GORRIZ GAIXOTU DIRA PINUAK

Onddo batek erasan die, eta lehortu egin zaizkie hostoak. Hazkundea moteltzea dakar gaitzak, eta, hurrenez hurrengo urteetan joz gero, zuhaitzen heriotza ere eragin dezake.

Gaitzak jotako pinudi bat, Andoainen (Gipuzkoa). Kolore gorri marroixka hartzen dute hostoek, batik bat koparen beheko zatian. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Miren Garate.
Donostia
2014ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Udazkenaren ezaugarri da hostoen gorritzea eta erortzea. Itxura aldatzen zaie haritzei eta urritzei, berdin gaztainondo eta zumarrei. Aurten, baita pinuei ere. Ez urtaroagatik, hala egokitzen delako: gaixo daude, lecanosticta acicola onddoak erasanda. Gaitza hain begi bistakoa izanik, kezkatuta daude baso jabeak. Ezinbestean, gogoan dute fusarium onddoak 2007. urte inguruan eragindako triskantza, hainbat eta hainbat hektarea moztu behar izan baitzituzten. Itxura batera, sintoma bertsuak eragiten zituen hark ere, kolore gorrixka hartu eta idortu eta erori egiten baitziren intsinis pinuaren hostoak. Oraingoan egoera ez dela hain larria diote baso osasunerako teknikariek. Onddoak zuhaitzaren hazkundeari eragiten dio, ahuldu egiten du, baina hurrenez hurreneko urteetan erasan behar du zuhaitza hiltzeko. Joera orokorra ez den arren, egon dira zuhaitzak bota beharreko kasuak.

«Gripe indartsu» batekin konparatu du egoera Dioni Berra Gipuzkoako Foru Aldundiko baso osasunerako teknikariak. «Zuhaitzak enborra eta sustraiak baldintza onetan baditu, jarraituko du elikatzen eta hosto berriak sortzen». Urte batean baino gehiagotan erasotzeak eragiten du arazoa. «Erreserbak agortuko zaizkio, eta, orduan, ahuldu eta lehortu egingo da zuhaitza».

Hedatuen Gipuzkoan

Hostoan kokatzen da lecanosticta acicola onddoa, eta haren osagaietatik elikatzen da, gehienbat klorofilatik. Horregatik hartzen du kolore gorri marroixka.Euskal Herri guztian dira agerikoak haren ondorioak, baina gehienbat Gipuzkoan. Lehen, hezetasun handiko lekuetan eragiten zuen onddoak, haran ondoetan edota behe laino handiko eremuetan, eta zuhaitz gazteei eragiten zien, hosto ahulenekoei. Pixkanaka, eremu altuetara eta urte gehiagoko zuhaitzetara ere zabaldu da. Bizkaiko Basogintza Elkarteko ordezkariek ere ikusi dute hainbat eremutan kaltetuta daudela pinuak, eta Bizkaiko Foru Aldundiko teknikariekin landuko dute gaia hurrengo bileretan. Arabako Basogintza elkarteak dio bazkideek ez dutela kezkarik erakutsi oraingoz.

Nafarroan, onddoak aurreko urteetan baino indar handiagoarekin erasan duela adierazi du Gregorio Oiaregi Nafarroako Gobernuko teknikariak. Kantauri inguruaren arduraduna da Oiaregi. «Onddoa ez da izugarri arriskutsua; printzipioz, ez du hiltzen, baina bideragarritasunari kalte egin diezaioke. Jabeak pinuak ipini baditu egurra ekoizteko, hosto gabe geratzeak esan nahi du ez direla espero adina haziko».

Zeharka ere egiten du kalte. «Zakur ahulari kakuso guztiak.Zuhaitza ahultzen bada, errazago da hirugarren patogeno bat etortzea eta zuhaitza hiltzea. Demagun fusarium onddoarekin borrokan ari dela, ba fusarium-a pozik beste onddo bat etortzen bada, hala indar gehiago izango dutelako bien artean egiteko». Oraingoz halako kasuak ez dira ohikoak. Lecanosticta acicola onddoarekin baino kezkatuago jarraitzen du Nafarroako Gobernuak fusarium-arekin, oraindik ere haren eraginak nabariak baitira, batik bat Goizueta inguruan, eta neurri txikiagoan bada ere, Lesakan eta Beran ere bai.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan zuhaitz espezierik hedatuena da intsinis pinua, alde handiz: zuhaiztun azaleraren %35 hartzen du. Nafarroan, askoz apalagoa da kopurua, %1,5era ez baita iristen. Jakinekoa da hainbeste egotearen arrazoia ez dela haren edertasuna, baizik eta errentagarritasuna. Manipulatzeko egun erraza izanik eta heltze prozesu azkar izanik, «urre berde» ere deitu izan zaio pinuari.

