UDAKO SERIEA Egungo euskal musikaren erradiografia bat (III). Pop-rocka.

Elektrikotik elektronikora

Elektronikaren erabilera eta aniztasuna gailendu dira azken hamarkadan pop eta rock estiloetan. Euskal Herrian zer bilakaera izan duten jakin eta ulertzeko, hainbat aditu eta musikariren iritziak bildu ditu BERRIAk.

Niña Coyote, 2016ko emanaldi batean, Donostian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Leire Palacios.
2017ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Zineman, xehetasun planoak ulertzeko, ikusleak plano orokorra ikusi behar du aurrena. Bestela, zaila egin dakioke testuingururik ez duen ekintzaren interpretazio osoa egitea. Gauza bera gertatzen da sorkuntzaz ari garenean. Horregatik, azken hamarkadan Euskal Herriko pop eta rock musika generoek izandako bilakaera ulertzeko, euskararen lurraldeak hartzen dituen mugetatik landa begiratzea komeni dela uste du Julen Azpitarte musika adituak. Aurten hamar urte beteko dituen Ahotsenea, sortzaileen plaza egitasmoaren kidea da, eta,horregatik, aukera izan du bertatik bertara ezagutzeko azken hamarkadan musikari askok argitaratutako lanak. Argi dauka Azpitartek: «Euskal Herrian egiten den pop-rockaren ezaugarri nagusia aniztasuna da. Hori ez da Euskal Herriko panoramaren ezaugarri esklusiboa: Euskal Herria planeta batean dago, eta planeta horren aniztasuna Euskal Herrian ere islatzen da».

Sarri askotan elkarrekin topo egiten duten estiloen gaur egungo egoera ulertu ahal izateko, nazioartean egiten den pop-rockarekin alderatzeaz gain, ezinbestekoa da atzera begirakoa egitea. Amets Rodriguezek eman du ariketa hori egiteko erreferentzia puntua. Emankor sarearen kultura eta lurraldetasun zuzendaria da Rodriguez, baita Mundaka Festival musika jaialdiko zuzendaria ere: «Atzera begiratzen badugu, beharbada, Euskal Rock Erradikal [RRV] delakoa gaur egungoa baino rock erreibindikatiboagoa zen, bai hitzetan eta baita soinuaren aldetik ere». Azpitartek bat egin du Rodriguezen ikuspegiarekin, eta zera gehitu: «Pop-rockaren eboluzioan, arriskatzeko gogo gutxi nabaritu dut; bere burua amildegira botatzeko prest dauden taldeak falta dira: kontrolatuegia dago dena, eta, agian, ausardia falta da».

Rodriguezen ustez, rock eta pop estiloek azken hamarkadan izan duten aldaketa erabatekoa da, entzun litekeenari erreparatuta. Soka horretatik tiraka, Arkaitz Villar kazetariak uste du maila oso handia dagoela gaur egun teknikoki, soinuaren eboluziori esker. Villarrek lotura estua dauka musikarekin, eta Kultura Live Euskal Herriko musika areto pribatuen elkarteko koordinatzailea da. Oro har, bat dator Azpitarterekin, eta uste du «soinuaren estandarizazio moduko bat» gertatzen ari dela. «Talde eta bakarlarietan nortasun falta igartzen dut; denak soinu garbiegi eta berdinegia dauka». Aldaketaren zergatietako bat Rodriguezen hitzetatik irudika dezakegu: «Gizartearen egoeraren isla zegoen RRVren garaian. Gaur egun, Euskal Herriko pop-rocka, agian, pixka bat estilizatu da,gizarteak duen egoeraren ondorioz».

Oholtzaren beste aldera salto eginez gero, bestelako ikuspuntua dauka Joseba Irazokik. Rock eta pop estiloen bilakaeran modu aktiboan parte hartu du: rock eta pop soinuetan erroturiko dimentsio askotariko proiektuetan murgilduta ibili da azken hamar urteetan. Irazokik iraganaren eta orainaren arteko marra finkatu behar badu, argi dauka: «Estilo aniztasuna asko zabaldu da. Lehen, rock gogorra edo talde dantzagarriak entzuten ziren batez ere. Bide Ertzean-en moduko musika proposamena rara avis zen. Gaur egun, ordea, entzuten dugu rock eta pop taldeak geroz eta konponketa elektronikoagoak eta esperimentalagoak egiten dituztela. Formatuak ere aldatu dira. Gero eta ohikoagoak dira duoak, adibidez». Miren Narbaiza musikariari bestelako adibideak ere gogora datozkio: «Itoiz bera, aitzindaria, hortik kanpo egon zen, eta haien itzalpean zeuden hainbat taldek ere bide berari jarraitu zioten. Jotakiek, adibidez, politikaz haragoko gaiez hitz egin zuen».

