Iheslariz betetako mundu batean

IOMren arabera, iaz 4.503 migratzaile hil ziren zeharkaldietan; 2.242 Mediterraneoan. Alemaniako bi ontzik bi aste daramatzate, 49 lagunekin, lehorreratu ezinik. Mundu osoan 68,5 milioi iheslari daude

Afrikako iheslari baten gorpua, azaroaren 11n, Caños de Mecan, Cadizen (Espainia). ROMAN RIOS / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2019ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Bi segundoan behin, pertsona batek bere etxea uzten du. Egunero 44.400 dira. Urtean 16,2 milioi. Mundua ihes betean dauden iheslariz betea dago. Orotara 68,5 milioi dira. Horietatik 40 milioik ez dute mugarik zeharkatu: desplazatuak dira. Beste 28,5 euren jaioterriko mugak zeharkatu dituzten errefuxiatuak eta asilo eskatzaileak dira. Exodoaren kontaketa da.Zeharkaldietan hiltzen direnen zenbaketa bezain itzela. IOM Migrazioaren Mundu Erakundearen azken txostenaren arabera, iaz 4.503 iheslari hil ziren munduan, horietatik 2.262 Mediterraneoan. Itsaso horretako uretan hiltzen da migratzaile gehien. Itota. Saharako basamortua da hurrengo puntu beltza zerrenda beltz horretan. Desertuan 567 lagun hil ziren. Akituta.

A. N. Senegalgo 18 urteko gaztea da. Italiako Giza Eskubideen Aldeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeak Exodi atari interaktiboan jaso dituen 2.600 lekukotzetako bat da harena. Bi egunez egon zen basamortu idorrean urik eta janaririk gabe: «Jakin izan banu desertua hilotzez beteta dagoela, ez nuen sekula zeharkatuko. Ziur nintzen hantxe hilko nintzela».

I.H.ren lekukotza ere ankerra da. Somaliatik abiatu zen 30 urteko iheslaria. Bengazitik (Libia) Siziliara (Italia) arteko itsasbidea izan zen latzena harentzat: «Sekula ez ditut ahaztuko itsasoan geratu ziren lagunak».

Zeharkaldiak

Libiatik eta Tunisiatik zeharkaldia hasi zuten 1.282 lagun ito ziren iaz Mediterraneoan. Maroko eta Aljeriatik itsasoratu zirenetatik 739 ito ziren. Azken horiek Espainiako kostaldera iristeko asmoa zuten, ezen, zeharkaldi hori da gehien hazi dena. Caminando Fronteras gobernuz kanpoko erakundearen zenbaketaren arabera, 848 dira hegoaldeko mugan hil direnak. Espainiako kostaldean 56.480 lagun lehorreratu ziren iaz, txalupetan: aurreko urtean baino 36.437 gehiago. Italian porturatu diren iheslarien kopuruak, aldiz, behera egin du: 118.914 izan ziren 2017an, eta 23.126 2018an. Europara 150.000 iheslari iritsi ziren iaz, aurreko urtean baino %25 gutxiago.

Italiako Gobernura Lega Nord eskuin muturreko alderdia iritsi izanak eragin zuzena izan du herrialdean lehorreratu diren ontzien gutxitzean, hala nola zeharkaldiak aldatzeko joeran. Matteo Salvini Barne ministroaren migrazio politika zurrunaren azken tragedia itsasoan erreskatatutako 49 lagunena da. Alemaniako Sea Watch eta Sea Eye ontziek 32 eta 17 errefuxiatu erreskatatu zituzten abenduaren 22an eta 29an, eta, orduz geroztik, lehorreratu ezinik daude. Salvinik adierazi du «milimetro batez ere» ez duela amore emango, baina koalizio gobernuko bi alderdien arteko zatiketa gero eta nabarmenagoa da. Luigi di Maio, M5S Bost Izar Mugimenduko buruzagia, ontzietan doazen emakumeak eta haurrak hartzeko prest agertu da: «Europari gizatasun lezio bat emateko prest gaude». Napoliko eta Palermoko alkateak, berriz, ontziak euren portuetan lehorreratzearen alde agertu dira.

Segurtasun Legearen kontra matxinatu diren alkateen zerrenda luzeagoa da. Salviniren araua «arrazista eta gizagabea» dela iritzi diote hainbat alkatek, asiloa eskatzaileei erroldatzeko aukera ukatzen dielako. Palermo, Napoli, Parma eta Florentziako alkateak daude arau hori ezarriko ez dutela iragarri dutenen artean.

Aljeriako mugan

Sea Watch eta Sea-Eye ontzietako arduradunek, bien bitartean, ontzietan doazen iheslarien egoeraz ohartarazi dute. Ez dira, ordea, egoera larrian dauden iheslari bakarrak. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak Siria, Palestina eta Yemengo 120 errefuxiatuen egoeraren berri eman du aste honetan. Aljeria eta Niger arteko mugan daude, eta haien segurtasunaz kezkatuta dago nazioarteko erakunde hori; Tamanraseeteko zentro batean zeuzkaten atxilotuta, eta abenduaren 26an eraman zituzten mugara. Ordutik, ehun bat desagertuta daude.

Afrikako egoera bezain latza da Erdialdeko Amerikakoa. Gerratik, jazarpenetik, gosetik eta miseriatik iparralderantz ihes egiten dute handik ere migratzaileak, eta, bidean, han ere, heriotza aurkitzen dute. Mexiko eta Ameriketako Estatu Batuen arteko mugan 400 iheslari hil ziren iaz, eta horietako 138ren gorpuak identifikatu gabe daude oraindik. Mugako hesiraino milioi erdi bat lagun baino gehiago iritsi dira amaitu berri den urtean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.