martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Txanponaren bi aldeak

2018ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Oso aldi interesgarrian sartu da Kataluniako prozesua Kataluniatik kanpoko eremuan. Interesgarria eta kezkagarria, aldi berean; txanpona zer aldetatik erortzen den, horrek adieraziko digu Bruselako Gobernuaren bizitzaren iraupena.

Puigdemont presidentea Alemaniako ziega batean daukate, Espainiako Justiziak eskatutako euroaginduaren gaineko erabakia hartu zain. Kataluniako gatazka nazioartekotzeko ahalegin handia egin dute azken hamarkada erdian prozesuaren bultzagileek. Etengabekoa izan da diplomazialarien, komunikabideen eta eragileen joan-etorria, Bartzelonan bezala atzerrian. Bada, Europako diplomazia nagusiaren lurraldean jokatuko da, jokatzen ari da, partidaren zatirik garrantzitsuena.

Alemaniako Justiziak izango ahal da independenteagoa Espainiakoa baino hartuko duen erabakiak asko baldintzatuko du prozesuaren etorkizun hurbila. Puigdemont Espainiaren esku ez uztea erabakitzen badu —alegia, Alemanian libre segi dezakeela—, bi ondorio ekarriko ditu: sekulako belarrondokoa Espainiako Gobernuari eta Justiziari, eta deserriko gobernuari aurrera segitzeko indarra.

Erabakia Kataluniako presidentea Espainiara bidaltzea bada,belarrondokoa prozesuarentzat izango da; lehenago bide diplomatikotik adierazitakoa berretsiko lieketelako, orain juridikotik, independentziazaleei.

Bi kasuetan, Europako potentzia nagusiak bidalitako mezua litzateke. Horrek bihurtzen ditu interes handikoak hurrengo asteak. Deserriko Puigdemont aktiboa oso garrantzitsua da prozesuaren nazioarteko dimentsioan, errealitatearen gordina erakusteko lanean oso baliagarria delako.

Espainiako kartzelan dagoen Puigdemonten irudiak Kataluniako eremura mugatzen du arazoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.