Eskura duenari heldu nahi dio

Espainiako Kopa jokatzeko bi norgehiagoka erabakigarri geratzen zaizkio Realari. Sailkatzeko lehia estu horretan, Levante, Madril eta Sporting Huelva ditu aurkari.

Naiara Beristain baloiarekin, Itziar Gastearena atzean duela. GORKA RUBIO / FOKU.
ainara arratibel gascon
Donostia
2018ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Liga zazpi porrotekin hasi ostean, balentria zirudien Reala Espainiako Koparako sailkatzeak. Lehiaketa amaitzeko bi jardunaldiren faltan, ordea, eskura du sailkapena. Izan ere, zortzigarren dago Gonzalo Arkonadaren taldea, kopan egoteko modua ematen duen azken postuan: 35 punturekin, Madril bederatzigarren sailkatuarekin berdinduta. Baina txuri-urdinek sufritu egin beharko dute, sei puntuko aldea baitago Levante zazpigarrenaren [38 puntu ditu] eta Sporting Huelva hamargarrenaren artean [32 puntu]. Realaz gain, beraz, beste hiru talde daude falta diren bi postuak lortzeko: Levante, Madril eta Sporting Huelva.

Bi partidak irabaziz gero, sailkatuta leudeke. Norgehiagoka horietan hiruzpalau puntu batzen badituzte ere, sailkapena oso bideratuta izango lukete. Izan ere, puntuetan berdinketa egonez gero, irabazita dute beste hiru aurkarien kontrako lehietako golen aldea.

Egutegia aintzat hartuta, Realari oso tankera desberdineko bi partida geratzen zaizkio. Bihar, Santa Teresaren zelaian jokatuko du. Etxeko taldea azkena da sailkapenean, eta Bigarren Mailan dago jada. Zaleen mingotsa garaipen batekin gozatzea baino ez du jokoan. Realak, dena den, duela bi jardunaldi Zaragozaren aurka jasotako irakasgaia ondo ikasita joan beharko du. Izan ere, Santa Teresaren oso antzeko egoeran zegoen Zaragoza, baina Gonzalo Arkonadaren taldea mendean hartzea lortu zuen: 2-0.

Beste partida Athleticen aurkako derbia izango da, Zubietan. Derbiak beti dira lehiatuak, eta oraingo honetan ez da gutxiago espero. Realak kopara sailkatzea izango du jokoan, eta Athleticek, jardunaldi honetako emaitzen arabera, hirugarren postua.

Aurkarien artean, Levante da puntu gehien dituena. Baina, bestalde, egutegirik gogorrena dauka, itxura batean. Ligako bi talde ahaltsuenen aurka aritu behar du, nor baino nor gehiago. Biek, gainera, ezin dute huts egin, titulua baitute jokoan. Gaur, Atletico Madrilen zelaian ariko da, eta etxean amaituko du liga, Bartzelonaren kontra.

Madrilek eta Sporting Huelvakpartida samurragoak dituzte. Betisekin batera, sasoiko ezustea izaten ari da Madril. Igo berria da, baina kopa jokatzeko lehian dago sartuta bete-betean. Jokoan ezer ez duten bi talderen aurka ariko da: Espanyol etxean, eta Rayo kanpoan. Sporting Huelvak Betisen aurkako derbia du gaur, eta Santa Teresa hartuko du azken partidan. Realaren aurkako azken garaipenak eman dio lehia horretan egoteko modua.

Berdinketa posibleak, alde

Gerta daiteke taldeen artean puntu berdinketa gertatzea. Kasu horretan, elkarren aurkako norgehiagoketako golen aldea hartzen da kontuan. Hor, Realak abantaila du. Levanteren aurka bana egin zuen kanpoan, eta 2-1 etxean; Sporting Huelvari 1-3 irabazi zion haren zelaian, eta 0-1 galdu zuen etxean. Madrilen kontra, berriz, 2-0 galdu zuen etxetik kanpo, eta 3-0 gailendu zen Zubietan.

Txuri-urdinak ez daude emaitza bolada onean. Jokoan izan diren azken bederatzi puntuetatik bakarra batu dute. Hala, nahiz eta sasoi honetan estreinakoz kopako postuetan egon, aukera galdu dute hor sendotzeko.

Nahikari Garcia jokalariak nabarmendu du taldeak argi zuela azken jardunaldiak ez zirela errazak izango: «Beste modu batera izatea espero genuen. Baina sailkapena gure esku dago, eta biribiltzea falta zaigu».

Nabarmendu du «balentria» dela kopa jokatzeko lehia horretan egotea denboraldia hain gaizki hasi eta gero. «Agian ez zaio behar beste balio eman. Baina goraipatzekoak izan dira taldearen jarrera eta erakutsi dituen nortasuna eta pentsamoldea. Lan handia egin dugu, eta harro egoteko moduan gaude».

Ohartarazi du Santa Teresaren aurkako partida ez dela erraza izango, Bigarren Mailan egon arren: «Bai haien zelaian, baita etxean ere asko kostatu izan zaigu mendean hartzea. Baina tentu handiz prestatu dugu norgehiagoka».

Athleticek ere bihar jokatuko du. Igandean bizkarrekoa jaso zuen, Zaragozan galdu eta gero. Hala, Granadilla bi puntura gerturatu zaio, eta Albaceteren aurka beharrezkoa du garaipena, hirugarren postuari eusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.