Horregatik, nahiz eta onddoek zuhaitzak ez hil, ekonomikoki hilda badago zuhaitza, bota egin ohi du jabeak. «Gipuzkoan bota diren plantazioak 10 eta 20 urte artekoak izan dira, ez oso gazteak, eta oso zaharrak», azaldu du Berrak. 30 bat urtetik aurrera bota ohi dira normalean.

Zergatik halako hedapena aurten? Gaitz erabat klimatikoa delako. «Urte oso euritsuak badatoz, batez besteko tenperatura ertain altuekin, onddoa hedatzea errazago izaten da. Aurten hala izan da». Oiaregik azaldu du ondorioak asteotan direla agerikoen. Udaberri amaieran edota uda hasieran agertzen dira lehen sintomak,hostoetan zerrenda hori batzuk ikusten direlarik. Zerrenda horiak gorrixka bihurtzen dira gero, batez ere koparen beheko zatian. «Berriak sortu ahala hostoak erori egingo dira, eta prozesuak ez du arretarik eragingo. Okerrik ezean, udazken negurako errekuperatuko direla pinuak uste dut».

Zehaztu du datorren urtean eraginik izango duen edo ez jakiteko baldintza klimatikoei erreparatu beharko zaiela. «Onddoak mendian bizi dira, eta ezin dira erauzi. Gripea bezalakoak dira, eragiten dute baldintza mesedegarriak ikusten dituztenean».

Erremediorik ez

Bi teknikarien arabera, okerrena da ez dagoela gaitzari aurre egiteko modurik. «Onddoak esporak botatzen ditu, eta aire bidez hedatzen dira. Hedapen hori kontrolaezina da. Aurre egiteko modu eraginkorrena erresistentzia genetikoa litzateke, baina prozesu hori oso luzea da», adierazi du Berrak.

Gaitzaren hedapena saihesteko masa ahalik eta aireztatuena egotea gomendatzen du, eta zuhaitz dentsitate txikia izateak laguntzen du horretan. Era berean, lanabes egokiak erabiltzea komeni da.

Teknikariek garrantzia kendu arren, Iñaki Goenaga Enba sindikatuko presidenteak adierazi du kezka agerikoa dela baserritarren artean. «Zenbat ez dakit, baina jende bat hasi da basoak garbitzen. Pistak eta ondo prestatuta badaude, gaitza sumatu bezain pronto botatzen dituzte pinuak, beste zenbait tokitan ez du merezi horretan hasteak».Hain zuzen ere, nahiz eta hostoak gorrituta egon, pinua ihartuta ez badago, egurrak balio du.

Ordiziko (Gipuzkoa) Jose Ramon Arsuaga da pinudia botako duenetako bat, etxe ondoan duen hektarea eta erdiko saila hain zuzen. 50 urte inguru dituzte pinuek. Ez daki zehatz zein gaitz duten zuhaitzek, baina argi du: «Behin pinuak gorritzen hasten direnean, gaitz bat izan edo bestea izan, pinu horiek ez dira suspertuko».

Onddo baten eraginez pinuak botatzen duen lehen aldia dela kontatu du. «Niri amorrua ematen dit, baina tira, ez naiz basotik bizi, ganadutik baizik. Basoko profesionalentzat, ordea, arazoa larriagoa da, pinu denak ari baitira gorritzen». Zuhaitzak bota ostean, ez du berririk landatuko Arsuagak, belardia jarriko du ganaduarentzat. «Zertarako jarriko dut pinudia, berriz gaitza harrapatzeko? Basoa ez da erakargarria gaur egun».

Hain zuzen, krisiak bete-betean eragin dio azken urteotan basogintzari. Besteak beste, eraikuntza sektorean erabiltzen da intsinis pinuaren egurra, paletak eta oholak egiteko, paketatzeko ere balio du eta paper fabriketan ere erabiltzen dute.

2009ko urtarrilean Klaus zikloiak 40 milioi kubiko zuhaitz bota zituen Landetan (Frantzia), baso azaleraren %60. Merkatuan egur asko sartzea eragin zuen gertaera hark, lehia, eta ondorioz prezioak merkatzea. «Estimazioa galdu du hemengo egurrak, kanpokoa sartu delako. Landetako haizeteen ondorioz jaitsi ziren prezioak, eta beheko maila horretan daude oraindik», kontatu du Goenagak.

Eraikuntza sektorearen krisiak areagotu baino ez du egin sektorearen krisia. Hala ere, baikor da Goenaga. «Erabilera berriak bilatzen ari dira basozaleak. Parametro batzuk ari dira agertzen esaten dutenak egur eskasia datorrela eta urte asko baino lehen estimazioa izan dezakeela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.