Ekonomia Indartuz plana abiatu du Gipuzkoako Aldundiak

95 milioi euro izango ditu: 66 milioi zerga pizgarrietan eta inbertsio berrietan, eta beste 29 milioi aurrekontuetan zeudenak «blindatzeko»

Iker Aranburu.
Donostia
2021eko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Pandemia eragiten ari den kalte ekonomikoei aurre egiteko plan berri bat du esku artean Gipuzkoako Foru Aldundiak: Ekonomia Indartuz. 95 milioi euro izango ditu, aldundiaren aurtengo aurrekontuaren %10 adina. Berez, diruaren zati bat, 29 milioi, aurrekontuaren barruan agertzen dira, baina orain «blindatuta» daudela nabarmendu du Markel Olano ahaldun nagusiak. Gainontzekoa, 66 milioi euro, aldundiak egingo duen gastu berria eta zerga pizgarriak izango dira.

Jabier Larrañaga Ekonomia Sustatzeko diputatuak emandako xehetasunen arabera, 66 milioi euroko gastu gehigarria hiru ataletan banatuko dute. Atal handiena zerga neurriena izango da; 28,8 milioi gutxienez, «baina dexente gehiago izango da azkenean». Hor sartzen dira ostalaritzako eta merkataritzako lokalak alokatzen dutenei emandako zerga beherapenak alokairua merkatzearen truke, Ticket Bai-rekin bat egiteko laguntzak, eta enpresa txikietan ekintzailetza eta berrikuntza sustatzekoak.

Bide azpiegiturak hobetzeko beste 25,5 milioi euro jarriko ditu Gipuzkoako Aldundiak: 11,8 milioi Astigarraga eta Oiartzun artean kamioientzat egokitutako gunea egiteko, 6,8 milioi Martuteneko 27. industrialdearen etaA-15aren arteko lotura egiteko, eta 6,8 milioi Azkoitia-Urretxu errepidea hobetzeko.

Laguntza zuzenak

Berritasun nagusia izango da aldundiak laguntza zuzenak emango dituela kalte gehien izan duten sektoreentzat. Larrañagak azaldu du «proiektu bideragarriak oso azkar» lagundu nahi dituztela, eta «berebiziko zailtasunak» dituela hori egiteak. Atal horren barruan, lau milioi izango dira Elkar-Ekin proiektua indartzeko eta langabezian edo enplegu erregulazioan daudenen trebakuntzarako; bi milioi kulturarako eta kiroletarako; 1,9 milioi merkataritzan eraldaketa lehiakorra eta digitala sustatzeko; 1,9 milioi ostalaritzan digitalizazioa laguntzeko eta Gipuzkoako produktuak sustatzeko; 1,6 milioi turismorako; 1,4 lehen sektorerako, eta 150.000 euro artisautzarako.

Gainera, Larrañagak azaldu du zorpetzera joko dutela aurrekontuan badiren proiektu ekonomikoak 29 milioi eurorekin bermatzeko. Horien artean aipatu du landa eremuetara abiadura handiko Internet eramatea.

Etorkizuna Eraikiz-en dauden proiektuak ere diruz hornitzen jarraitzeko asmoa du Gipuzkoako Aldundiak (Mubil, Adinberri, Ziur...). Next Generation EU funtsetatik dirua eskatu du proiektu horietarako, baina iritsiko ez balira ere, aurrera jarraituko luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.