Narbaizaren eta Irazokiren iritziek zabaldutako bidetik, Azpitartek zertzelada pare bat eman ditu rockaren eta poparen aurpegiak Euskal Herrian onartuak izateko eta errotzeko gaitasunaz: «Rock stoner, post-hardcore eta antzeko estilo gogorrek harrera oso ona izan dute tradizionalki Euskal Herrian, baina beste batzuek, berriz, ez; esaterako, garage-rocka gutxi errotu da».

Zenbat talde, hainbat joera

Musika zirkuituan mantentzeko, entzuleen onarpena ezinbestekoa da. Horri lotuta, «talde handiak» ere badira pop-rockaren eszenan Azpitarteren ustez: «Gatibu eta Berri Txarrak, adibidez, eta laster pop izar bihurtuko den bat: Izaro». Rockaren eta poparen arteko bereizketa egiten du. Izan ere, sarri askotan, pop eta rock estiloak bereiztea ez da lantegi makala izaten halabeharrez letrak astindu behar dituzten musika kritikari eta kazetarientzat.

Hastapenetan rockaren soinu klasikoagoari eutsi zioten hainbat taldek publikoaren onarpen zabala lortu zuten. Hori da, adibidez, aipatutako Gatibu eta Berri Txarrak taldeen adibidea, baita Zea Mays eta Ken Zazpi taldeena ere. Urteen poderioz, azken hiru horien soinuak bilakaera izan du, konponketa esperimentalagoen ildotik, Irazokik aipatu legez.

Badira aurreko hamarkadatik rockari lotuta jarraitu duten sortzaile eta taldeak. Esate baterako, azken diskoa berriki kaleratu duen Balerdi Balerdi, Piztiak, Inoren Ero Ni, Willis Drummond, Izaki Gardenak, Anari, Jupiter Jon eta aurten hirugarren diskoarekin bereziki laudatua izan den Kaskezur, batzuk aipatzearren. Sortu eta hasierako estiloari eusten diotenak badiren bezala, hamarkada honetan sortu berriak diren pop eta rock taldeak ere badaude. Horiek dira, esate baterako, Eskean Kristo, Liher, Montauk, Joseba B. Lenoir, Physis Versus Nomos, Antikontinente, Occhi di Farfalla, Eneritz Furyak, Mikel Uraken, Pelax —berriki Telmo Trenorrekin batera elektronikarekin esperimentatzen hasia—, eta Perlak, zeinak hasieratik edan dueniturri horretatik; Paxkal Irigoien ahaztu gabe, zeinak emanaldiak josteko abestiak osotasunean pentsatzen dituen oraindik ere, artisauen tankeran.

Era berean, badira talde batzuk rock eta pop estiloak gurutzatuta elektronikarekin ibilbidearen hasieratik esperimentatu dutenak. Horien artean daude, batez ere, eragin anglosaxoia aitortzen zaien taldeak, lantzen eta oholtzaratzen duten soinuagatik ez ezik hitzetan beste hizkuntza batzuk erabiltzen dituztelako, ziur asko. Horien artean dago John Berkhout, folk estiloari urteekin ukitu psikodelikoa gehitu dion taldea. Nazioartean arrakasta izan dute estiloaren dimentsio horri heldu dioten hainbat taldek, eta, horrekin batera, tokia dute nazioarteko musika hedabide espezializatuetan. Belako, Grises, WAS (We Are Standard) eta halako taldeez ari gara. Guztiak betidanik askotariko nazioarteko eraginekin lotu nahi izan dituzten arren, fideltasunez eutsi diote musika organikoaren eta elektronikoaren arteko rock eta pop orekari. Elektronikaren bide markatuagoa hartu zuen Deloreanek, baita El Txef_A-k ere —talde formatuan zein bakarka sortzen eta jotzen du musika, eta DJ moduan ere entzun liteke agertokian—. Elektronika esperimentalagoan badira bestelako adibideak: Magmadaman, adibidez.

Elektronika gailendu den bezala, azken hamarkadan formatu berriek ere gogor astindu dituzte rock doinuak. Horren adibide da Niña Coyote eta Chico Tornado, bikote formatuan oholtzaratua. Eta, horrez gain, badira hitzak alde batera utzi eta musikan zentratu direnak: besteak beste, Buffalo, Viva Bazooka, Sofa eta Madeleine, hilabeteon berriz ere elkartu den taldea.

