Ziburuko ikastola. Oporretatik itzulera

Haur eta gurasoen indarrak piztu du Ziburuko auzapezak itzalitako argia

Ziburuko Herriko Etxeak argindarra eten arren, Kaskarotenea ikastolara itzuli dira ikasleak.«Haurrak pozik diren bitartean» borrokan segituko dutela erran du Indok

Oporren ostean, sartzeko lehen eguna izan zen atzo Kaskaroteneko ikasleentzat; argindarrik gabe zegoen ikastola. SYLVAIN SENCRISTO.
Ziburu
2014ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Omiasainduko oporren ondorengo lehen ikasketa eguna izan zuten atzo Ziburuko Kaskarotenea ikastolako haurrek (Lapurdi). Ikastolako lehen egun berezia izan zen ikasle zein gurasoentzat. Hain zuzen ere, umeek sartzea irri artean hasi bazuten ere,gurasoen artean haserrea zen nagusi, Guy Poulou auzapezak aurreko astean argindarra eten ondoren.

Irakasleek ilunpean jaso zituzten lehen haurrak, eta guraso batzuk kandela eta esku-argiekin heldu ziren. Egoera horri aurre egiteko, argindarra sortzeko makina bat ere ekarri zuten gurasoek, baina eguerdira arte ezin izan zuten piztu, argiketaria etorri arte. «Ez dira baldintza onenak guretzat, ez eta eskola publiko haurrentzat ere: harrabots handia egiten duen tresna da, eta, segurtasun aldetik, ez dut uste oso egokia denik», adierazi zuen Laida Mugika Kaskarotenea ikastolako lehendakariak.

Eguerdian argindarra sortzeko makina piztu zuten, baina berehala itzali behar izan zuten, umeak siestan zirelako eta «harrabots» handia egiten zuelako. «Horrela ibili beharko dugu beti», gaineratu zuen Kaskaroteneko lehendakariak.

Egun zaila izan zen atzokoa irakasleentzat ere. Ikasleak iritsi orduko, borobilean jarri zituzten, ikastolan argirik ez zegoela esplikatzeko, eta esku-argiak eta kandelak zergatik zituzten azaltzeko. 2 eta 5 urteko haurrak izan arren, askok bazekiten zergatik zeuden argirik gabe ikastolan. «Argindarra kendu digutelako» esan zuen batek.

«Haserrea, tristura, irria»

Oro har, ez ulertzea, haserrea, «desesperazioa» eta «lotsa» sentimenduak zituzten gurasoek Guy Poulouk hartu erabakiaren aitzinean. «Ni desesperazio puntu batera heldu naiz, eta etikoki ere ez dut ulertzen nola kendu ahal izan duen argindarra», azaldu du Pantxo Olzomendik, ikastolako guraso batek. Iritzi berekoa da Xabier Argaño, ikastolako beste aita bat: «Lotsagarria iruditzen zait argindarra kentzera iristea. Onartezina da. Ez dut ulertzen nolaz XXI. mendean, ura eta elektrizitatea kentzen ahal zaien2 eta 5 urte arteko haurrei».

Ikastola ondoan dagoen eskola publikoaren 1.500 metro karratuak argitzeko eta berotzeko argindarra izatea eta ikastolaren bi prefabrikatu «txikientzat» argindarrik ez izatea ez dute ulertzen gurasoek; are gutxiago, azaroaren 3an 2 eta 3 urteko haurrak argi eta berogailu gabe uztea.

Izan ere, Poulouk «mehatxuak» egia bihurtu zituen iragan astean. «Gure auzapeza mehatxuaren logikan sartu da», esan zuen Haizpea Abrisketa gurasoak. Baina gaineratu zuen mehatxuek ez zutela lortuko Ziburun ikastolarik ez izatea. «Determinatuta gaude, eta ikastola bat izanen da Ziburun. Argia egon edo ez egon, ura egon edo ez, ikastola bat egonen da». Olzomendik bat egin zuen Abrisketaren hitzekin: euskaldunen «burugogortasunari» esker, Ziburun ikastola bat izatea lortu zutela berretsi zuen.

Hala ere, tristura ere nabari zen gurasoen artean. «Harritua» zela adierazi zuen Livia Devotok: «Ez dut ulertzen nola kentzen ahal zaien argia eta berogailua ama ikastolako ume batzuei». Irtenbide baten beharra azpimarratu zuen Devotok, umeak ezin zirela egon gaur egun diren bi prefabrikatu horietan, eta hain eremu txikia duen jolasgune batean. «Aterabide bat aurkitzea eskatzen dugu. Ez dugu asko eskatzen, minimoa soilik».

Gurasoak triste eta haserre egon arren, haurren aurpegian irria zen nagusi. Haurrak pozik itzuli ziren atzo ikastolara. Izan ere, nahiz eta prefabrikatuetan argirik gabe egon, haurrak lanean ziren «sekulako irriarekin ahoan», Paxkal Indo Seaskako lehendakariak adierazi zuenez.

Sartze «bitxia» izan zela ere nabarmendu zuen Indok. «Guri argia kendu digute, baina ondoan argindarra dute sobera, gelak argituak dira; egoera pixka bat bitxia da». Baina gurasoek eta Seaskak lanean jarraituko zutela gaineratu zuen: «Haurrak pozik diren bitartean, guk gure borrokan segituko dugu».

Manifestazio «jendetsua»

Larunbatean, Ziburuko Kaskarotenea ikastolaren aldeko manifestazioa eginen da Ziburun, eta «jendetsua» izatea espero du Pantxo Olzomendi gurasoak. Ahalik eta jende gehien etorriko delako itxaropena du, «ziburutarrak ohartarazteko arazo bat dagoela». Kalera ateratzeko beharra badela esplikatu zuen: «Manifestazioak muturreko egoera batera iristean egiten dira, eta uste dut argindarra etetea halako egoera bat dela».

Paxkal Indok ere «manifestaziora joatearen» garrantzia azpimarratu zuen; «indarrak hartzeko» balioko duela espero du. Ziburuko ikastolak jasaten dituen oztopoek ikastolen egoera «islatzen» dutela erran zuen, eta are gehiago «euskararen egoera». Argindarra kentzean, «ikastolak xoko batean uzten ditu, euskara ere bai».

Bide beretik, atzotik hasita eta ostiral arte, elkarretaratzeak eginen dituzte Ziburuko biribilgunean, 17:30ean, Kaskaroteneak egunero jasaten duena salatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.