Diego Alarcon. '¡Pacifista!' proiektu komunikatiboaren zuzendaria

«Uribismoak lubakietan mantendu du bere erretorika»

JON ARTANO.
Jon Artano Izeta.
Bogota
2018ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Kolonbiako Gobernuaren eta FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileen arteko elkarrizketen berotan sortu zuten ¡Pacifista!. «Gatazkaren istorioak, sorburuak eta eraginak hirietako gazteei ezagutaraztea da gure misioa», azaldu digu Diego Alarcon zuzendariak (Bogota, Kolonbia, 1986). Bertan ari diren profesionalek komunikabide eredu propio bat asmatu dute, herrialdea alderik alde zeharkatuz, «gerra egon bazegoela barneratuta izan arren, beren egunerokoan inoiz gatazka hori sentitu ez zuen belaunaldiari hitz egiteko». Gaur egun, erreferente dira bake prozesuari buruzko informazioan.

Zer dago jokoan biharko hauteskundeetan?

Bake akordioa bera, nagusiki; eta Alvaro Uribe boterera itzultzea ere bai. Bi faktore horiekuztartzen dituena Kolonbiak bizi duen polarizazioa da.

FARCekin akordioa itxita eta ELN Nazioa Askatzeko Armadarekin negoziazio betean. Presidentea aukeratzeko hauteskundeok Kolonbiako historiako etapa berri bateko lehendabizikoak dira? Zertan igartzen da hori?

Hiriguneetatik urrun dauden eskualdeetan nabarmentzen da gehienbat; lurralde askotara lehendabizikoz iritsiko dira hautetsontziak, oraintsu arte gatazkan baitzeuden. Politikarien jardunean, aldiz, ez dago aldaketarik! Batik bat uribismoak lubakietan mantendu duelako bere erretorika; FARCeko kideek legea urratzen jarraitzen dutela, kartzelara joan behar luketela… Eta, beren jarrera indartzeko, zilegitasuna kentzen diete bake prozesuaren lorpenei.

Zein dira lorpen horiek?

Azken bost urteotan, bortxakeriak eraildakoen kopurua %91 jaitsi da. Ospitale militarrak hutsik egon dira hilabeteetan, ELNrekin borrokak berpiztu ziren arte.

Bakearen aldekoek asmatu al dute hori guztia kapitalizatzen?

Kontua da, baina, bakea ez dela jadanik lehen mailako bandera politiko bat komunikaziorako, Zentro Demokratikoa alderdikoentzat izan ezik. Horiek bai, horiek begi-ninian dute akordioa, eta FARCek alderdia sortu eta hauteskundeetan parte hartu izan... Gainontzekoek ez dute diskurtsoaren ardatzean jarri.

Zergatik ez?

2016ko urriaren 2ko plebiszituko porrotagatik. Prozesuaren aurkako mugimendua indartu egin zen; geroztik, aldarrikatzen dute akordioak ez duela zilegitasunik. Prozesuaren aldeko indarrek muinean bertan hartu zuten kolpea; geroztik, nahiago dute plebiszitua ez aipatzea, ahulgune dute eta. Prozesua babestu eta konpromisoak betetzeko konpromiso garbia adierazi duten hautagaiek ere —De la Callek, Fajardok eta Petrok— ez dute bakegintza beren diskurtsoaren zutabe nagusi bihurtu.

Zer gertatuko da Ivan Duque presidente aukeratzen badute?

Historiarekin konpromiso bat izango luke, eta bi aukera: batetik, Uriberen oihartzun izaten jarraitu, eta bake hitzarmenak aldatzea; horrek gatazka berpizteko arriskua ekarriko luke. Beste aukera bere kabuz pentsatu eta ekitea litzateke, Kolonbiak bizi duen garaiaren neurriko politikak ezarriz eta behin betiko itxiz Latinoamerikako gerrilla zaharrenarekin izandako gatazka.

Ezkerrak lehendabizikoz presidentetza irabazteko esperantza du Gustavo Petrorekin. FARCekin akordioa hitzartu izanak ba al du eraginik egoera horretan?

Ez, ez dut uste. Petrok hamarkadak daramatza karrera politikoa eraikitzen. Are gehiago: aurkariek bere kontra erabili dute akordioa, gerrillari izan zela oroitaraziz bere izen ona galarazteko. Petro izan da, seguru asko, politikaririk zorrotzena herrialdeak dituen desafioak identifikatu eta irtenbide berritzaileak proposatzen: aldaketa klimatikoa, ekoizpen sistemaren transformazioa, gizarte garapena…

Ba al du presidente izateko aukerarik?

Ez dut uste... Aukera handirik ez, behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.