martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Errespetua

2017ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Bi elkarretaratze jendetsu ikusi ditugu asteon, Bruselan bata eta Parisen bestea; katalanak, ostegunean Europako Batasunaren hiriburuan, eta euskaldunak, atzo, Frantziakoan.

Antzekotasun handia eduki dute bi ekinaldiek, biek eskubideen urraketaren salaketa eraman dute, hain zuzen, urraketa hori gelditu litekeen guneetara. Katalanek, Espainiako Gobernuak eta estatu egiturek zuen erabakitzeko eskubidea praktikan jartzeko prozesuan eragindako debekuak, gehiegikeria, esku hartzea autogobernuan, espetxeratzeak... salatu dituzue; Europari behingoz esnatu eta esku har dezan eskatuz. Euskaldunok, Frantziako Gobernuak euskal preso politikoekin daukan jarrera gogorra eta gizalegerik gabekoa. Presoak Euskal Herritik gertuen dauden presondegietara hurbiltzea eskatu zuten, hala nola osasun egoera larrian daudenak kaleratzea. Aspaldiko eskaerak, oraindik ere bete ez direnak, auzi horretan Espainiako Gobernuaren lorratzetik irten gabe ibili baita Frantziakoa. Bere espetxe politika propioa edukitzea galdegin diote Frantziako Gobernuari; Espainiakoa bakarrik utzi eta salatzeko aukera gehiago egongo delakoan.

Bi kasuetan, nazioarteko komunikabideen oihartzuna ere bilatu zuten, era nabarmenagoan zuen kasuan, Kataluniako afera, euskal presoena ez bezala, mundu erdiko agenda informatiboan dagoelako. Ez da egongo Europan, aspaldiko urteetan, horrenbesteko jorraketa informatiboa eduki duen nazio arazorik.

Errespetu hitza bi manifestazioetan entzun zen: errespetua katalanei eta errespetua preso politikoei. Eta milaka kilometro egin behar izan zituzten bi martxek errespetuaren eskaeraren oihartzuna heda zedin.

Bi ekinaldiak denboran bat etortzeak lagundu egiten digu nazio bakoitza zertan ari den ulertzeko orduan: katalanak estatu propio bat sortzeko ahaleginean; euskaldunak gatazkaren ondorioen irtenbidea lantzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.