Jaiak. Sanprudentzioak Gasteizen

San Prudentzio doinuz doinu

Bihar iluntzean erretretarekin hasiera emango diete arabarrek sanprudentzioetako ospakizunei. Gastronomia elkarteek prest dituzte perretxiko eta karakolak.

Armentiako zelaietan jende ugari biltzen da San Prudentzio egunean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2015eko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Erretretako danbor eta atabalak dira San Prudentzio jaiari hasiera ematen dioten doinuak, baina badira beste hamaika. Danborren hotsetik erromeriako doinuetara, musika kaledoskopio zabala du Arabako egun handiak. Aurten operak ere badu bere toki txikia, Diego Martin Etxeberria orkestra zuzendaria baita pregoilaria.

Bihar iluntzean erretretarekin hasiko da San Prudentzioko ospakizuna. Bi saio egingo dituzte. Lehena Gasteizko Folklore Akademiak joko du udaletxeko balkoitik. Akademiak 25 urte bete ditu aurten, eta urtemuga ospatzeko gaueko lehen erretreta jotzeko enkargua jaso du.

Bigarren saioa Probintzia plazan egingo dute, aldundiko eraikinetik. Kasu horretan, Arabako Foru Aldundiko eta Gasteizko Udaleko tronpetari eta atabalariek joko dute. Tronpeta eta atabal doinuekin batera German Maria Landazabal musika eskolak eta Algara dantza taldeak emanaldia eskainiko dute ekitaldia borobiltzeko. Tronpeta eta atabalek sukaldean harrapatuko dituzte arabar asko, bereziki elkarte gastronomikoetako kideak. Karakolak eta perretxiko nahaskiak dira nagusi egun horretan. Ondo afaldu ostean, sukaldari eta jatun onak Probintzia plazara joango dira, 23:30ean hasiko baita gastronomia elkarteen danborrada. Hiru orduz, Alde Zaharreko eta erdi guneko kaleetatik desfilatuko dute 30 elkartetako kideek.

Dantzarako hamaika aukera

Tradizioz beteriko eguna da San Prudentzio. Perretxiko, karakola eta danborradez gain, bada ohitura bilakatu den beste ekitaldi bat: Joselu Anaien erromeria. Arka plazako agertokia eurena egin dute urtez urte. Hala ere, badira bestelako aukera batzuk.

Herri mugimenduak ere haren alea jartzen du urtero. Gazteek preso eta iheslarien aldeko danborrada antolatu dute. Halaber, Gasteizko Gaztetxea 1988ko San Prudentzio egunean okupatu zuen gazte talde batek. Horregatik, hainbat ekitaldi antolatzen dituzte urtero gaztetxeko kideek. Aurten, Las Tea Party DJek gauerditik aurrera dantzan jarriko dute muinoko etxea.

San Prudentzio bezperako gaua luzea da askorentzat. Halere, hurrengo eguna betebeharrez josita dago. Armentiako basilikara joatea halabeharrezkoa da arabar askorentzat, ordu gutxi lo egin badute ere. Goizean, prozesioa eta ohorezko aurreskua egingo dituzte basilikaren inguruetan.

Eguerditik aurrera, berriz, dantza eta musikak hartuko du protagonismoa. Oketa Alai taldeak dantza emanaldia eskainiko du. Ondoren, herri kirolen txanda izango da. Alde batetik, Urrezko Aizkolariak txapelketako banakako norgehiagoka jokatuko dute, eta bestetik, Inaxio Perurenak harri-jasotze erakustaldia eskainiko du.

Nola ez, perretxikoak eta karakolak ez dira faltako Armentiako zelaietan, hori guztia Arabako Errioxako ardoarekin lagunduta. Lisker taldearen kontzertuak bukaera emango dio Arabako egun handiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.