Kataluniako erreferenduma

Mehatxuei, batasun erakustaldia

Galdeketa ahalbidetzeagatik Espainiako fiskal nagusiak deklaratzera deitutako 710 alkateak babestu dituzte Kataluniako Gobernuak eta herritarrek. Puigdemont: «Ez dezatela herri katalana gutxietsi»

Erreferenduma babesten duten alkateak eta Kataluniako Gobernuko kideak atzo, Generalitatean. QUIQUE GARCIA / EFE.
Igor Susaeta.
2017ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Espainiak, estatuak berak, erasora jo du. Hurbiltzen ari da urriaren 1eko Kataluniako erreferenduma, eta presioa areagotzen ari da judizialki eta polizialki. Kartzelarekin zein zigor ekonomikoekin mehatxatu du galdeketaren bultzatzaile oro, eta Polizia enpresak miatzen dabil material bila. Herenegun, gainera, Generalitatearen kontuak kontrolatzea erabaki zuen Espainiako Gobernuak, eta Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua «ateko atzetik» aplikatu du, Kataluniako Gobernuko Ekonomia idazkariak esan bezala. Kataluniako autonomia kolokan jarri duela Madrilek, alegia. Hala sentitu dute Katalunian; areago, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak ondokoa adierazi zuenean: «Egin nahi ez duguna eginaraziko digute». Eta mehatxuei, are erasoei, batasun erakustaldia emanez erantzun zion atzo Kataluniak.

Galdeketa ahalbidetzea deliberatzeagatik, Jose Manuel Maza Espainiako fiskal nagusiak deklaratzera deitu ditu Kataluniako 710 alkate. «Jazarpen judizial» horren kontra protesta egiteko, elkarretaratzera deitu zuten, atzo, AMI Independentziaren Aldeko Udalerrien Elkarteak eta ACM Kataluniako Udalerrien Elkarteak, eta instituzioek eta herritarrek babestu zituzten Bartzelonan. Bartzelonako Udalak eta Kataluniako Gobernuak harrera egin zieten alkateei, eta ondorengo diskurtsoan Carles Puigdemont hartu zuen hitza, eta Rajoyk bezperan esandakoak gogoan—«ez dezatela Espainiako demokrazia gutxietsi», adierazi zuen Espainiako presidenteak— hala erantzun zion Kataluniako Gobernuko presidenteak: «Ez dezatela herri katalanaren indarra gutxietsi, zeinak erabaki duen erabakitzea. Haiek mehatxatu dezakete, baina ez dezatela gutxietsi jarrera antidemokratiko baten aurrean planto egitea erabaki duen herri baten indarra».

Hitz horiek ahoratu zituenean, Sant Jaume plaza eta inguruko kaleak herritarrez lepo zeuden. Horiek pantaila erraldoi baten bidez jarraitu zuten Puigdemonten eta elkarretaratzera bildutako beste agintari batzuen diskurtsoak, eta «bozkatuko dugu!» eta «independentzia!» oihukatu zuten.

Ada Colau Bartzelonako alkatea izan zen mintzatu zirenetako bat, eta adierazi zuen «lotsagarria» iruditzen zaiola estatu bat hitz egiteko, «erantzun politikoa» emateko, «ezgauza» izatea. Justiziak «bonbardatu» arren, atzera ez dutela egingo azpimarratu zuen Miquel Buch AMCko presidenteak. «Haiek gure demokraziaren, determinazioaren eta balioen beldur dira. Haiek demokrazia ulertzen dute inposizio gisa». Eta nabarmendu zuen «batasuna» dela indartzen dituena. Neus Lloveras AMIko presidentearentzat, demokraziaren kontrako «atentatua» da Espainiako instituzioak egiten ari direna.

Horiek hauspotuta, hain zuzen, baiezkoaren aldekoek atzoko deitua zuten ekitaldi bat debekatu zuen Nuria Parlon Santa Coloma de Gramaneteko alkate sozialistak. Halere, egin zuten, eta ehunka pertsona bildu zituen.

Madrilek, berriz, BOEn kaleratu zuen atzo Espainiako Gobernuak Generalitatearen kontuak kontrolatzeko hartutako erabakia. Argitaratutakoaren arabera, Generalitatearen hornitzaileek erakutsi beharko dute beren jardunarekin ez dabiltzala «ekintza ilegalak» finantzatzen. Cristobal Montoro Ogasun Ministroak hurrengo egunetan azalduko ditu aginduaren nondik norakoak, Espainiako Kongresuan.

Eta Rajoyk ere hitz egin zuen atzo, Galizian, eta Kataluniako agintariei eskatu zien «itzul» daitezela «arrazionaltasunera eta legezkotasunera».

Eskozia, galdeketaren alde

Herenegun, Danimarkako zazpi alderditako hamazazpi diputatuk eskatu zioten Rajoyri Kataluniarekin hitz egin dezala, eta atzo Fiona Hyslop Eskoziako Atzerri ministroak adierazi zuen «herri guztiek» dutela autodeterminazio eskubidea, eta jakinarazi zion Espainiako presidenteari «mehatxuak» ez direla soluzioa.

Bestalde, Erreferendumaren Legea onartzeko moduarekin ados ez egon arren, Rafael Ribo Kataluniako arartekoak pentsatzen du Espainia «oinarrizko eskubideak» urratzen ari litekeela, eta, horregatik, gutun bat bidali die Europako hainbat erakunderi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.