Brasilgo Munduko Kopa

Kontuz, ez pasatu: bi metroko harresia

22 urte bete berritan, munduko atezainik onenaren izendapena barneratzen hasita dago Thibaut Courtois. Espainiako Ligan Atletico Madrilekin egin bezala, onenen parera goratu nahi du Belgika Munduko Kopan.

Thibaut Courtois Belgikako atezaina, jokoari begira, Aljeriaren aurkako partidan, H multzoko lehen jardunaldian. BALLESTEROS / EFE.
unai zubeldia
2014ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Iker Casillasi begira hazi nintzen; hura zen nire idoloa». Baina Thibaut Courtoisen (Bree, Belgika, 1992) bizitasuna, atepeko erreakzioa, nortasuna eta adina eduki nahiko lituzke orain Espainiako selekzioko atezain titularrak. 1,98 metro. 22 urte. Espainiako Ligako txapeldun. Txapeldunen Ligako txapeldunorde. Munduko Kopara bidean, Belgikarekin hamar partida jokatu eta porrotik ez; zortzi garaipen eta bi berdinketa. Atletico Madrilen jainko bihurtuta, parez pare ireki zaio Chelsearen atea. «Ez dago eztabaidarik; Chelseara etorriko da Munduko Kopa amaitutakoan». Jose Mourinho portugaldarraren hitzak dira; Chelseako entrenatzailearenak. Uztail erdialdeko kontuak dira horiek, ordea.

Aurretik, misio bat dauka bere herrialdearekin: denboraldi honetan Atletico Madrilekin egin duen modu berean, mundu osoko futbolaren ikur bihurtu nahi du Belgika. Gazteen lotsagabetasuna, joko bizia, oldarkortasuna eta talentua. Hazard izena du arriskuak, abiadurak, izarrak; Courtois harresiak, segurtasunak, erreflexuak. Izan zenera itzuli da Belgikako selekzioa, eta kolpea emateko hautagai argietako bat da. Esperientzia falta, herren horixe antzeman diete aditu askok deabru gorriei. Eta, hain zuzen ere, beldur horri geldiketa egitea dagokio Courtoisi. Denboraldi honetan bereziki, altueran bezainbeste hazi da segurtasunean eta esperientzian. 198 zentimetrorekin ere, atezain gutxi dira gai belgikarraren atepeko erreakzioa berdintzeko. Eta ligako eta Europako izar festari aurre eginez, nortasun irakaspen handia izan du 2013-2014ko denboraldia.

Buffon,Cech, Casillas, Valdes... eta Courtois. Ume lotsatiaren aurpegiarekin, handienen ondoan idatzita ageri da jada bere izena. Genki zor dio gaur egun denaren zatirik handiena, han hazi baitzen jokalari gisa. 8 urterekin iritsi zen hara, Bilzerse taldetik, eta ezker hegalean kokatu zuten lehenengo. Sortzea ez, deuseztatzea gustatzen zitzaion, ordea, ordurako besteak baino koska bat gorago zegoen jokalariari. Bi pauso atzera emanda, atepean hasi zen gozatzen, eta 18 urte betetzearekin batera egin zioten lehen kontratu profesionala, hiru urtekoa.

Chelseak, hamar milioi euro

Sinatu zuen kontratu luzea, baina bakarra bete berritan iritsi zitzaion Chelsearen deia. Horrelako kasuetan gehienetan gertatzen den bezala, izenak eta eskaintzak pisu handiagoa izan zuten bihotzak baino. Hamar milioi euro ordaindu zizkioten ingelesek Genki, eta Atletico Madrili eskaini zioten segidan, utzita. Espainiako hiriburuan eman du atezain onetik erraldoira arteko pausoa, azken hiru denboraldietan. Berea du oraina, eta berea etorkizuna. Lukaku, Hazard, Kompany, Mertens, Vermaelen, Januzaj, Van Buyten... Harkaitza dauka Belgikak atzean, eta bizitasuna aurrean. Oreka aurkitu du jokoan, eta, hasiberrien huts larriak egin ezean, handienen parean tokia egiteko hautagaia da.

Hori bai, Aljeriak min egin zion Munduko Kopako H multzoko lehen jardunaldiko partidan. Feghoulik sartu zuen 0-1ekoa, penaltiz, 24. minutuan, eta aulkiko jokalariek zuzendu behar izan zuten zelaikoen ezina; Fellainik eta Mertensek irauli zuten ordura arte harrigarri samarra zen emaitza. Estu eta larri, 2-1, hiru puntu... Baina zalantza asko. Aljeria baino koska bat gorago dago Errusia gaurko aurkaria (18:00), eta Hego Korea, datorren ostegunekoa. Bi selekzio horietako aurrelariek kartel banarekin topo egingo dute Belgikaren areara iristen diren bakoitzean: Kontuz, ez pasatu: bi metroko harresia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.