zioten.

Eta horrekin guztiarekin lotuta, manifestariak asaldatu zituen bideo bat jarri zuten Txinako armadak Hong Kongen dituen soldaduek sare sozial batean, lehengo asteazkenean. Bertan, istiluen aurkako saio bat simulatzen ageri dira, eta soldaduetako batek oihu egiten du manifestariak izango direla «ondorioen erantzuleak». Mobilizazioetan gero eta ohikoagoak ari dira bihurtzen Poliziaren kontrako oihuak eta pankartak.

Mobilizazioekin aurrenekoz bat egin dutenak funtzionarioak izan dira. Matthew Cheung eskualdeko idazkari buruak «neutraltasuna» eta «erabateko leialtasuna» eskatu zien ostiral goizean. «Herritarrak zerbitzatzea da gure egitekoa. Gure iritzi pertsonalek ez lukete oztopatu beharko gure eginkizuna». Protestekin bat egiten zutenen lanpostua arriskuan egongo zela nabarmendu zuen. Baina gobernuaren menpeko 52 agentziatako langileek gutun anonimo bat kaleratuz erantzun zioten, eta gogorarazi Oinarrizko Legearen —eskualdeko konstituzioaren baliokidea— 27. artikuluak jasotzen duela funtzionarioek elkartzeko eskubidea dutela.

Sektore askotako kideak ari dira mobilizazioetan parte hartzen, eta sindikatu eta enpresa nagusiek biharko deitutako greba orokorra babestu dute. Ia bi dozena sektoretako taldeek gutun bateratu bat argitaratu zuten atzo, eta grebarako deia egin. Eskualdeko gobernuaren jarrera salatu dute, gizartearen zati handi baten protesta baketsuei «entzungor» egiteagatik. «Gobernuak ez baldin badu erantzuten, greba gehiago egingo ditugu. Ez dugu amore emango arrakasta eduki arte». 60ko hamarkadaz geroztik Hong Kongonen deitutako aurreneko greba orokorra izango da.

Pekinen aldekoak

Lamekin bat egiten dutenak ere bildu ziren atzo, Hong Kongen. Milaka izan ziren, aldean Hong Kongeko eta Txinako banderak zituztela. Gehienak zuriz jantzi ziren —gobernuaren aldekoak beltzez janzten ari dira—, eta Poliziaren aldeko leloak oihukatu zituzten. Azken asteetan istiluak eragin dituzte Pekinen aldekoek, eta brigadak ere antolatu dituzte Lamen politikekin bat egiten ez dutenen kontra egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.