Batasunarentzako erronka

Libanon parlamenturako hauteskundeak eginen dituzte gaur, bederatzi urteren ondoren. Egoera geopolitikoak garrantzia du, baina estatuaren funtzionamenduarekin daude kezkatuta herritarrak

Batasunarentzako erronka.
mikel rodriguez
2018ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Bederatzi urte igaro dituzte Libanon parlamenturako hauteskundeak egin gabe. Herrialdearen batasunak oinarritzat du erlijio identitateak markatutako giza taldeen elkarbizitza eta oreka, eta ekitaldi politiko inportante guztiak erronka bat dira batasun horrentzat. 2009az geroztik, Ekialde Hurbilean gatazka eta aldaketa garrantzitsuak gertatu dira, eta Libanori bete-betean eragin diote. «Libano Siriako gerran eta xiiten eta suniten arteko gatazka zabalagoan nahasita dago, baina hainbat ikerketa nazionalek erakutsi dute herritarrak oraingoan kezkatuago daudela barneko arazoekin: argindarra, ura, ustelkeria, estatuaren gaitasunik eza zerbitzuak emateko, lana bermatzeko...», azaldu dio BERRIAri Tamirace Fakhoury politologoak. «Hauteskunde hauek azterketa bat dira Libanon aldatzen ari den errealitate sozial eta politikoarentzat».

Independentzia ondorengo Akordio Nazionalak (1943) ezartzen duenez, estatuko kargu nagusiak erlijioaren arabera banatu behar dira, baita parlamentuko jarlekuak ere. Libano osagai sektario handiko gerra zibil batean sartuta egon zen 1975 eta 1990 artean. Gerran esku hartu zuten Siriako tropak 2005ean erretiratu ziren, Rafik Hariri lehen ministroaren hilketaren ondotik. Ordutik, bi koalizio handik polarizatu dute herrialdeko politika: Martxoaren 14a Aliantzak —Hariri sendiaren Etorkizuna alderdia buru duena, Siriaren aurkakoa— eta Martxoaren 8a Aliantzak —Amal eta Hezbollah alderdi xiitek zuzendua, Siriaren aldekoa—.

«Bi koalizioek ikuspegi kontrajarriak dituzte politika estrategikoen eta atzerri politikaren inguruan, eta herrialdea geldialdi instituzional batera eraman dute», azaldu du Fakhouryk. Libanoko Unibertsitate Amerikarreko irakaslea da, eta horko Justizia Sozialerako eta Gatazkak Konpontzeko Institutuko zuzendari albokoa. «Litekeena da hauteskundeek bi koalizioen lehiaren hegemonia haustea».

Hauteskundeak egitea eragotzi zuen blokeo egoera 2016an hasi zen askatzen. Bi urte baino gehiagoz presidenterik gabe egon ondoren, Michel Aoun gerra garaiko jenerala izendatu zuten Martxoaren 8a Aliantzaren babesarekin, eta, ondoren, batasun nazionaleko gobernu bat egitea hitzartu zuten, Saad Hariri oposizioko buru eta Etorkizuneko liderra lehen ministro izendatuta. Pieza bat falta zen: hauteskunde legea aldatzea. Iaz egin zuten hori.

«Laburbilduz, lege berriak barruti kopurua murrizten du, eta ordezkaritza proportzionala ezartzen du». Fakhouryren ustez, horrek azkartu egiten ditu «leialtasun sektario eta lokalak», baina aitortu du guztiak ez datozela bat ondorio horrekin. Izan ere, bertze osagai bat bildu dute legean. «Botoa lehenetsia ezartzen du, eta, horrekin, pentsatzekoa da ordezkaritza proportzionalaren eragina murriztuko dela. Hau da, boto emaileek bi boto edukiko dituzte: bata barrutiko hautagai zerrendari emanen diote, eta bertzea, gogokoen duten hautagaiari».

Libanoko alderdi nagusi gehienak identitate erlijiosoaren inguruan eratuta daude, eta estatu paraleloak dira funtsean. Hauteskunde hauetan, ordea, bi elementu berri agertu dira. Alde batetik, historian lehenbiziko aldiz, diaspora zabalak botoa eman du. «Oraindik ez dakigu diasporaren botoak zer ondorio eraginen dizkion sistema politiko sektarioari», erran du Fakhouryk. Bertzetik, gerra bukatu zenetik inoiz ez ziren hainbertze zerrenda aurkeztu sistema sektarioaren aurkako jarrerarekin. «Pentsatzen da koalizio independenteek eta sektarioak ez direnek emaitza apalak izanen dituztela, baina hauteskunde hauen garrantzia da arau berriak ezarriko dituztela, kontzientzia handitu dela, eta zuama edo lider tradizionalei ailegatuko zaien mezua da ez direla izanen protagonista bakarrak».

Emigrazioa eta langabezia

Izan ere, politologoak uste du azken urteotan herritar anitz zalantzan paratzen hasi direla eredu sektarioaren «jasangarritasuna»; bertzeak bertze, estatuaren funtzionamenduak dauzkan hutsune larriengatik, 2015ean zabor kudeaketa txarrak sortu zuen krisi nazionalean ikusi bezala. «Gero eta gazte gehiago ari dira emigratzea pentsatzen. Langabezia handitu egin da, eta lan merkatua ez da egokitu globalizazioaren errealitate aldakorrera eta lan sektore berriak sortzeko eskaerara». Etxeko kontuetara begira emanen dute botoa gaur Libanoko herritarrek, baina faktore geopolitikoak ere «inportanteak» direla zehaztu du Fakhouryk. Interesez erreparatuko diote egunari AEBetako, Saudi Arabiako, Irango, Siriako, Israelgo eta bertze herrialde batzuetako bulego batetik baino gehiagotatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.