Digitalizazioaren eragina ?

Azken hamarkadan, digitalizazioari lotutako musika-ekoizpen prozesuak erabat aldatu dira. Bi zentzutan gertatu da aldaketa. Batetik, Azpitartek azaldu legez: «Egun, edozeinek graba dezake disko bat, baina gero disko gehienek antzeko soinua dute. Diskoetxeen rola izugarri aldatu da: askok manager lana egiten dute. Kontzertuen programazioa mimetikoa da; diskoak saltzen ez direnez, kontzertu gaindosia dago... Horrek guztiak demokratizazioa ekarri du: talde asko daude, eta baita disko asko ere. Baina, nire ustez, kantitateak ez dakar kalitatea. Lehen, esaterako, galbahe lana egiten zuten diskoetxeek; egun, ez da galbaherik: etengabeko uholdea da». Irazokik abantailak ikusten dizkio etxean edo lagunartean grabatzeari, eta emanaldien gorakadarekin batera onurak etorri direla uste du. «Teknikoki, Euskal Herriko areto eta kultur etxeak beti ongi hornituak egon dira. Are gehiago, gaztetxeetan asko nabaritzen da ekipo teknikoak hobetu direla». Rodriguez, haatik, kezkatuta dago emanaldien gorakadak ekarri dituen ondorioekin: «Uste dut asko gutxitu dela zuzeneko publikoa. Alde horretatik, aspaldi hasi zen musika dohainik izateko joera, eta min handia egin duela deritzot. Jendeak zerbait baloratzearen kontra joan daiteke. Era horretan, uste dut lan izugarria geratzen zaigula gazteen artean. Gakoa da publikoak sortzea eta birsortzea». Villarrek arreta beste toki batean jartzen badu ere, haren iritziz bada urteekin atzera egin duenik ere: «Autogestioak, bestalde, nabarmen egin du gora, eta lehen existitzen ez ziren joerak azaldu dira: crowdfunding-a, esaterako. Hala ere, iruditzen zait lehen mugimendu handiagoa zegoela musika aldizkari espezializatuetan, fanzineetan eta abarretan».

Musikak ez dauka generorik

Hortaz, aditu eta arituen ustez, audientziak behera egin badu ere, hamaika dira zuzeneko emanaldiak bizitzeko aukerak. Horien kartelari dagokionez, aurten, estreinako aldiz, kritika gogorrak egin zaizkio Euskal Herriko rock jaialdirik garrantzitsuenetako bati, kartelean emakumeen eskasia nabarmena izateagatik. Rodriguezen ustez, emakumeak musikan duen presentziak bat egiten du gizartearen joerekin: «Agertokien gainean oraindik ere gehiago dira gizonezkoen taldeak, baina hori ere aldatuz doa, emakumeak gizartean duen lekua ere handituz doan heinean».

Aldaketa mantso doa, Miren Narbaizaren hitzetan: «Ez nuke esango gorakada nabarmenik egon denik. Eszenan minoritarioa den heinean, emakume hitza aurrizki moduan erabiltzen dugun bakoitzean desabantailan dagoen zerbait balitz bezala ikusiko dugu. Ez dira gauza bera 'musikaria da, baina emakumea!', edo 'musikaria da, eta emakumea!'. Harritzeari utzi behar diogu. Musikaria gizona denean ez da ikusten etiketa horren beharrik, gizonak gure iruditerian irabazia duelako musikari titulu hori».

Irazokik pentsatzen du rolak aldatzen ari direla oholtzaren gainean: «Atzera begiratuta, emakumeen presentzia kantariaren rolean nabarmena zen; ez zegoen horrenbeste instrumentista. Azkenaldian, urte gutitan, pila bat aldatu da hori: edozein instrumentu jotzen ikusten dira emakumeak». Hala ere, ez bakarrik oholtzan, baizik eta musikarekin zerikusia daukan edozein alorretan lana egiteko dagoela argi dauka Villarrek: «Normaltasunera iristeko, lan handia egin behar dugu. Adibidez, musikan espezializatutako emakume kazetariak bilatzen hasten bazara, zailtasunak izango dituzu. Edo emakumezko soinu teknikariak. Gauza bera gertatzen da musikaren inguruko beste alor askotan. Beraz, asko daukagu egiteko».

Bihar: Rapa, musika elektronikoa eta heavy metala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.