Hitzetatik ekintzetara jo gabe

NBEren klima aldaketari buruzko goi bileran ez dute zehaztu Parisko Ituna garatzeko neurririk. 2030erako ikatza energia iturri gisa ez erabiltzeko hitzarmena sinatu dute hogeitaka estatuk

Behargin bat Qingdaon (Txina), ikatz blokeak fabrikatzen dituzten lantegi batean, 2010ean. WU HONG / EFE.
Igor Susaeta.
2017ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Klima aldaketaren kontrako Parisko Ituna sinatu zuten munduko potentzia guztiek 2015eko abenduan, eta konpromiso bat hartu: industrializazioaren aurretikoarekin alderatuta, XXI. mendean planetaren tenperatura ez areagotzea bi gradu baino gehiago. Esparru orokor global bat proposatzen du duela bi urteko hitzarmenak, baina hori garatu ahal izateko neurriak ezartzea falta zaie estatuei. Eta azken hamabi egunetan NBE Nazio Batuen Erakundeak klima aldaketari buruz Bonnen (Alemania) egindako goi bileran ere ez dute jo hitzetatik ekintzetara, atmosferara igorritako CO2 kopurua gutxitzeko arauei dagokienez. Halere, Erresuma Batuak eta Kanadak bultzatuta, hogei estatuk baino gehiagok itun bat sinatu dute, 2030erako ikatza energia iturri gisa ez erabiltzera konprometituz. Ikatzetik sortzen da munduan kontsumitzen den elektrizitatearen %40, baina, aldi berean, berotegi efektuko gas gehien emititzen dituen erregai fosila da. «Munduan, urtero, 800.000 pertsona baino gehiago hiltzen dira erretzen den ikatzak eragindako poluzioaren ondorioz», zehaztu dute sinatzaileek.

Bestela, erabaki nagusiak, datorren urtearen amaieran egingo duten goi bilerarako utzi dituzte Bonnen bildutako 200 estatutik gorako ordezkariek. Katowicen izango da (Polonia) —Europan ikatz gehien ekoizten duen hirietako bat da—, eta zirt edo zart egin beharko dute. Parisko Itunak adostutakoa 2021ean da ezartzekoa, baina araudia 2018an dira zehaztekoak.

Eta berotegi efektuko gasak dituzten erregai fosilen erabilera saihesteko ahaleginean, arazo bat da finantzaketa. Izan ere, baliabide gutxien dituzten estatuei gas horien isuria gutxitzeko estrategia bat exijitzen zaien neurrien, horiek eskatzen diete ekonomikoki boteretsuagoak direnei konprometi daitezela denen artean, urtero-urtero, 100.000 milioi dolarreko ekarpena egitera—85.000 milioi bat euro—. Horixe ezartzen du 2009ko NBEren goi bileran onartutako Klimaren Funts Berdeak, eta horixe dio, gainera, Parisko Itunak. Duela bi urte adostutako itun globalak 2025era arte eutsi nahi dio kopuru horri, eta, gero, «helburu anbiziotsuagoak ezarri».

Baina, oraingoz, ez dituzte helburuak bete, eta, horregatik, gertatzen ari dena kritikatu zuen, atzo Maria Fernanda Espinosa Ekuadorko Atzerri ministroak: «Zortzi urte igaro dira jada. 100.000 milioi dolar espero ziren urtero, eta hori ez da gertatu. 6.000 milioi dolar daude kaxan».Haren esanetan, ez da soilik finantzaketaz eta baliabideez hitz egin behar. «Teknologien transferentzia eta gaitasunen kudeaketa ere kontuan hartu behar dira» .

Programa argi bat, konpromiso loteslekoa, nahi dute baliabide ekonomiko gutxien dituzten estatuek, eta zeregin horretan Txinaren babesa dute. Azpiegitura aldetik garatuta daudenek erantzuten diete, ordea, ezin dutela aurrez jakinarazi urtero zenbat diru jarriko duten; aurrekontuaren araberakoa dela. Bonngo goi bileran ez dute aurrerapausorik eman, eta han izan diren ordezkariek diote Katowicekoan ere arazo iturri izango dela finantzaketa.

Areago, Donald Trumpek joan den ekainean jakinarazi zuenetik AEBak Parisko Itunetik aterako direla. AEBak ziren, hain zuzen, 100.000 milioi dolarreko poltsa horretan ekarpen handienetakoa egin zezaketenak, eta hori galtzea arduratzeko modukoa iruditzen zaie garapen ekonomikorako bidean diren estatuei. Judith G. Garber izan da AEBeren ordezkaria Bonnen, eta, Trumpek ez bezala, ez du klima aldaketa ukatu, baina baieztatu du haren herrialdea «ahalik eta lasterrena» aterako dela itunetik. Siria eta Nikaragua ez ziren Parisko Ituna sinatzearen aldekoak, baina iragarri dute baietz, sinatuko dutela. Beraz, AEBak bakartuta geratu dira klima aldaketaren kontrako borroka globalean. Dena den, hango hainbat hirik eta estatuk ez dute Trumpen erabakiaren bat egiten, eta klima aldaketaren kontrako haien politikak Parisko Itunak gidatuko dituela nabarmendu izan dute.

Talanoako Elkarrizketa

Talanoako Elkarrizketa deitutako programa diseinatu dute Bonnen. Horren arabera, estatu guztiek adierazi beharko dute hurrengo goi bileran, Katowicekoan, zein konpromiso hartuko dituzten estatu bakoitzeko berotegi efektuko gasen emisioak gutxitzeko. Azken hiru urteotako joera hautsiz, aurten handitu egin da atmosferara igorritako CO2 kopurua, eta, hortaz, industrializazio garaiko tenperaturarekin alderatuta, gaur egungoa 1,1 gradu beroagoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.